Iritziak
Iritzia / 5 urte Basauri feminismotik kiskaltzen!
Kiskali hitza behin baino gehiagotan entzungo zenuten Basauriko kaleetatik, izen horren atzean zer ote dagoen zuen buruei galdezka. Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista da, feminismoa motore eta gaztetasuna erregai lelotzat duena. Aurten bost urte betetzen dira neska* gazteok antolatu ginenetik baina, nola heldu gara honaino?
2018an izan zen lehenengo greba feministara jo behar dugu gure sorreraren berri izateko. Greba horretan milaka emakume atera ginen Basauriko kaleetara bizitzak erdigunean jartzearen urgentzia aldarrikatzera. Egun horretan ere guk planto egin genuen, sistema aldatzeko gurarekin.
2018ko grebaren hurrengo egunean izan zen Kiskaliren lehenengo bilera. Gazteak eta ikasleak ginen eta gara, baina feminismoaren garrantziaz badakigu, bai eta indarra kolektiboan dagoela eta antolatzea beharrezkoa dela ere. Beraz, gaztetasuna eta feminismoa ardatz harturik dena iraultzeari ekin genion. Basauri eraldatzeari.
Ez gara inoiz ezerezetik abiatu, Basauriko Mugimendu Feministak borroken genealogia luzea du. Horri esker, aurretik izan diren eta egun dauden emakume guztiak ditugu etengabeko bidelagun ikasteko, eztabaidatzeko, borrokatzeko. Haien uzta jaso eta berriro landatu dugu, etorkizuneko mugimendu feministak aurrera egiteko.
Kiskaliren sorreratik, hainbat esparrutan ibili gara, gure herriko emakumeen eskubideak defendatuz. Urteak pasatu ahala, gero eta proiektu gehiagotan parte hartu dugu, ilusio handiz nahiz bidea erraza ez izan, bada, Kontuan hartu behar da ere, Kiskali ez dugula soilik, bileretan biltzen garenak osatzen, baizik eta egunerokoan iraultza feminista gauzatzen duen neska* gazte orok osatzen du.
2023an egonda, gauza asko aldatuz joan dira, beste batzuk, ordea, aldatzeke ditugu oraindik. Gizartea bizimodu azkar batean murgilduta egonda, askotan ez gara konturatzen geure pentsatzeko modua eta sistemaren egiturak motelago aldatzen direla. Baina horretarako gaude gu, heteronormalitatea kolokan jartzeko, estereotipo danak hausteko, inposaturiko rolak zalantzan jartzeko, sistema eraldatzeko… eman su eta kiskali!
Azken mezu bat, apirilak 22 eguna zuen agendetan apunta ezazue. Basauriko neska* gazteok badugu zer ospatu eta egitarau polit bat antolatzen gabiltza egun horretarako.
Zutabeak
Iritzia / Egunero (ez) da Martxoak 8
Demagun emakumea zarela eta haurdun zaudela.
Demagun erakunde publiko batek antolatutako lan eskaintza publiko baten izena eman duzula eta azterteketaren egunean bertan erditzea eragingo dizutela, Osakidetzak aurreikusitako erditze-data igaro delako eta ezin delako gehiago atzeratu.
Demagun lan eskaintza hori zuzentzeko izendatutako epaimahaiko kideei zure egoeraren berri ematen diezula, alegia, azterketaren egunean bertan erditzea probokatuko dizutela eta, Berdintasun legeak zein lan eskaintzaren oinarriek aurreikusten duten bezala, zure parte hartzea prozesuan beste interesdunekiko baldintza berdintsuetan egiteko hartu beharreko neurriak har ditzan eskatzen diezun.
Demagun epaimahaikide horiek ebazten dutela baietz, zure egoera dela eta moldatuko dutela azterketaren ezaugarritzea eta aukera ematen dizutela ospitalean bertan azterketa egiteko, hau da, azterketa egin beharko duzula ohiko deialdiaren egun berean, erditzerako prestatzen ari zaren bitartean, erditzen zaren bitartean edo erditu berritan.
