Sareak

☉ Zeberio

Untzuetako tontorrean ekitaldia egingo dute larunbatean, Nafarroako Erresumaren historia gogora ekartzeko

Untzueta Nafar Gaztelu eta Independentista Sare taldeek deituta egingo dute ospakizuna. Hamaiketako herrikoiaren ostean, aurreskua dantzatuko dute, albokariek eta txalapartariek lagunduta

|

Untzuetara igoera, Nafarroako Erresumaren historia omentzeko // Utzitakoa

Untzueta Nafar Gaztelu eta Independentista Sare taldeek deituta, Untzuetako gailurrean ekitaldia egingo dute asteburuan Euskal Herriaren historiari omenaldia egiteko. Aitzol Altuna ikerlariak La tenencia del valle de Orozko liburuan azaldu bezala, mendiaren inguruak (Hego Uribe barne) Nafarroako Erresumaren parte ziren 1199-1200 urteen artean gaztelarrek konkistatu zituztenera arte. “Guk jatorri historiko eta lurraldekotasun hori gogora ekarri nahi ditugu”, diote antolatzaileek.

Untzueta Pikura igo ondoren, 11:30ean hamaiketako herrikoia egingo dute larunbatean. Gero, 12:00etan, aurreskua dantzatuko dute eta orduan hasiko da omenaldirako ekitaldia. Urtero bezala, musikak girotuko du jaia aurten ere: txalapartariak eta albokariak egongo dira gailurrean eguerdiaren ostera arte.

Untzuetaren historia

Ospakizuna Untzuetako Erdi Aroko gazteluaren arrastoen inguruan egingo dute. XI. mendean, gotorleku txiki bat eraiki zuten jauntxoek mendiaren tontorrean, gunea erasoetatik babesteko leku estrategikoan. Txomin Egiluz ikerlari eta parte hartzaileak azaldu bezala, “zonaldea Nafarroaren menpe egotera igaro zenean, gotorleku hura handitu eta sendotu egin zuten”.

Gaztelua 50 metroko luzerako eta 20 metroko zabalerako hesiaz inguratuta zegoen, eta barruan, hormek metro eta erdiko zabalera zeukaten. Dorreak hiru solairu zeuzkan: beheko solairua biltegi bezala erabiltzen zuten, Zeberiotik asto eta idien bidez igotzen zituztelako hornidura guztiak. Gaur egun, baina, egituraren arrasto gutxi gelditzen dira, UHF errepikatzaile bat jarri baitzuten haren lekuan.

Gainera, garaiko arrastoetako batzuk lekualdatuta daude; hala ere, oraindik ikusgarri. “Untzuetako gotorlekuaren istorioak harremana du Arrigorriagako Malmasingo gaztelu estrategikoarekin, eurek ere Gaztelaren aurka borroka egin zutelako”, dio Egiluzek. Eta, hain zuzen, guda horietan gazteluaren aurka bota zituzten jaurtigaiak dira herrian gordetzen dituztenak: harrizko bolak.

Harribolak eta jentilak

Herritarren arabera, jentilak ziren “harribola” horiek jaurtitzen zituztenak. Juan Manuel Etxebarria filologo eta etnolinguista zeberioztarrak azaldu duen bezala, Untzueta Pikuko Gorbeiako partean dagoen hutsunea, besteak beste, horrela sortu zen: “Kondairak dio jentil batek harribola bat botatzean huts egin eta mendiari zati bat kendu ziola”.

Bola horietako 17 oraindik Zeberion daude. “1983ko uholdeen ostean horietako batzuk agerian geratu ziren eta familia batek batu eta Arkulanda auzora eraman zituen”. Horma baten gainean apaingarri moduan daude, eta errepidetik bertatik ikusi daitezke.

Harriboletako bat // Geuria

☉ Zeberio

‘Gure Denboran’ dokumentaleko protagonistak omendu dituzte Zeberion, Emakumeen Nazioarteko Egunean

Zeberioko Udaletik azaldu dute gaur proiektatutako dokumentala interneten ipintzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela erabaki non eta noiz

|

'Gure Denboran' dokumentaleko protagonistak, filma proiektatu ostean // Zeberioko Udala

Urtero lez, Zeberioko Udalak elkarretaratzea egin du Emakumeen Nazioarteko Egunean, eguerdi aldera, herriko plazan.

Jarraian, Zeberioko emakumeei ahotsa ipini dien 35 minutuko ‘Gure denboran’ izeneko dokumentala proiektatu dute plazako ermitan eta harrera ona izan duela azaldu diote GEURIAri udal ordezkariek.

Zintaren proiekzioaren ostean, Edurne Aretxaga Zalbidea, Felisin Eguzkiza Eguzkiza, Mari Beldarrain Etxebarria, Fina Salzedo Ellakuria, Mª Karmen Olabarri Etxebarria eta Ana Maria Artiñano Ellakuria zeberioztarrak omendu dituzte eta lore sorta bat eman diote bakoitzari.

Zeberioko Udaletik azaldu dute gaur proiektatutako dokumentala interneten ipintzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela erabaki non eta noiz.

Elkarretaratzea, herriko plazan // Zeberioko Udala

Hauek, baina, ez dira Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan egingo diren jarduera bakarrak. Datozen egunetan bestelako ekintzak prestatu dituzte.

Egitaraua | Zeberioko Martxo Feminista

Martxoak 13, barikua
18:00 Maskulinitate toxikoari buruzko saioak, eskola zaharra

Martxoak 23-26
18:00 ‘Zeberioko emakumeak historian’ + erakusketa, plazako ermita zaharra

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Gaur antolatu dute Berdintasunezko istorio harrigarriak sortzeko tailerra Zeberion

Story stones teknika erabiliz, berdintasunaren aldeko mezuak sortuko dira. Umeek ausaz elementuak hautatuko dituzte

|

Story Stoneak // thewildcherryfarm.com

Zeberioko eskola zaharrak Berdintasunezko istorio harrigarriak sortzeko tailerra hartuko du gaur arrastian, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian.

Story stones teknika erabiliz, berdintasunaren aldeko mezuak sortuko dira. Umeek ausaz elementuak hautatuko dituzte, eta norberak istorio bakar eta pertsonala sortuko du, sormena eta irudimena erabiliz.

Amaieran, beren sorkuntzak aurkeztuko dituzte. Bertan, elementu beretik abiatuta istorio desberdinak eta bakarrak sortu daitezkela erakutsiko dute parte-hartzaileek.

Saioa 8 urtetik gorako umeentzat zuzenduta dago eta 18:00etan eskainiko dute. Izena eman nahi dutenek 15:00ak arte daukate.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko etxebizitza bateko tximinia batek su hartu du eta jabeek beraiek amatatu dute

“Suteak ke asko sortu du eta suhiltzaileek etxebizitza aireztatu eta berrikusketa lanak egin dituzte bertan”, azaldu dute Segurtasun Sailetik

|

Suhiltzaileak, lanean // Geuria

Zubialde auzoko tximinia batek su hartu du gaur arrastian. Auzotarrek larrialdi zerbitzuetara abisua eman eta Bizkaiko Suhiltzaileen auto-eskala bat eta ur ponpa pisutsu bat gerturatu dira Zeberioko auzora, 19:00ak aldera.

Segurtasun sailetik azaldu dute sutea lehen mailakoa izan dela eta etxebizitzako jabeek beraiek amatatu ahal izan dutela larrialdi-zerbitzuak iritsi direnerako: “Suteak ke asko sortu du eta suhiltzaileek etxebizitza aireztatu eta berrikusketa lanak egin dituzte bertan”, azaldu diote GEURIAri.

Ezbeharraren kausa argitu barik dago momentuz.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Arrastia igarotzeko irteera prestatu dute gazte zeberioztarrentzat Basauriko KNS Aventura Parkera

Autobusa 17:00etan irtengo da herriko plazatik, hilaren 14an. Izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da

|

Martxoaren 14an egun arrastia igarotzeko irteera prestatu die Zeberioko Udalak herriko 12 eta 17 urte bitarteko gazteei, Basauriko KNS Aventura Parkera.

Autobusa 17:00etan irtengo da herriko plazatik eta izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da. Interesdunek 946 481 079 telefono zenbakira deitu beharko dute horretarako.

KNS Aventura Park abentura anitzeko parkea Bilbo inguruko 7 urtetik gorako helduentzako eta haurrentzako 1.500 metro karratuko azaleradun jarduera-parkea da.

Lau aire zabaleko zirkuitu ditu, metro bateko garaieratik hasita eta bederatzi metro artekora, 80 metroko luzerako tirolinekin eta pasabide eta ibilbide anitzekin.

‘Humor Amarillo’ eta ‘Grand Prix’ telebista programetako eszenatokietako elementuak ere badaude bertan: giza futbolina, gladiadoreen borroka, infernuko horma, giza boloak, sator-matea eta tragabolak.

Gainera, bestelako jokoak eta jarduerak eskaintzen ditugu: rokodromoa, boulderra, aizkora eta izarrekin tiro egitea… eta beste jarduera batzuk.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Asiar liztorraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Zeberion, asteburuan

Iazko balantzea, herriko egoera eta 2026ko helburuak iragarriko dituzte. Gainera, tranpen berritzea eta erakargarrien banaketa egingo dute

|

Bizkaiko Suhiltzaileak, asiar liztorrez inguratuta, habi bat kentzen Zeberioko Entelladorena auzoan // Geuria

Zeberioko plazako ermitak Asiar liztorraren inguruko berbaldi bat hartuko du martxoaren 7an, 11:00etan.

Iazko balantzea, herriko egoera eta 2026ko helburuak iragarriko dituzte bertan. Gainera, tranpen berritzea eta erakargarrien banaketa egingo dute.

Hitzaldia Gorbeialdek eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteak antolatu du, Zeberioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Asiar liztorren inguruko elkarrizketa egin genion GEURIAn Aitziber Mendibil Barañano zeberioztarrari, liztorren bizimodua gertutik ulertzeko. Hementxe irakur dezakezu osorik.

Osorik irakurri