☉ Zeberio
Zinegoak LGTBIQ+ zinema festibaleko zazpi film labur eskainiko dituzte etzi Zeberion
Emanaldia ekainaren 28an (LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna) izango da udaletxeko bigarren solairuan. Sarrera doakoa izango da
Ekainaren 26tik uztailaren 3ra bitartean antolatuko dute Bilboko Zinegoak festibalaren XX. edizioa. Baina LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren barruan, Bizkaiko hainbat udalerrik ere bat egin dute ekimenarekin, ekitaldian eskainiko diren film laburretako batzuk herrian bertan ikusi ahal izateko. Maiatzeko alean iragarri bezala, horietako bat izango da Zeberio.
Guztira zazpi ikus-entzunezko proiektatuko ditiuzte ekainaren 28an (asteazkena) Zeberion, 19:30ean, udaletxeko bigarren solairuan. Sarrera dokoa izango da, eta ez da aldez aurretik eskatu beharko.
Ikusi ahal izango diren hiru film Euskal Herrikoak eta euskarazkoak izango dira; bi espainiarrak eta gazteleraz; bat venezuelarra, ingelesez; eta azkena, film mutu iraniar bat. Irrits (Maider Oleaga zuzendaria), Ezhoikoak (Alejandra Bueno), Arnasa (Raúl Barreras), Son (Marta Nieto), Perpetua Felicidad (Isa Luengo eta Sofía Esteve), Girls & The Party (Paloma Lopez); eta It’s a grey, grey world (Seyed Mohsen Pourmohseni Shakib) dira, hurrenez hurren, hautatutako lanak. Guztiak dira 5 eta 15 minutu bitarteko film laburrak. Hemen, bakoitzaren fitxa teknikoa:
IRRITS
Zuzendaria: Maider Oleaga
Herrialdea: Euskal Herria
Urtea: 2022
Iraupena: 15 min
Generoa: Fikzioa
Jatorrizko bertsioa: euskaraz; azpitituluak, gaztelaniaz
Sinopsia: Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun bero batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen lekura
EZOHIKOAK
Zuzendaria: Alejandra Bueno
Herrialdea: Euskal Herria
Urtea: 2022
Iraupena: 10 min
Generoa: Animazioa-dokumentala
Jatorrizko bertsioa: euskaraz; azpitituluak, gaztelaniaz
Sinopsia: Euskal Herrian, hazkuntza prozesuan, Euskal matriarkatuaren existentzian sinetsiz eta familia eredu oso normatiboak asimilatuz hazi ohi gara. Protagonistak ez du bere burua eredu horien barruan islatzen, eta argazkien bidez berrikuspen historiko bat egiten du gizarte hori nolakoa den ulertzeko. Historia normatibo bakarra kontatzeko balio izan duten argazki berberek bizia hartzen dute historiarik gabeko emakume historikoen, matriarkaturik gabeko emakumeen eta beste emakume batzuen historia kontatzeko
SON
Zuzendaria: Marta Nieto
Herrialdea: Espainia
Urtea: 2022
Iraupena: 15 min
Generoa: Fikzioa
Jatorrizko bertsioa: gaztelaniaz; azpitituluak, euskaraz
Sinopsia: Anak ez daki nola tratatu bere sei urteko seme Son, eta mendi ibilalditxo bat egitea erabakitzen du elkar, nolabait, aurkitzeko asmoz. Bidetik, labirinto batean galtzen dira, non beren harremanaren nahasmena, inkontzientzia eta tentsioa berpiztuko diren, iraganeko zauriak irekiz, haiek sendatu eta aurkitzen hasteko
GIRLS & THE PARTY
Zuzendaria: Paloma Lopez
Herrialdea: Venezuela
Urtea: 2022
Iraupena: 5 min
Generoa: Fikzioa
Jatorrizko bertsioa: ingelesez; azpitituluak, gaztelaniaz eta euskaraz