Ez dirudi egoera horretan azterketa bat egitea aurretik aipatutako berdintasun printzipio horrekin bat datorren, ezta? Ez dirudi ezta ere Berdintasun legearen 1/2023 Legegintzako Dekretuak bere 21. artikuluko d) atalean adierazten duen aipuarekin bat datorrenik: “Neurri batzuk, hautaketa-prozesuak… garatzerakoan amatasunari behar bezalako babesa emateko bai jaio aurreko aldietan bai jaiotza ondoko aldietan… sexuan oinarritutako diskriminazio-egoerarik ez gertatzeko. … deialdi bakarreko sistemaren araberako ariketak edo probak edo hautagaiak bertaratzea eskatzen duten bestelako jarduerak … haurduntza-, erditze- edo edoskitze-egoerek, … ekitaldiaren denbora- edo leku-inguruabarrak aldatzea eragin dezakete … Aldaketa-eskabideak kontuan hartzerakoan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako antolamendu-neurriak hartuko dira hautagai guztien lehia-berdintasunaren printzipioa bermatzeko”.
Are gehiago, dirudiena zera da: sexu izaeragatiko diskriminazio zuzeneko kasu baten aurrean gaudela, haurdun egoteagatik diskriminatuta hain zuzen ere.
Ba horixe bera gertatu zaio Z.G.G.-ri, Basauriko Udalak Etxe Maitia nagusien egoitzarako antolatutako lan eskaintza publikoan izena emandako basauriarrari. Ondorioa? Azterketarik egin ez eta prozesutik kanporatua. Nori okurritu ahal zaio erditzen zaren egunean azterketa bat egiteko moduan egongo zarenik?
Basauriko Udala urtero-urtero lerrokatzen da emakumeen eskubideekin Martxoak 8aren bueltan, urte osoan zehar berdintasunaren aldeko eta sexu-arrazoiengatiko diskriminazio ororen aurka borrokatzeko prest agertzen da baina, tamalez, badirudi konpromiso horiek guztiak praktikan jartzeko momentua heltzen denean haizeak eramaten dituela…
Zenbat dagoen egiteke oraindik.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Arkaitoren komikia: “Aurrera begire”
Azal-ilustratua
Geuriak 10 urte / Karmele Gorroñoren ilustrazioa
Zutabeak
Iritzia / Borrokak batzen gaitu / Ernai
Errelato partzial, oportunista eta interes jakin batzuen aldekoaren aurrean, herri memoria eraiki eta defendatzearen hautua egiten dugu
Orain 48 urte, 1976ko martxoaren 3an, hain zuzen, gasteiztar langileak herriarentzako bizi baldintza hobeak lortzeko borrokan ari zirela, Guardia Zibilak Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda erail zituen. Gasteizko langileen borrokari elkartasuna adierazteko eta martxoaren 3ko gertakarietan izandako 5 hilketak gaitzesteko, Euskal Herriko langileek kaleak hartu zituzten hainbat egunez. Mobilizazio horietan zehar, Bingen Anton Ferrero, 18 urteko gaztea, akatu zuen Guardia Zibilak Basaurin eta Juan Gabriel Rodrigo Tarragonan.
Gertakizun horien osteko hurrengo egun seinalatuetan, Basaurin eta beste herri askotan mobilizazio jendetsuak egin ziren. Hego Uriben martxoaren 8a izan zen tentsio handieneko eguna; goiz – goizetik, eskualde osoak lanaldia gelditu zuen, langileak lantegietatik atera ziren unetik hasi ziren Guardia Zibilaren mehatxu eta kargak. Poliziak, asanblada lekua blokeatzearekin batera, mobilizazioak zein kargak herri osoan zehar zabaldu ziren eta zauritu ugari egon ziren. Horri jarraituz, 11:30ak aldera, Bingen Anton Ferrero, beste hainbat gazte eta langilerekin asanbladara bidean zihoala 7 metrotik botatako Guardia Zibilaren bala batek buruan jo zuen. Ordu gutxira hil zen Basurtoko ospitalean. Herriaren erantzuna garbia izan zen, kaleak eta hiria kolapsatuta mantendu baitzituen langile mugimenduak. Langileek argi zuten: “los trabajadores no cesarán en su lucha por la libertad aunque dejen su sangre en el camino”.
Hurrengo egunean, eskualdeak berriz lan – etena egin zuen, luto eguna antolatu baitzuten Bingen Antonen omenez. Goizean, martxa isila burutu zen herrian eta 40.000 herritarrek parte hartu zuen. Arratsaldeko hiletan, berriz 50.000 herritar bertaratu ziren, Bingen Antonen familiari babesa erakutsiaz. Horrez gain, langileek borrokari jarraipena eman zioten, ez zuten kaleratzerik onartuko eta atxilotuak askatzen ez bazituzten, greba orokorrak jarraituko zuela ere, adierazi zuten.
