Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Zeberio

Unai Larrabide: «’Txipa aldatzeko’ lehen pausoa aldatzen ahalegintzea da»

Euskaldun zaharra bada ere, testuinguru batzuetan euskaraz hitz egiteko “segurtasun falta” duela dio Unai Larrabide Ipiñak (Zeberio, 1979). Hizkuntza ondo ezagutu arren, Ahobiziek erdarara jotzeko duten erraztasunari topea jartzen saiatzeko hartu du parte Euskaraldian

|

Unai Larrabide Ipiña // Geuria

Euskaldun zaharra bada ere, testuinguru batzuetan euskaraz hitz egiteko “segurtasun falta” duela dio Unai Larrabide Ipiñak (Zeberio, 1979). Hizkuntza ondo ezagutu arren, Ahobiziek erdarara jotzeko duten erraztasunari topea jartzen saiatzeko hartu du parte Euskaraldian. “Txipa aldatzeko” lehen pausoa “aldatzen ahalegintzea” dela onartu du Larrabidek, eta ekimena Zeberio bezalako herrietan euskarari bultzada emateko aitzakia ona iruditzen zaiola azaldu digu.

Zergatik hartu duzu parte Euskaraldian? Euskarak bultzada bat behar duela uste dudalako. Aurreko bi edizioetan ere horregatik hartu dut parte.

Zein izan da zure helburua dinamika honetan? Herrian bertan euskara sustatzen laguntzea. Ea Zeberion ere pixkanaka-pixkanaka euskara gehiago erabiltzen dugun!

Euskaraldiatik kanpo, non eta norekin erabiltzen duzu euskara? Gehienbat familian erabiltzen dut, etxean betidanik egin izan baitugu euskaraz: ni baserrian hazi eta hezi naiz eta bertan gure hizkuntza, euskara, gure altxorra izan da. Halere, hortik kanpo, beti erabili izan dut hizkuntza lagunekin eta euskaraz dakiten ingurukoekin ere.

Zein aldaketa espero zenuen zure hizkuntza erabileran Euskaraldian zehar? Printzipioz, jende berarekin hitz egin nahi nuen euskaraz. Dena den, euskara jakin eta erabili arren, nik ere askotan egiten dut aldaketa gaztelaniara, eta hori da, hain zuzen, aldatu nahi izan dudana; salto hori ekiditen ahalegindu eta hizkuntza gehiago erabili.

Eta lortu duzu helburua? Bai. Euskaraz uneoro egiten saiatu naiz, eta uste dut helburua bete dudala. Aurtengo edizioan jende askok hartu du parte, eta izena eman dugunok konpromesua betetzen saiatu garela esango nuke.

Herrian egin diren zein ekintzatan hartu duzu parte? Udalak urtero antolatzen du euskarari buruzko galdeketa bat herritarrentzat. Lehiaketa antzeko bat da, ea nork asmatzen dituen galdera gehiago Zeberioren eta euskararen inguruan. Horretaz aparte, abenduaren 3an, Euskararen Egunean, ekintzak egin zituzten herrian, eta bertan ere hartu nuen parte, arratsaldean umeentzako egon ziren ekintzetan.

Zergatik dira inportanteak, zure ustez, Euskaraldia bezalako ariketa sozialak? Uste dut garrantzitsuak direla euskararekin berriro aktibatu gaitezkeelako denok Euskaraldian: praktikatzeko eta hitz egiteko aitzakia ematen digun bultzada orokorra da. Askotan, administrazioan egin behar diren aldaketetan jartzen dugu fokua, euskara sustatzeko pauso gisa, baina nik garrantzi gehiago ematen diot etxean edo kalean norberak egiten duen euskararen erabilerari. Eta horri Euskaraldiarekin eman diezaiokegu bultzada. Instituzioei buruz ari garenean, beti jotzen dugu aitzakietara: “Ez dute hau egiten, ez dute bestea egiten…”. Baina etxeko jarrerari eta norberaren euskara erabilerari garrantzi gehiago eman behar diogu horrelako ekimenekin.