Sinopsioa: Lagun talde bat bainugela estu batean prestatzen ari da udako festarako. Elkarrizketa eta makillajearen artean, Mercedesek bere lagun Juliarenganako gero eta biziagoa den erakarpena aske uzten du
ARNASA
Zuzendaria: Raúl Barreras
Herrialdea: Euskadi
Urtea: 2022
Iraupena: 15 min
Generoa: Fikzioa
Jatorrizko bertsioa: euskaraz; azpitituluak, gaztelaniaz
Sinopsia: Muino batean eserita, Inaxiok emaztearen heriotzak sortzen dion atsekabea adierazten du bertso baten bidez. Ekaitz, biloba, baserrira itzultzen da aitonaren kantuak deituta, aitona bera eta honen animaliak zaintzera. Biek, inguruaren ikuspegi ezberdinekin, berriro bat egingo dute, eta etorkizuneko zailtasunei aurre egingo diete elkarrekin
PERPETUA FELICIDAD
Zuzendariak: Isa Luengo, Sofía Esteve
Herrialdea: Espainia
Urtea: 2022
Iraupena: 22 min
Generoa: Fikzioa
Jatorrizko bertsioa: gaztelaniaz; azpitituluak, euskeraz
Sinopsia: Almak hamabost urte ditu, herriko abesbatzan abesten du eta bere sexualitatearekin konektatzen hasia da. Bere aita Kikek, abesbatzako zuzendariak, ahotsa galdu du laringektomia baten ondorioz. Udako jaietarako elkarrekin prestatzen duten kontzertua hurbildu ahala, aita-alaben arteko tentsioak gero eta handiagoak dira
IT’S A GREY, GREY WORLD
Zuzendaria: Seyed Mohsen Pourmohseni Shakib
Herrialdea: Iran
Urtea: 2022
Iraupena: 5 min
Generoa: Animazioa, fikzioa
Sinopsia: Dialogo barik Mundu guztiz gris batean, gazte kontserbadore baten nortasun koloretsua, ustekabean, haur baten jolasek agerian jartzen dute. Jendeak, izututa, Poliziari deitzen dio gaztea atxilotzeko. Baina gazteak ihes egitea lortzen du, eta biharamunean itzultzen da askatasunerako eskubidea defendatzeko
☉ Zeberio
Miren Amurizak eta Jon Maiak bertso afaria eskainiko dute Zeberioko Ermitabarrin
Izena emateko azken eguna abenduaren 10a izango da eta txartelak 20 eta 25 euroan daude, Zeberion bertan salgai
Lanku Bertso Zerbitzuak, Zeberioko Udalaren babesarekin Bertso afaria antolatu dute datorren abenduaren 13an, Miren Amuriza eta Jon Maiarekin, Ermitabarriko Taberna Zaharran.
Hiru lekutan eman daiteke izena bertso afarian parte hartzeko: Zubialdeko Herriko tabernan, dendan eta Ermitabarriko Taberna Zaharran bertan. Izena emateko azken eguna abenduaren 10a izango da.
Prezioa 25 eurokoa izango da. Langabetuek eta ikasleek ostera, 20 euro ordaindu beharko dituzte.
☉ Zeberio
Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean ibiliko dira Zeberioko mendizaleak abenduko irteeran
Egun osoko irteeran izena emateko azken eguna abenduaren 12a izango da, bai mendi taldearen lokalean zein telematikoki
Datorren abenduaren 15ean Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldetik egingo dute ibilbidea Zeberioko Austarri Mendi Taldeko kideek. Egun osoko irteera honetan Deba, Mutriku eta Ondarroatik igaroko dira 10,5 kilometroko eta 425 metroko desnibeleko ibilbide batean.
Irteera hilaren 15ean izango da 08:00etan Zubialdeko plazan, eta izena emateko azken eguna abenduaren 12a izango da, mendi taldearen lokalean (ostiraletan 20:00ak eta 21:00ak artean) edo austarrimenditaldea@gmail.com helbide ellektronikora e-posta bidaliz zein 665 735 054 edo 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.
Deba Gipuzkoako kostaldearen mendebaldean dago, Deba ibaiaren bokalean. Alboan duen eta Bizkaiako lurralde historikoarekin muga egiten duen Mutriku herritik oso gertu eta Zumaiatik ere kilometro gutxira. Hiru herriok Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen dute. Itsasoaren ertzean dagoen hiriguneaz gain, liluraz beteriko hainbat nekazal auzo ditu, horren adibide dira Itziar, Lastur eta Elorriaga. Eta hori guztia, paisaiek itsasoaren urdinaren eta mendien etengabeko berdearen arteko fusio bikaina osatzen duten inguru natural ezin ederragoan.
Debak hondartza eder bi ditu, ia herrigunean bertan. Biek, Santiagokoak eta Laparikoak, ISO 14.001 ziurtagiria dute. Haien gainetik, behatoki luze gisa, Cárdenas eta Pablo Sorozabal itsas pasealekuek kostaldea zeharkatzen dute Bizkaiko Golkoko kostaldearen eta itsasoaren panoramika ikusgarriak eskainiz. Bertan sortzen diren olatuen kalitatea ezinhobea da, eta maila guztietako surflarientzako modukoak dira.
Mendeetan zehar Debako hiribilduaren ardatz ekonomikoa izan zen itsasadarra aisialdiko elementu ludiko bilakatu da. Ertz batean kirol portu txiki liluragarria dago. Itsasadarraren kaietan, egunero lehorretik eta ontzietatik arrantza egiten duten arrantzaleek beraien harrapaketei buruz hitz egiten dute. Beste aldeko ertzean, Casa Campo izeneko gune babestua dago: urtero ubarroiak, lertxunak eta zenbait hegazti limikola jasotzen dituen padura ederra. Baina Deba zerbaitetaz harro baldin badago, pasealekuei, lorategiei eta parkeei eskainitako lekuaz da: herriaren azalera osoaren ia herena. Horren adibide bikaina Calbeton zumardia da, 2 hektarea hartzen dituen zuhaitzez eta lorategiz beteriko leku ederra, haurren eta nagusien jolasleku.
Mutriku xarma historiko handiko arrantza-herria da. Marinel-herri hau balearen ehizan bizi izan zen mendeetan zehar. Mutriku bere hondartza ederrengatik da ezaguna (adibidez, Saturraran hondartza eta Mutrikuko hondartza bera), bai eta inguruko itsaslabar ikusgarriengatik ere; horregatik, benetako altxorra da naturazaleentzat.
XIII. mendearen hasieran (1209an) sortutako alde zaharra bisitatu behar da Mutrikun, jauregiekin, dorreekin eta etxe armarridunekin apaindutako kale harriztatu estuak baititu bereizgarri. Udalerriaren berezitasunetako bat zera da, Antonio Gaztañeta, Cosme Damian Txurruka (Trafalgarko batailako heroia) eta beste hainbat itsasgizon ospetsuren sorlekua dela.
Ondarru, Bizkaiko kostaldeko altxorra
Ondarruko lekurik xarmangarriena Alde Zaharra dela diote Udaletik, “leku berezia”. Hiru kale nagusi ditu: Goiko kale, Ipar kale eta Kale Handi, Erdi Arokoak direla argi ikusten da, kale estuak eta aldapatsuak baitira. Portu Zaharra ere ikustekoa da, antzina itsas ontziak lotzen zituzten lekua.
Ondarroak ibilbide interesgarriak eskaintzen ditu. Bertan garai desberdinetako zubi bitxiak, kale eta kantoi estu eta aldapatsuak, bata besteari lekua kentzen dauden eraikin gainjarriak, eliza, ibaia, portuak, itsasoa, hondartzak, mendi eta basoak, baserriak, baselizak edo dorretxeak ikus daitezke, besteak beste.
Austarritik azaldu dute Ondarru bisitatzeko aukera egongo dela eta bertako Udalak herrian egin daitezkeen ibilbideen proposamena egin du webgunean bertan.