Kontatutako gertakizun hau, ez da errelatu hutsa, 1976ko martxoaren 3an jasandako neurgabeko indar polizialak gaur egun darrai, horren seinale, orain egun batzuk Gasteizen gertatutako, 2024ko martxoaren 3an, eraildako langileen omenez egindako manifestazioa, poliziak, 1976an bezalako neurgabekeriarekin kargatu zuen zaurituak utziz.
Orduko gazte zein ikasleek antolakuntzaren aldeko hautua egin zuten, momentu hura eraldaketarako une gisa irakurriz, gazteak borrokaren lehen lerroan pausatu ziren. Egun ere, gazteok sinetsita gaude eraldaketa gazteon eskutik etorriko dela, gazte izanagatik herri hau eraldatzeko, antolatzea ezinbestekoa dela badakigulako; hala jardun dugu azken hilabeteotan: kaleak feminismoz bustiz Greba Feminista Orokorrean, gure hizkuntza defendatuz, Palestinari elkartasuna adieraziz, gazteon osasun mentalaren garrantzia azpimarratuz, etxebizitza eskubidea defendatuz edota memoria ekimenak martxan jarriz besteak beste.
Errelato partzial, oportunista eta interes jakin batzuen aldekoaren aurrean, herri memoria eraiki eta defendatzearen hautua egiten dugu. 48 urte pasa diren arren, paretetan bala hiltzaileen zuloak ikusten dira; askok ahaztu nahi duten historia dakarkigute gogora. Horregatik diogu, funtsezkoa dela belaunaldi gisa transmisioan egiteke dugun lana, gaur egungo gazteok belaunaldi berriei gure herriaren bizipen eta irakaspenak helarazteko konpromisoa dugulako.
Borrokak etenik ez duela argi dugu, aurrera jarraituko du, gure bizitzak borrokan defendatuko ditugu, molde edo formaz aldatuz baina beti aurrera eginez. Atzoko protestek, grebek zein mobilizazioek, gaurko borrokarekin bat egingo dute. Finean, borrokak batzen gaitu.
Gora langileon borroka!
Zutabeak
Iritzia I M8ko feminismoak
Zaharrak, gazteak, arrazalizatuak, mi- granteak…feminismo asko daude femi- nismoaren baitan
Zutabe honetako protagonistak esku artean daukazun martxoko Geurian agertzen diren emakume elkarrizketatuetako batzuk dira, eta bertan jasoko ditudanak euren esanen laburpen bat besterik ez.
Tania Martínez Portugal EHU-ko irakasleak pluralgilea itsatsi dio feminismo hitzari, eta zehaztu du “Feminismoen –pluralean aipatzea gustoko dut- aldarrikapenak ezberdinak eta ugariak dira, subjetu politikoa, emakumeak*, ezberdinak garelako, eta zapalkuntza ardatz ezberdinak gurutzatzen gaituztelako.
Ez da berdina emakume txuri, ekonomikoki autonomo eta heterosexual batek bizi dezakeen zapalkuntza esperientzia, edo emakume arrazializatu, migrante eta ekonomikoki arazoak duenarena, adibidez. “Horregatik”, borobildu du “garrantzitsua da tokian tokiko mugimendu feministak bere agenda politikoan egoera ezberdin hauei erantzuna eman ahal izateko ildoak jorratzea”.
Abiapuntu hori hartuta, zaharrak berri eta, esamoldea aldrebestua, berriak zahar gure eskualdean; Basauriren kasuan, emakume feminista zaharren taldea “gizartean ezarritakotik haratago zahartzaroa nola eraiki eta bizi pentsatzeko” sortu zuten, eta Zaratamon, aldiz, Ane, Izaro eta Miren gazteek aldarrikatu dute herri txikietan ardura handia dutela herritar guztiek, feminismoak aurrera egingo badu.
Zaharrak, gazteak, arrazalizatuak, migranteak… feminismo asko daude feminismoaren baitan, eta Izaskun Landaida ugaotarrak feminismoaren eremu instituzionala ezagutu eta aldarrikatzen du: “Egia da bidea dagoela egiteko baina aitortu behar da lan asko egin dela eta egiten ari dela esparru ezberdinetatik eta esparru ezberdinetan. Bestela atzera begiratu eta galdetu gure amama eta amei”.
Miren Beltran eta Ainhize Egiguren ama-alabak, ordea, egunerokotasunari lotu zatzaizkio, agerikoa dena agerian uzteko: “Herriko tabernetara joatean ikusten da nor dagoen traguak hartzen eta nor etxean bazkaria edo haurrak zaintzen”.