Zuk txikitatik egin izan duzu euskaraz etxean. Bai. Amak betidanik bultzatu izan gaitu horretara. Anaiok gure artean erdaraz hitz egiten entzuten bagaitu, beti esaten digu: “Baina euskaraz ez dakizue ala? Egin euskaraz zuen artean!”. Amak orain 78 urte ditu, eta, seguru asko, Frankismoko garai gogorra bizi izan zuelako eskatzen digu horrenbeste euskara erabiltzea. Gurasoen garaian ez bezala, guk ez daukagu aitzakiarik euskaraz ez egiteko; are gehiago, gure betebeharra da. Halere, esango nuke haiek gehiago baloratzen dutela hizkuntza, guk, ikasteko eta erabiltzeko erraztasun guztiak ditugun arren, gutxi erabiltzen baitugu. Agian, arazoa da benetan sinetsi behar dugula hizkuntzari bultzada emateko gai garela.

Gazteek gutxiago darabilte euskara? Haien maila ona da, baina erabilera, ez horrenbeste. Gaztetxoak direnean asko erabiltzen dute, baina gero, galtzen doaz, ohitura kontuagatik, nik uste. Helduoi ere gauza bera gertatzen zaigu, gaztelaniaz hitz egiten dugulako gure inguruneagatik: lantokian, lankideen eta ingurukoen hizkuntza ohiturengatik, gauden herriaren arabera… Inguruko jendeak eta lekuak eragin handia dauka.

Badago jendea euskaraz jakin arren, erdarara jotzen duena egunerokoan. “Txipa aldatzeaz” hitz egiten da askotan horri buelta emateko. Nola egingo zenuke zuk? Jende horri euskarak gure bizimoduan daukan garrantzia zein den azaltzen saiatuko nintzateke, esku artean daukagun altxorra dela esan. Eta aldaketak apurka-apurka egiten ahalegindu, ez guztia batera. Dinamika aldatzeko, hori izango litzateke nire planteamendua.

Badago, baita ere, bere euskara mailagatik hitz egiteko beldur den jendea. Bai, askotan gertatzen da, eta ez gaizki hitz egiten dutenen kasuan bakarrik, baita dakitenen kasuan ere. Ez gara seguru sentitzen testuinguru batzuetan euskaraz egiteko, eta erdarara jotzen dugu. Baina “txipa aldatzeko” lehen pausoa aldatzen ahalegintzea da.

Nola ikusten duzu euskararen egoera gaur egun? Uste dut egoera ez dela txarra, baina buruan sartu behar dugu euskaraz gehiago egin behar dugula. Euskaldun zaharrak izan arren, erabilera gehiago sustatu.

Eta nola ikusten duzu etorkizuna? Ondo. Positiboa naiz euskararekiko. Txikienekin hasten bagara etxean hizkuntzaren garrantziaz hezten eta ohituretan fokua jartzen, etorkizunean bide onetik joango garela uste dut. Zeberioko eskolan, adibidez, dena egiten dute euskaraz, ohituta daude, eta egia da herriko zentrotik irteten direnean, agian, gaztelera gehiago erabiltzen hasten direla, baina herrian badaukate euskara nahi beste erabiltzeko aukera.

Zein dinamika jarriko zenituzke martxan Zeberion egoerari buelta emateko? Herrian denok ezagutzen dugu elkar, eta gure artean euskara betidanik izan dugun hizkuntza da. Guztiok jakinda, erabiltzeko konpromisoa hartzea da egin beharrekoa. Jarrera hobea izan behar dugu euskararekiko.

☉ Zeberio

Itxaso Atutxak ez du EAJren Bizkaiko buruzagitzan jarraituko

Hamabi urteko ibilbidearen ondoren erreleboa emango du azaroan eta enpresa pribatura bueltatuko da, bere “ziklo politikoa” bukatzat emanda

|

Onda Vascan jakinarazi du Atutxak ez duela bere burua berriro Bizkai Buru Batzarreko presidentzarako aurkeztuko // EAJ

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gaur jakinarazi du ez duela bere burua berriro Bizkai Buru Batzarreko presidentzarako aurkeztuko. Hala, Jose Antonio Susok Araban hartutako bide bera hartu du. Ikusteke dago Gipuzkoako Joseba Egibarrek gauza bera egingo duen edo ez.

Zergatiaz galdetuta, Onda Vascari emandako elkarrizketan Atutxak bere “ziklo politiko eta ibilbide publikoa” bukatutzat eman du,  enpresa pribatura bueltatuko dela zehaztuz. Bere garaian 3Koma ekoiztetxeko arduraduna izan zen zeberioztarra hainbat urtez.

