Gutunak

Padura Saskibaloi Taldea ere euskaraz

Azken hilabeteotan, Padura Saskibaloi Taldeko kideok Arrigorriagan Kirola Euskaraz ekimenaren sustatzaileekin elkartu izan gara, Arrigorriagako gazteek gure kirolaz ere euskaraz gozatzeko aukera izan dezaten. Ekimen horrek, izenak dioen bezala, Arrigorriagan egiten den kirola euskaraz burutzea bilatzen du, talde bakoitzaren egoera partikularra kontuan hartuta, gure hizkuntza herriko kiroletan pixkanaka eta egoki bultzatzeko. Hainbat bileratan gure kasu partikularra aztertu ondoren, aukera ezin hobea ikusi dugu urtero antolatzen dugun udako kanpusa ekimen horren abiarazle izateko saskibaloiari dagokionez, aurtengo kanpusa euskaraz burutuko baitugu goitik behera!

Kanpusa 6 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzat bideratuta dago, bi txandatan banatzen dena. Txanda bakoitzak bost eguneko iraupena izango du, lehenengoa ekainaren 26tik 30era eta bigarrena uztailaren 3tik 7ra. Eguneroko plangintzari dagokionez, goizeko 9etan lehenengo umetxoak hartzen hasiko gara eta 10etatik arratsaldeko 18:30ak arte saskibaloiaz baino ez dute gozatuko kanpusera hurbildutako gazteek. Bertan bazkaltzeko aukera emango diegu, inguruko jatetxe batean edo udal-igerilekuan etxetik janaria ekarrita, eta noski, arratsaldeko saioa hasi baino lehen igerilekuan bainua hartzeko aukera izango dute!

Kanpusa goi-mailako entrenatzaile batek zuzenduko du, orain arte Lolo Encinas (Gipuzkoa Basketeko laguntzaile ohia), Iñaki Merino (Baskoniako laguntzaile ohia) eta Rafa Pueyo (Bilbao Basketeko entrenatzaile ohia) bezalako entrenatzaileak gurekin izan ditugu. Aurten etorriko direnek, aurrekoek bezala, bere metodo eta teknikak baliatuko dituzte saskibaloia irakasteko.

Aurreko guztiaz gozatu nahi duenak klubeko webgunean (www.cbpadura.com) sartu eta bertan izena baino ez du eman behar. Izen-ematea ekainaren 1era arte zabalik egongo da. Beharrezko informazio guztia bertan aurkituko duzue eta zalantzaren bat izanez gero klubeko posta-elektronikoaren bidez argituko dizuegu, cbpadura@telefonica.net.

Amaitzeko esan behar dugu euskararen aldeko ekimen hau ez dela hemen bukatuko. Kanpusarekin hasiko dugun proposamen honek, hurrengo urtean eskola-kiroleko talde guztiekin jarraituko du, 6 eta 15 urte bitarteko gaztetxoen taldeetan erabiliko dugun hizkuntza euskara izango baita. Ez dugu ahaztu behar pauso txiki bat baino ez dela eta oraindik asko falta dela euskarak gure herrian merezitako lekua izateko. Guri dagokigunez pausotxoak ematen jarraituko dugu saskibaloia bere osotasunean euskaraz gozatu ahal izateko. Padura Saskibaloi Taldea ere euskaraz!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak