☉ Arrigorriaga
Pauso bat aurrera
Arrigorriagan sarri erabiltzen dugu erdara euskal hiztunok, euskaraz hitz egiteko gai izan arren eta herritar gehienek euskara ondo ulertu arren.

Arrigorriagan, Euskal Herriko beste herri batzuetan bezala, sarri erabiltzen dugu erdara euskal hiztunok, euskaraz hitz egiteko gai izan arren eta herritar gehienek euskara ondo ulertu arren. Estatistikak argi erakusten du jokabide hori: 4000 euskaldun, 3500 ia-euskaldun, baina %10era ez da heltzen euskararen erabilera. Beste garai batzuetako arauek moldatu dute gure hizkuntz portaera eta oraindik ez gara ausartzen euskara normaltasunez erabiltzera. Bada ordua konplexuak astintzeko eta euskara erabiltzea normaltzat hartzeko gure herrian, erdaraz egitea hartzen dugun bezala; horregatik sustatu dugu herritar batzuek Baietz365! ekimena.
Euskara erabiltzea errazteko, herrian bi txapa zabaldu ditugu: NIK BAI!, esateko euskaraz egingo dugula lagunak ulertzen badu, eta NIREKIN BAI!, adierazteko ulertzen eta estimatzen dugula euskara, batzuetan erdaraz erantzun arren. Azaroaren 10ean abiarazi genuen ekimena eta erronka bota genuen herrian: baietz 365 lagunek hizkuntz portaera aldatu Euskararen Egunerako. Eguna pasatu denez, heldu da balorazioa egiteko eta partekatzeko ordua.
Gure iritzian, ekimenak lau helburu bete ditu:
- Herritarren ekimena izan da. Herriko elkarte, taberna, denda eta erakunde askok sustatu dute Baietz365! eta 3000 NIK BAI! eta NIREKIN BAI! txapa banatu dira herrian.
- Joera politikoen gainetik jarri da euskararen erabilera zabaltzeko asmoa. Udalbatzan dauden alderdi politiko guztien ordezkariek babestu dute ekimena. Oinarri ona da etorkizunean euskararen aldeko beste pauso batzuk emateko.
- Hizkuntz jokabideei buruzko gogoeta eragin da. Zalantzan jarri dira egungo jokabideak eta agerian geratu da faltsuak direla euskara ez erabiltzeko ditugun aurreiritzi asko, esate baterako, “edukazio txarrekoa” dela euskaraz egitea solaskideak erdara erabiltzen duenean. Herritarrok ondo ikusten dugu euskal hiztunok euskara erabiltzea, eta komunikazioa posible den bitartean, hizkuntzaz aldatu gabe euskarari eustea.
- Ilusioa berpiztu da euskaldunon artean eta enpatia handia erakutsi dute erdaldun elebakarrek. Arrigorriagan ahalegin handia egin dugu herritar askok euskara ikasteko: azken 30 urteotan, 3000 herritar euskaldundu gara eta beste 2000 pertsonak euskara ulertzeko gaitasuna eskuratu dugu. Inork ez du nahi esfortzu kolektibo hori ezerezean gera dadin eta ilusioz hartu da euskara erabiltzeko gonbitea.
Jakin badakigu hizkuntz ohiturak ez direla egun batetik bestera aldatuko eta Baietz365! egitasmoa pausotxo bat besterik ez dela izan euskararen normalizaziorako bidean, baina ekimenak agerian utzi du gogoa dagoela euskararen erabilera zabaltzeko eta denok har genezakeela parte abentura horretan; euskal hiztunok euskarari lasai eta tinko eutsiz, semaforoak berde dirauen bitartean, eta besteok euskara erabiltzea estimatzen dugula erakutsiz eta pausoz pauso euskara gero eta geureagoa eginez.
Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!
☉ Arrigorriaga
Sorpresaz eta berritasunez beteta dator aurtengo Umorea Labur jaialdia
Hainbat nobedade izango ditu Lonbo Aretoa kar-kar, ja-ja eta ha-haz beteko duen festibalak, “filosofia aldaketa bat” gauzatu baitute, antolatzaileen arabera

Abenduaren 11n hasi eta 16an bukatuko da Humor en Corto – Umorea Labur jaialdiaren 22. edizioa. Aitor Arenas zuzendariak aurkezpenean adierazi bezala, “beterano hau ardo ona bezalakoa da, denborarekin hobera egiten duena!”
Hobekuntza horren seinale da urtero formatua berritu eta indartzeko egiten duten apustu sendoa. Aurten ere, hainbat nobedade izango ditu Lonbo Aretoa KAR-KAR, JA-JA eta HA-HAz beteko duen festibalak, “filosofia aldaketa bat” gauzatu baitute, antolatzaileen arabera.
Horiek izango baitira, -eta horra lehen nobebadea-, aurtengo edizioko hiru kategoria nagusiak: KAR-KAR (Euskal Herriko laburmetraientzat), JA-JA (estatu mailakoentzat), eta lehen aldiz “Umore Labur” nazioarteko festibala bilakatuko duen HA-HA kategoria, nazioarteko filmentzat. Guztira 300dik gora film jaso dituzte, eta 44 aukeratu.
Atal Ofizialean Goya 2024 sarietarako izendatuta dauden film laburrak nabarmendu dituzte antolatzaileek.
Tokikoari garrantzia ematen dakien festibala izaki, Arrigorriaga edo Hego Uribeko sortzaileek euren erakusleihoa izango dute #Nosolopaja atalean.
Nazioarteari erreparatuz gero, eta Napoliko NaNo festibalarekin elkarlanean, Italiako umoreaz gozatzeko aukera izango dute Lonbora hurbiltzen direnek.
Sariei dagokienez, eskola eta institutuko gazteek epaile gisa arituko dira beste urtebetez, IRRIbarri eta Saria Gazte programen bitartez.
Bestetik, Umorea Labur-ek herrian duen ikusgarritasuna handitu nahi izan du, bere magia eta talentua txoko askotara barreiatuaz, eta JaJam Sessions izeneko saioak prestatu dituzte herriko hainbat tokitan: Javi Chueca eta Ekain Bilbaoren edo Tamara Lucariniren tokiko emanaldiak, edo Gemma Martínez, Los Retumbes eta Brusko & Suze eta Lonami Pintxito DJak.
Berrikuntzekin bukatzeko, Umorea Lab sortu dute, “giro onaren inkubagailua”, antolatzaileen arabera. Lehen edizio honetarako hainbat mahai-inguru eta masterclass antolatu dituzte industrian adituak direnekin: monologistak, telesailetako gidoilariak, soinu-banda komikoen sortzaileak edo film laburren erosleak.
Urtero bezala, hasiera eta bukaerako galek emango dute zeresana, Iñigo Salinero eta Lander Otaolaren eskutik. Bertan, 7.000 €-tik gorako sariak banatu, film labur irabazleak proiektatu eta Maribel Salas komediako aktore euskaldunari omenaldia egingo diote.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Berdintasun Kontseiluan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei

Arrigorriagako Berdintasun Kontseilua urtero biziberritzen doan organoa da, hiru helburu edo eginkizun nagusi dituena: berdintasunaren alde lan egitea, berdintasun politika publikoen inguruan eztabaidatzea eta udal gaien inguruan erabakiak hartzea, hurrenez hurren. Urtean lau bilera egiten dituzte, hiru irizpide hauen arabera.
Kontseilu berrituaren lehen bilera datorren abenduaren 12an izango da, 18:30ean Lamiaenan, eta Kontseilutik bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie herritarrei. Horretarako, beharrezkoa izango Abusu edo herriguneko HAZ-ean izena ematea, edo lehen bileran bertan egitea tramitea.
☉ Arrigorriaga
Auzoak, Hirigintza eta Gizarte Ekintza izango dute ardatz Arrigorriagako 2024rako aurrekontuek
Udal gobernuaren asmoa da aurrekontuak abenduko osoko bilkuran onartzea

EH Bilduk, NOAk eta Arrigorriaga Garak osatzen duten Udal Gobernuak abenduko osoko bilkuran onartu nahi ditu 2024rako aurrekontuak, eta oposizioaren “ekarpenen zai” daudela adierazi dute udal ordezkariek.
Aurreko legealdian ez bezala, baina, gehiengo osoa dute, eta ez lukete oposizioko alderdien beharrik kontuak aurrera eramateko.
16.064.210,21 euroko aurrekontua izango da, eta aurreikusten diren inbertsiorik handienak auzoetan, hirigintzan eta gizarte-ekintzara bideratutakoak dira.
Aipatu dituzten proiektuetariko batzuk honako hauek dira: Ollargan auzoa urbanizatzea, udal kiroldegi berria eraikitzeko beharrezkoa den proiektu-lehiaketa egitea, Auzotaxi zerbitzurako zuzkidura edo eskolan inbertsioak egitea.
“Pertsonen bizitzak udal politikaren erdigunean jartzeko konpromisoa” berretsi nahi du udal gobernuak aurrekontu proposamen honekin, eta horregatik gizarte politiketan hainbat berrikuntza planteatzen dituzte; etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako partida handitzea adinekoentzako edo mendekotasuna dutenentzako zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eta hobetzeko; partida berri bat, mendekotasunaren lehen fasean daudenentzako Eguneko Zentroaren zerbitzu berriari aurre egiteko; ZAINDUZ programara bideratutako diru-kopurua handitzea, zaintzaileak zaintzeko erronkari erantzunez; eta gazteei laguntza psikologikoa emateko partida.
Maite Ibarra alkatearen hitzetan “2023-2027 gobernu planarekin koherenteak diren aurrekontu kilikagarri eta arduratsuak” dira, eta “ingurumenarekiko erronkak, auzoak eta egoera zaurgarrietan daudenak babestea” dute helburu.
☉ Arrigorriaga
Osakidetzak Arrigorriagako Osasun Zentroa birmoldatuko du, Udalarekin eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean
Obrek iraun bitartean jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da

Osakidetzak oharra kaleratu du Arrigorriagako Osasun-Zentroa birmoldatuko duela esateko, udalarekin batera eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean. Bai udaletik zein langile eta erabiltzaileen aldetik askotan salatu izan da egungo eraikinaren egoera, irisgarritasun arazoei eta instalazioen zaharkitzeari dagokionez. Orain dela hilabete, kasurako, sabaiaren zati bat erori zen.
Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariek eta Osakidetzako arduradunek, azkena joan den astean, eta bide horretan pauso erabakigarria da honako hau.
Osakidetzako arduradunek adierazi dutenaren arabera “eraberritze-lanak zenbait fasetan egingo dira, udalerriko herritarrei une oro osasun-arreta bermatze aldera”.
Obrek iraun bitartean, “obren eraginpean dagoen jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da” borobildu dute.
Egingo diren jarduketen artean “sabaia eta estalkia birmoldatuko dira eta eraikinaren zurezko egituraren ondoriozko, batez ere, egiturazko kalteak konponduko dira”.
“Eraberritze-lanekin batera”, zehaztu dute, “Osakidetza eta Arrigorriagako Udala etorkizuneko anbulatorioa eraikitzeko beste kokaleku bat zehazteko lanean ari dira. Garai berrietara egokituko den zentro berri horrek udalerriko herritarren egungo premiak beteko ditu”.
☉ Arrigorriaga
Euskararen Nazioarteko Eguna Abenduaren 4a arte luzatuko dute Arrigorriagan
Kike Amonarrizen hitzaldi batekin bukatuko dira Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako ekintzak

Azaroaren 28an hasi zen Euskararen Nazioarteko Egunaren programazioa Arrigorriagan, eskola eta institutuko ikasleekin egin diren hainbat ekintzekin.
Asteburuari begira, Disko Txantxa Mugi Boogiek kantuz, dantzaz eta barrez beteko du kantxa urdina gaur arratsaldean, 18:00etan.
Igandean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko egunean, herriko plaza hankaz gora jarriko dute Artizarra Musika Eskolak, Estropezu Bertso Eskolak eta Aritz Berri taldeak, eguerdiko 13:00etatik aurrera.
Herritarrek ere protagonismoa izango dute, euskararekin lotutako bizipenak eta esperientziak partekatuko baitituzte arlo, jatorri eta ibilbide ezberdineko arrigorriagarrek.
19:00etan, aldiz, Ekizak kontzertua eskainiko du Lonbo Aretoan.
Bukatzeko, biharamunean, Kike Amonarrizen etorriak, ezagutzak eta umore onak “si yo no sé euskera, ¿cómo le puedo ayudar”? hitzaldi kitzikagarria eskainiko du, 17:00etatik aurrera Arrigorriagako eskolan.