Euskara
Gutuna / Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika
Ikusgarria da azken mende erdian euskararen alde euskaldunok egin dugun lana. Zenbatezinak dira urte hauetan euskaraz bizitzeko herriz herri egin ditugun ekimenak eta sortu ditugun egitasmoak. Horri guztiari esker euskara galzoriaren ertzetik urruntzea lortu dugu, harro egoteko modukoa den herri ahalegina izan delarik.
Asko egin eta lortu dugu zalantzarik gabe, baina ez da nahikoa. Euskararen patua amildegitik urrundu dugu baina ezin esan etorkizuna ziurtatua duenik. Ez etorkizuna ezta orainaldia ere, egun ezin baikara euskaraz normaltasunez bizi. Gure haur askok ez dute euskara maila nahikoa lortzen, eta lortzen dutenen kasuan erdaraz hitz egiteko joera nagusi da, ingurune linguistikoak horretara bideratzen baititu. Udalera jotzen dugunean, edo medikuarengana, edo beste zerbitzu publikoetara, langile euskalduna topatzea mirari bat izaten da askotan. Lan munduan zer esanik ez, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Gure bizitzetan gero eta eragin gehiago duten teknologia berrietan ere sinbolikoa da. Hori gutxi ez eta euskararen eta euskaldunon aurkako espainiar eta frantziar estatuen ekinbideak ez du etenik, azken egunetako adierazpen eta epaiek adierazten diguten bezala.
Urteotan euskararen alde egindako lan guztia bururaino eraman eta euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko burujabetza behar dugu ezinbestean. Soilik euskaldunoi dagokigu erabakitzea zein nolako hizkuntza-politika aplikatu behar den gure herrian. Burujabetzarik gabe kanpoan erabaki eta ezartzen digute euskararen hedapena noraino eta nolakoa den, gure eskumenak erabaki horiek mugatuak direlarik, mendekotasun egoeran.
Ondorioz, duela 40 urte gure herrian ezagutu genuen euskararen aldeko susperraldi berri baten beharra dugu. Pertsona eta talde euskaltzaleak berriz ere aktibatu eta kalera ateratzeko unea dugu. Euskal Herrian Euskarazek kalera ateratzeko deialdia luzatzen dizu beraz euskaltzale lagun hori. Gure eskubideen defentsan eta euskararen alde, abenduaren 6an Durangon deitu dugun manifestaziora gonbidatzen zaitugu. Euskaraz bizitzeko kalera!
Urko Aierbe Sarasola, EHEko kidea
☉ Galdakao
Euskaraldia antolatzeko lehen bilera deitu dute Galdakaon urtarrilaren 22an
Euskaraldia udaberrian izango da aurten: maiatzaren 15etik 25era bitartean. Lau hilabete falta direla, Galdakaon Euskaraldia koordinatzeko taldea martxan jartzeko lehen bilera deitu dute Udalak eta euskalgintzako eragileek.
Urtarrilaren 22an, asteazkenez, izango da lehen bilera hori, 18:00etan udaletxeko bilkura aretoan. Bilera horretara Galdakaoko taldeak, eragileak eta norbanakoak daude gonbidatuta.
“Bertan, Euskaraldia koordinatzeko talde motorra martxan jarriko da eta bigarren erronka lortzeko oinarriak jarriko dira: maiatzeko ariketan lortutako aurrerapena egunerokoan mantentzea”, diote udal ordezkariek.
Ohikoa den elkarlanaz gain, herritarren inplikazioa “funtsezkoa” dela adierazi dute udal arduradunek eta herriko euskalgintzako eragileek.
☉ Basauri
‘Euskararen zuhaitza’ landatu du Basozelain Beat Taldeak
Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek ‘Euskararen zuhaitza’ oparitu zieten iazko maiatzean Basozelaiko Beat taldekoei. Pago bat da eta Sagarrak talde ekologistaren laguntzarekin, abenduan landatu zuten auzoan.
Ekitaldira bertaratu ziren. “Landatu dugun pago txiki honek, Euskararen zuhaitza, hazi egingo da eta horrekin batera euskararen erabilerak ere egingo du gora gure auzoan”, diote Beateko kideek.
Sagarrak taldeko ordezkariak kultura guztietan zuhaitzek balore sinboliko handia dutela nabarmendu zuen: “Euskal Herrian bi zuhaitz nagusi ditugu: haritza eta pagoa. Zuhaitzek eta basoek, hizkuntzak eta kulturak bezala, lurra behar dute sustraiak landatzeko. Zuhaitza hazi egingo da gu apenas konturatu gabe, eta espero dezagun ere euskal hiztunak ere haztea zuhaitzarekin batera”.
☉ Basauri
Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketak euskarazko ipuin laburrak jasoko ditu martxoa bitartean
Lehiaketaren zortzigarren edizioan parte hartzeko lanak urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte. Saritan 750 euroko bonuak banatuko dituzte
Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren zortzigarren edizioa abiatuko du Zirt Zart Basaurik. Urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburrak, gehienez 100 hitzekoak, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.
Aurten “Erabaki zuzena hartu ote nuen?” izango da ipuinek izan behar duten hasiera, antolatzaileek hala erabakita, eta esaldi horretatik abiatu beharko dituzte lanak.
Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta asmoa da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.
Guztira bost sari banatuko dituzte: lehen sailkatuak 200 euroko bonua jasoko du, biharrenak 150 euroko bonua, hirugarrenak 100 euroko bonua, eta Elkar sariaren zein Basauri sariaren irabazleek bakoitzak 150 euroko bonuak jasoko dute.
Elkar sarian 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dituzte aintzat hartuko eta Basauri sarian herrian erroldatua egon beharko da parte hartzailea. Ipuin sarituak GEURIAn argitaratuko ditugu, bai paperezko alean zein webgunean.
Basauriko Udalaren Gazteria arloak antolatzen du lehiaketa eta Elkarren eta GEURIAren laguntza du. 2018an jarri zuten martxan lehiaketa eta urtetik urtera hazi egin da, ez bakarrik Basaurin, baizik eta Euskal Herri mailan ere.
Datuak datu, eta lehiaketak izan dituen formatu desberdinak tarteko, lehenengo edizioan 89 kontakizun jaso zituzten, bigarrenean 83, hirugarrenean 54, laugarrenean 204, bosgarrenean 288, seigarrenean 149 eta zazpigarrenean 155.
Iaz honako hauek izan ziren sarituak: Rebeca Fernandez Rueda (Barakaldo), Irene Izaguirre Chaparro (Villabona), Olatz Noberan Gartzia (Ondarroa), Andere Ramirez Garcia (Laudio) eta Izaskun Herce Quintana (Basauri).
☉ Basauri
Markel Meaza eta Ander Ezeiza saritu dituzte Basozelaiko 2024ko Ipuin Lehiaketan, euskarazko kategorietan
Basozelaiko Ipuin Lehiaketaren zazpigarren edizioak banatu ditu dagoeneko sariak. Euskarazko kategorieran, Markel Meazak irabazi du gazte mailan ‘Ipuina’ izeneko lanarekin, eta Ander Ezeizak helduen mailan, ‘Etorkizuneko oihartzuna’ lanarekin.
Pablo Reyes (‘Aurpegiaren misterioa’) eta Asier Castro (‘Bere lehen erromeria’) gazte mailan eta Raul de la Cruz (‘Gaur ez dut ezer berririk ikasi’) eta Tolaretxe (‘Zortziko plazan, erromerian’) helduen mailan ere saritu dituzte.
Gaztelerazko kategorian, Leire Alvarez (‘Misterio en la plaza’) eta Iraide Martinez (‘Mi ultimo cumple’), eta Esther Puertas (‘Memoria’), Alain Campos (‘La resistencia de Zortziko’) eta Roberto Miguel (‘Desde mi balcon’) izan dira sarituak.
Sari banaketa abenduaren 18an izan zen Basozelai Gizarte Etxean. Irati Bediaga idazle galdakoztarrak banatu zituen sariak.
Beat Taldeak eta Gazteluko Guraso Elkarteak antolatzen dute Basozelaiko Ipuin Lehiaketa, Elkarren eta Basauriko Udalaren laguntzarekin.
☉ Galdakao
Herri kirolen desafio parte-hartzailea antolatu du Eguzkibegik urtarrilean Galdakaon, Ibilaldiaren urtean
Maiatzaren 25ean Ibilaldia hartuko du Galdakaok, Eguzkibegi Ikastolak antolatuta. Talde eragilea martxan dabil egitaraua prestatzen, baina ekitaldiak ez dituzte maiatzaren 25era soilik mugatuko: Ibilaldia izan bitartean hamaika ekintza antolatuko dituzte.
Urteko lehena urtarrilaren 19an, igandez, izango da: Herri kirolen desafio parte-hartzailea egingo dute Kurtzeko plazan 11:00etatik aurrera.
Bi kategoriatan izango da erronka: alde batetik, 10 eta 15 urte bitarteko gazteak (lehenengo kategoria); eta bestetik, 16 urtetik gorakoak (bigarren kategoria).
Sei pertsonako talde mixtoak eratu beharko dituzte partaideek eta talde bezala izena eman.
Izena ematea esteka honen bitartez izango da, eta azken eguna urtarrilaren 7a izango da.
“Giro euskaldunean, elkarteekin, familian, lagun artean, giro paregabearekin, galdakoztar guztiak daude gonbidatuta!”, diote Ibilaldiko Kultura Batzordetik.
Sariak ere egongo dira: lehenengo kategoriako irabazleek Ibilaldiko material sorta jasoko dute eta bigarren kategoriako txapeldunek sei lagunentzako afaria.
Herri kirolen desafio parte-hartzailea Eguzkibegi Ikastolak antolatu du, Galdakaoko Udalaren babesarekin.