☉ Zeberio
Txubelasuk mural-margoketa, umeen ikuskizuna eta txokolatada antolatu ditu Zeberion, Euskararen egunean
Igandean, 13:00etan Tio Teronen Semeak dantza-ikuskizuna antolatu dute Zubialdeko aterpean
Abenduaren 1ean, 11:00etatik aurrera, mural margoketa, tattoo gunea, txapa tailerra, umeen ikuskizuna eta txokolatada antolatu dute Zeberion Txubelasu Guraso Elkartekoek, Udalaren babesagaz, Euskararen eguna ospatzeko.
12:00etan, gainera, Mintzodromoa egingo dute eta jarraian, 13:00etan Tio Teronen Semeak dantza-ikuskizuna antolatu dute Zubialdeko aterpean. Hainbat jatorritako dantzariak bildu dira taldea sortzeko. Bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Estilo desberdinak nahastuko dituzte Gipuzkoatik etorritako artista hauek ondo pasatzeko helburu bakarrarekin.
☉ Zeberio
Bertan behera utzi dute gaur arrastian Zeberion eskaini behar zuten ‘La maja y la mona’ antzezlana
Atzoko jarduera ere bertan geratu zen jende faltagatik. Azkenean haurrentzako kontakizun interaktiboa eta Familientzako genero rolak tailer interaktiboa egin dituzte
Azaro feministako azken jarduera zen ‘La maja y la mona’ izeneko antzezlana, Zeberioko Hogarrean eskaini behar zutena. Teknikaririk ez egoteagatik bertan behera utzi behar dute. Atzoko ‘Genero indarkeriaren mitoak’ izeneko tailerra ere bertan behera utzi behar izan zuten ere, jende faltagatik.
Beraz, azaroaren 21etik 26ra ospatu dute Azaro Feminista Zeberion. Bertan haurrentzako kontakizun interaktiboa eta Familientzako genero rolak tailer interaktiboa egin dituzte, Azaroaren 25eko elkarretaratzeaz gainera.
Abendu Kulturala, martxan
Hala ere, Zeberioko Udaletik gogoratu dute domeka honetan Abendu Kulturaleko Tito Teronen Semeak antzezlana eskainiko dutela aterpean, aurreikusita zegoen moduan.
☉ Zeberio
Zeberioko apartamentu turistikoek bisita gutxiago baina iraupen luzeagokoak erregistratu dituzte
Udan Madril, Katalunia eta Andaluziatik datoz turistak. Udazkenean, berriz, Frantzia eta Herbehereetatik gehien bat, turismo aktiboa helburu
Urteko bigarren erdialdeko datuak faltan, 2024ko urtarriletik ekainera 77 turista igaro dira Ermitabarriko apartamentuetatik. Zeberioko Udalaren arabera, 2023an 320 erabiltzaile egon ziren eta aurreko urtean, 2022an 473. Hau da, azken urteko datuei erreparatuz iaz aurreko urtean baino 153 erabiltzaile gutxiago igaro ziren bertatik.
“Bistan da aurtengo datuei begira egin daitekeen aurreikuspenari erreparatzen badiogu 2024an pertsona gutxiago igaro direla Ermitabarriko apartamentuetatik”, azaldu du Mihaela Vatamanu Taberna Zaharrako gaur egungo kudeatzaileak, “baina erreserbatzen diren gau kopuruak nabarmen egin du gora”, gehitu du. “Datuak beraz, bestekoaren antzekoak dira”.
Mihaelak 10 urte daramatza apartamentuak kudeatzen eta urtero patroi bera errepikatzen dela ziurtatu du: “Udan hegoaldeko eta ekialdeko turistak datoz, Madril, Andaluzia eta Kataluniatik bereziki. Iraila aldera, ostera, Frantzia eta Herbeheretako bidaiariak etorri ohi dira, turismo aktiboaren bila Zeberioko inguruetara”.