2013an heldu zen Atutxa BBBren buruzagitzara, Andoni Ortuzarren ordez. Ordutik hona, alderdi mailako erabaki garrantzitsuetan parte hartu du, eta bi errelebo gidatu ditu Bizkaiko Foru Aldundian: Unai Rementeria Ahaldun Nagusi moduan Jose Luis Bilbaoren ordez, eta iaz Elixabete Etxanoberena Rementeria beraren ordez.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Undurraga eta Etxebarri arteko Errege Bide zatia konpontzen hasi da Zeberioko Udala

Astelehenean bertan ekin diete konponketa lanei. Obra hauetarako 27.000 euro bideratuko ditu Zeberioko Udalak, BEZa kanpo

|

Errege Bidea // Zeberioko Udala

Iraila eta urriko hasierako euriteek kalteak eragin dituzte Zeberioko Undurraga eta Etxebarri auzoen arteko Errege Bidearen zatian eta Zeberioko Udalak astelehenean bertan ekin zion bidea konpontzeko lanei.

Ura garraiatzeko hodi berriak ipiniko ditu Udalak eta lursaila egonkortzeko materiala gehituko dutela iragarri du Ekain Goti herriko alkateak: “Gainera luizi batzuk egon ziren zonalde horretan eta bertako inguruak garbituko ditugu hurrengo egunetan”, azaldu dio GEURIAri eta lanek aste biko iraupena izango dutela aurreikusi du. Konponketa hauetarako 27.000 euro bideratuko ditu Zeberioko Udalak, BEZa kanpo.

Errege bidea // Zeberioko Udala

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Gabonetako oporrak baino lehen bukatu nahi ditu Zeberioko Udalak frontoiko lanak

Udalak 65.000 euro bideratuko ditu (BEZa kanpo) hezetasunak konpondu, margoketa lanak egin, bentilazio sistema berri bat ipini eta LED sistema bidezko argiteria ezartzeko

|

Zubialdeko frontoia // Geuria

Urriaren erdialdean hasiko dituzte Zeberioko Zubialde auzoko frontoiko lanak, ondo bidean. Urte hasieran Ekain Goti Zeberioko alkateak GEURIAri aurreratu zion herriko frontoi nagusian egin beharreko konponketak. Izan ere, Gotik azaldu lez, “hezetasunena ez da kontu berria” eta Udalaren asmoen baitan zegoen arazo horri aurre egitea.

Udako oporrak amaituta eta Gabonetarako hilabete eta erdi falta direlarik, tarte hori erabili nahi du Udalak egin beharreko obrak burutzeko. Ekainen aurreikuspenen arabera, gauzak behar bezala badoaz lanen iraupena hilabete bi baino txikiagokoa izan beharko litzateke, Gabonetarako prest egoteko.

Aurrekontua 65.000 eurokoa izango da, BEZa kanpo. “Frontoi barruan saneamendu lanak egingo dituzte, margoketa lanak eta bentilazio sistema berria ezarriko dugu bertan”, izan dira herriko alkatearen berbak. Gainera, LED sistemako argiteria ipiniko dutela gehitu du.

Entrenamenduak, Ermitabarrira

Obrek dirauten bitartean frontoia ezin izango dute erabili Mandoia Pelota Klubeko ikasleek eta behin behineko alternatiba moduan entrenamendu klaseak Ermitabarriko frontoian ematea izango da: “Asteburuko partidak egiteko frontoi txikiegia bada ere entrenamenduetarako balioko du”. Asteburuko partidak Arrigorriagan jokatuko dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Santa Kurtze ermitako lanak hilabete bukaeran amaituko dituzte

Obra guztia egin ahal izateko aurrekontua 35.431,41 eurokoa izan da guztira. Horietatik 23.325,91 euro eliztarren ekarpenetatik lortu dituzte

|

Santa kurtze parrokiako arkupea, konponduta // Geuria

Santa kurtze auzoko ermitaren lanen azken ukituak ematen ari dira egun hauetan Zeberion. 2023ko abenduaren 6an, 19:00ak aldera, gidari gazte batek autoaren kontrola galdu, errepidetik irten eta Santakurtze elizako arkupearen aurka jo zuen. Errepidea bustita zegoen eta kolpeak, ikusgarria izan arren, ez zuen zauritu larririk utzi.

Kalteak materialak izan ziren beraz, arkupea ezagutezina geratu baitzen. Istripua gertatu eta egun gutxira, kalteak konpontzeko prozedura martxan ipini zuen Zeberioko parrokiak, eta GEURIAri azaldu lez aseguruak 12.105,50 euro ordaindu dizkio elizari konponketak egiteko.

Elizako ordezkarien arabera kopuru hori “txikiegia” da arkupea konpontzeko: “Ez dugu kaltetutako zatia konpondu nahi izan soilik; helburua arkupe osoa konpontzea da eta aseguruak kalte jakin batzuk konponduko ditu emandako diruarekin”, azaldu dute. “Gure gurasoek eraiki zuten ermita hau bere fedea eta ahaleginari esker, orain gure esku dago konpondu eta mantentzea”, azaldu dute parrokiatik.

Horiek horrela eta istripua sortutako autoak “kalte izugarriak” izan zirela ikusita, parrokiak konponketa integrala egin du arkupean: “Falta zitzaigun dirua eliztarren ekarpenei esker lortzen ari gara”, gehitu dute parrokiako arduradunek. Obra guztia egin ahal izateko aurrekontua 35.431,41 eurokoa izan da guztira.

Zeberioko Parrokia: “Ez dugu kaltetutako zatia konpondu nahi izan soilik; helburua arkupe osoa konpontzea da”

Teknikarien lana, kudeaketa eta aholkularitza Bilboko Gotzaindegiko Kultura Gai eta Ondasunen Sailari egokitu zaio. Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas parrokiak, Zeberioko Santa Kurtze auzoaren laguntzarekin, eta eliztar eta boluntario anonimo gehiagok egin dute konponketa honen ahalegina.

Lanak bukatuko dituztenean inaugurazio ofiziala egingo dutela aurreratu diote GEURIAri.

Ondasun historikoa

Santa Kurtze ermita Gurutze Santuari eta honen aurkikuntzaren oroitzapenari dago eskainia. Gurutze Santua Constantino enperadorearen amak, Santa Elenak, aurkitu eban Jerusalemen, 326. urtean.

Tenplu honen jatorria ezezaguna da, baina 1678. urtean auzokide batzuek (Martin Petralanda, Rafael eta Tomas de Ibarrola eta Juan de Urabarrok) berreraiki zuten.

Egungo eraikina 1890ekoa da eta jatorriko eraikinaren antz handirik ez du. Casto de Zabalak proiektatu zuen eta azken berreraikitze honek 2.500 pezetako kostua izan zuen.

Ermitaren arkupean hilerri bat dago. Kareharri bloke bat da, trapezio-formaduna, apaindua eta XI.-XII. mendeen artean egindakoa.

Santa Kurtze eguna maiatzaren 3an da. Antxina, egun honek landaguneetan berebiziko garrantzia hartzen zuen, udaberriko bedeinkapenen egutegian egun nagusienetarikoa izaten baitzen.

Mezatan elorri zuri loredunez, zumez edo hurritzez egindako gurutzeak bedeinkatzen zituzten. Ostean, soroetan sartzen ebezan, ereindako ortuak bedeinkatzeko. Baserrietako leihoetan be ipinten zituzten, etxeak tximistetatik babesteko.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia ikastaroak iragarri ditu Zeberiok

Kirol-ikastaroetan izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute

|

Halterak, Ugaoko El Jaro kiroldegian // Geuria

Ikasturte berriaren hasierarekin, Zeberioko Udalak herrian eskainiko dituen kirol-ikastaroen eskaintza iragarri berri du. Hiru jarduera izango dira guztira: Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia eta hirurak, urtero lez, eskola zaharrean eskainiko dituzte.

Jarduerak, momentuz, astearte eta ostegunetan programatu dituzte. Urritik aurrerako datak zehazteke daude oraindik:

17:00 – 17:55 Mantentze gimnasia
18:00 – 18:55 Heziketa fisikoa
19:00 – 19:55 Muskulazioa
20:00 – 20:55 Mantentze gimnasia

Izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute (amaiera ordua 14:00ak izango dira). Parte-hartzeko telefono zenbakia 946 481 079 da.

Osorik irakurri