→Zeberio

Zeberioko Zubialde eskolako seigarren mailako ikasleak Finlandiara bidean dira

Urtarrilaren 21etik Nivala (Finlandia) herriko ikasleekin izango dira Zeberioko lau ikasle eta bi irakasle, astebetez. Gainontzeko ikasleek maiatzean egingo dute elkartrukea Txekiako eskola batekin.

Azaroan Zeberion izan ziren Europako 19 ikasle / Zubialde Eskola

Urtarrilaren 21etik Nivala (Finlandia) herriko ikasleekin izango dira Zeberioko lau ikasle eta bi irakasle, astebetez. Gainontzeko ikasleek maiatzean egingo dute elkartrukea Txekiako eskola batekin.
Herrialde ezberdinetako kultura ezagutu, metodologia eta hezkuntza sistema desberdinak ikasi eta elkarren arteko bizikidetza sustatzeko helburuarekin, Txekia, Finlandia, Polonia eta Letoniako eskolek, Zeberioko eskolarekin batera, proiektu komuna garatzen dute urtero: Erasmus+ programa. Proiektu honi esker, Zubialde eskolako seigarren mailako bederatzi ikasleek Europan barrena bidaiatuko dute aurten.

Hain zuzen ere, urtarrilaren 21ean Finlandiara bidean izango dira Zubialde eskolako seigarren mailako lau ikasle, Nivala herriko eskolako ikasleekin batera aste beteko hezkuntza programa garatzeko. Aurtengoan, parte hartzen duten herrialdeetako hizkuntzak lantzea dute helburu, eskulanen bitartez: “Herrialde bakoitzak bere hizkuntza irakasteko behar dituen hizkuntza egiturak eta hiztegia prestatzen ditu, eta sormenaren bidez lantzen ditugu ondoren. Sukaldaritza, zeramika edota material birziklatuarekin egindako eskulanak erabili ditugu ikasbide bezala. Hizkuntzen aniztasunari gorazarre egiteko eta gure hizkuntza ezagutarazteko aukera paregabea dugu”, dio Nuria Korta zuzendariak. Ikasleekin batera Zubialde eskolako bi irakasle joango dira Finlandiara: tutorea eta ingeleseko irakaslea. “Eguneroko hezkuntzari balio erantsia gehitzeko bide bikaina da programa hau: kanpora irten, mundua ezagutu eta besteek egiten dutenetik ikasi”, azaldu du zuzendariak. Batzuk Finlandiara, eta beste batzuk Txekiara. Maiatzean Zubialdeko bost ikaslek astebeteko egonaldia egingo dute Txekian.

Europarrak Zeberion
Txekia, Finlandia, Polonia eta Letoniako hemeretzi ikasle eta herrialde bakoitzeko bina irakasle izan ziren Zeberion azaroaren 5etik 11ra. “Ikasleak eskolako familien etxeetan izan ziren, 5. eta 6. mailako gure ikasleekin batera. Komunitate osoa elkarrekin aritzeko aukera ederra izan zen, gurasoek seme-alaben heziketa eta ikasketa prozesua gertutik bizitzeko. Izan ere, proiektu hau aurrera ateratzeko ezinbestekoa da gurasoen parte hartzea”, azaldu du Nuria Kortak.
Halaber, Zubialde eskola osoaren inplikazioa azpimarratu du zuzendariak: “txikienek ongi etorria egiteko kartulinak diseinatu zituzten, 2. ziklokoek zenbait jolas antolatu zituzten europarrekin batera egiteko… Zeharka bada ere, aste berezia izan zen guztiontzat”. Eskolaz kanpo ere, Zeberioko Errementari museoa eta Ermitabarriko parrokiara ibilaldia, Guggenheimera irteera eta Bermeo, Gaztelugatxe eta Donostia bisitatu zituzten elkarrekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak