☉ Basauri
Basauriko Urbi Institutuko ikasleek elkartrukea egingo dute maiatzean Portugaleko ikasleekin
Basauriko Urbi Institutuak bide luzea egin du Europako proiektuen garapenean. Badira zazpi urte Italian, Grezian, Belgikan eta Lituanian Urbiko ikasleak eta irakasleak bertako ikastetxeetara joaten hasi zirela, lankidetza, kalitatea, inklusioa eta ekitatea, bikaintasuna, sormena eta berrikuntza sustatzeko. Mugikortasun horiek Erasmus+ programari eta eTwinning plataformari esker egin ahal izan dira. 2021-22 ikasturte honetan lanean jarraitu dugu, eta lortutako emaitzak askotarikoak eta oso emankorrak izan dira, Urbi Institutuak duen Erasmus 2020-27 Egiaztapenari esker.
+Participatory Democracy, +Active Citizenship Erasmus+ proiektuaren barruan, atzerriko bi ikastetxerekin bi mugikortasun plan garatu ditugu; Portugaleko Vila Nova de Famalicão Camilo Castelo Branco institutuarekin eta Lituaniako Šiauliai hiriko Juliaus Janonio Gimnazija ikastetxearekin, alegia. Irailean Estrasburgora joan ginen, eta urrian Lituaniara.
Irakasleen mugikortasunari dagokionez, Danimarkako Frederikshavn Handelskole institutua bisitatu zuten lau irakaslek otsailean. Apirilean bi irakasle Txekiar Errepublikako Pilsen hiriko Luďka Pika Gymnázium-era joan ziren. Bi bisiten helburua “behaketa bidezko ikaskuntza” edo “job shadowing” delakoa izan da, hau da, beste irakasle batzuek ematen dituzten eskolak zuzenean behatzea. Aurrez aurre bertako hezkuntza nolakoa den, zer teknika erabiltzen diren edo ikasleek nola ikasten duten ikustea da helburua. Era berean, ikasleek lantzen dituzten gaiak eta egiten dituzten jarduerak aztertzea ere. Horrekin guztiarekin, gure mugetatik haratago ikustea, balio berriak ikastea eta gure eskoletan zer aldatu edo zer hobetu ondorioztatzea lortzen da.
Urbi Institutuan apirilaren 26tik 29ra egingo den beste jarduera berritzaile bat Hizkuntza Klasikoen Irakaskuntzako Metodologia Aktiboko Lehen Ikastaroa izango da. Rogelio Toledo Berlinen bizi den irakasle mexikar adituak emango du ikastaroa, Urbiko ikasle eta irakasleei zein Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleei zuzenduta. Bestalde, maiatzaren 9tik 13ra, Urbiko ikasleek bosgarren eta azken elkartrukea egingo dute Portugalgo Camilo Castelo Branco Vila Nova de Famalicão Institutuan.
Urbiko Nazioartekotze Batzordeak kudeatzen dituen eta Europar Batasuneko Erasmus Programak onartu eta finantzatzen dituen jarduera horiek guztiak eTwinning proiektuek indartzen dituzte. eTwinning +Participatory Democracy +Active Citizenship proiektua, Lituaniako eta Portugalgo bazkideekin batera, eta indoMIT@S proiektua, txekiarrekin eta asturiarrekin batera.
IndoMIT@S proiektuan, ikasleek greziar zein erromatar mitologia klasikoan, asturiarrean, euskal mitologian eta txekiarrean agertzen diren emakumezko pertsonaiak aztertu dituzte, eta haien ezaugarri komunak eta bereizgarriak nabarmendu dituzte. Ondoren, nazioarteko lankidetza-taldeetan hamar antimit@ sortu dituzte, kanon estetiko tradizionalak hausten dituztenak. Pilseneko ikasle txekiarrek Urbi Institutuko bi irakasleren bisita jaso dute, eta horiek proiektua bertatik bertara ezarri eta bultzatu dute. Zalantzarik gabe, Europako proiektu horiek guztiak dira Urbi Institutuak inguruko beste ikastetxeekin alderatuta dituen ezaugarri bereizgarrietako bat.
☉ Basauri
Argazkiak / San Migeleko jaietako Playback lehiaketan ere txapeldun Los Gambas kuadrilla
San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatzen du Mikelatsek. Aurten lau kuadrillak hartu dute parte: Los Gambas (txapeldunak), Uholdeak, Los Tenderetes eta Las Maris (aurten La Mari).
☉ Basauri
Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan
Urriaren 6an, igandez, izango da txapelketa eta Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu ditu Bidebieta Pilota Taldeak
Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan, urriaren 6an. Bidebieta Pilota Klubak antolatuta, aurtengoa hirugarren edizioa da, eta urtero bezala, Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu dituzte: Etxegarai, Soloarte, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Bizkotxalde, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa, San Jose eta Basauri Ikastetxea.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzenduta txapelketa: “Partida laburrak izango dira, sei edo zazpi puntura. Bikote bakoitzak bi partida jokatuko ditu, eta ligaxka formatuan kanporaketak egongo dira, 5. mailako eta 6. mailako txapeldunak izan arte”, azaldu dio GEURIAri Mikel Karrillo Bidebideta Pilota Klubeko ordezkariak.
Txapelketa 10:00etan hasiko da 5. mailakoekin, eta 12:00etan 6. mailakoekin. “Espero dugu ikastetxe guztiak animatzea. Umeek oso ondo pasatuko dute eta gainera esku pilota eta kirola sustatzeko aukera ezin hobea da”, dio Karrillok.
☉ Basauri
Etxe Maitiako azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela dio Basauriko Udalak
Azterketa beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezakeela argudiatu du Basauriko Udalak
Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek.
Basauriko Udalak adierazi duenez, prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dago: “Hau da, hautagai guztiek egun berean egin behar dute proba bera. Pertsona batek beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezake, emakume erreklamatzailearentzat barne, izangai guztiak ez baitziren parametro berberekin baloratuko”, diote udal ordezkariek.
“Epaimahaiak, Osakidetzak aplikatzen duen protokolo bera jarraituz, azterketa ospitalean bertan egiteko aukera eskaini zion emakumeari, baina berak uko egin zion, eta sine die atzeratzeko eskatu zion, azterketa egiteko moduan egon arte”, diote.
“Ebazpen loteslea”
Enplegua egonkortzeko Etxe Maitiako epaimahaia organo “burujabea eta autonomoa” dela gogorarazi du Basauriko Udalak: “Eta mota horretako prozesuak arautzeko orduan dagoen ordenamendu juridikoan oinarritutako ebazpenak emateko balio du”, diote.
“Politikoen jarraibideen mende ez dauden profesional teknikoek osatutako organoa da. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legeak 2007an erabaki zuen ordezkari politiko edo sindikal bakar batek ere ezin zuela parte hartu horrelako epaimahai batean, prozesuaren objektibotasuna, inpartzialtasuna eta profesionaltasun teknikoa zaintzeko. Hori dela eta, gobernu-organoek ezin diete jarraibiderik eman hautaketa-epaimahaiei, ezta beren erabakietatik aldendu ere. Administrazio-errekurtsoren bat jarriz gero bakarrik berrikusi ahal izango dira, administrazio-prozedura erkidearen araudiaren bidez”, azaldu dute udal ordezkariek.
Ildo horretan, epaimahaiak ematen duen edozein ebazpen organo politikoentzat loteslea dela adierazi dute Basauriko udal arduradunek, eta gai horri buruzko informazio zehatza Etxe Maitia Egoitzaren hurrengo Kontseilu Errektorean emango duela adierazi dute.
☉ Basauri
Etxe Maitiako EPE azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek
LAB sindikatuaren ustez, “zuzeneko diskriminazio” kasu bat da, ez ziotelako beste aukerarik eman, eta kexa jarri du Arartekoan
Basauriar batek ezin izan du bere lanpostua egonkortzeko azterketarik egin, azterketa eguna bere erditze egunarekin bat egin zuelako, eta LAB sindikatutik salatu dutenez, ez ziotelako beste irtenbiderik eman: “Zuzeneko diskriminazio kasu bat da”.
Z.G.G. basauriarra Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesura aurkeztu zen; azken urteetan aldi baterako kontratuak bete izan ditu egoitza horretan, eta lanpostua egonkortzeko azterketa egiteko izena eman zuen.
“Nire bikoteak izena eman eta azterketa erditze-egunarekin bat egiteko aukera zegoenez (azkenean hori gertatu zen) Auzitegiari eskatu genion neurriren bat har zezan, azterketan parte hartu ahal izateko. Eskaini zioten irtenbide bakarra izan zen azterketa ospitalean bertan egitea, erditze egunean bertan. Noski, ezetz esan zuen”, adierazi dio GEURIAri Z.G.G.-ren bikotekideak.
LABek adierazi duenez, emakumeak bi aldiz jakinarazi zion epaimahaiari bere haurdunaldiaren egoera, baita erditzearen balizko data ere, azterketa egunarekiko (irailak 12) denbora gutxiko aldea zegoela aintzat hartuta, eta informazioa eskatu zuen hautaketa-prozesuan parte hartuko zuela bermatzeko har zitezkeen neurriei buruz.
Irailaren 10ean, azterketaren data baino bi egun lehenago, epaimahaia bildu zen, eta erantzun zion azterketa eta erditzea aldi berean gertatuz gero, epaimahaia ospitalera joan zitekeela proba gainerako izangaien ordutegi berean egin zezan.
Epaimahaiak irailaren 10ean erantzun zionerako, Z.G.G.-ri irailaren 12rako eman zioten erditzea eragiteko data. “Kontua da egun horretan bertan egin behar zela Erizaintzako Laguntzailearen azterketa. Beraz, Z.G.G.-k egoera horren berri eman zion berriro ere Auzitegiari. Eta epaimahaiak, berriz ere, aukera bakarra eskaini zion: azterketa ospitalean egitea, azterketaren ordua aldatuta. Egoera horren aurrean, proba modu duinean egina ahal izateko alternatibarik ematen ez ziotela ikusita, ez aurkeztea erabaki zuen Z.G.G.-k”, diote LABetik.
“LABen uste dugu egoera hori zuzeneko diskriminazio kasu argi bat dela. Sindikatu honen ustez, azterketa bat egitea erditu behar duzun egun berean aukera bakar bezala ematea neurri diskriminatzailea da sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola, haurdunaldiarekin edo amatasunarekin, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko 1/2023 Legegintzako Dekretuari jarraikiz”, salatu dute.
Ildo horretan, kexa jarri du LABek Arartekoan, “Z.G.G.-ri urratu zaizkion eskubideak berrezartzeko neurri egokiak har ditzan”.
“Neurri egoki horiek dira deialdi bakarraren ondoren hautaketa-prozesuaren azterketa egin ahal izatea, egiaztatu delako ezin izan duela deialdi horretara joan haurdunaldiagatik eta amatasunagatik. Neurri horiek hartu ezean, hautaketa-prozesuan plaza bat lortu ahal izateko eskubidea urratuko litzaioke. Halaber, Lan Poltsan sartzeko eta Etxe Maitia Udal Egoitzan aldi baterako lan-eskaintzetarako deitua izateko eskubidea ere urratuko litzaioke”, diote LABetik.
☉ Basauri
Langabezian dauden 81 herritar kontratatuko dituzte aldi baterako Basaurin
Hasteko, 16 eta 30 urte bitarteko bost gazte kontratatzeko prozesua zabalduko du laster Basauriko Udalak
Basauriko Udalak 81 herritar kontratatuko ditu aurten Enplegu Planaren barruan. Besteak beste, administrariak, artxibo-teknikaria, euskararen erabileraren dinamizatzailea, informatikaria, peoiak, gizarte-hezitzailea edota agente zibikoak dira kontratatuko dituztenak.
Iaz bezala, hiru programa jarriko ditu Udalak martxan: gazteei zuzendutakoa, lehentasunezko arretako kolektiboei zuzendutakoa eta oro har langabezian dauden pertsonei zuzendutakoa.
Martxan jarriko duten lehen programa 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa izango da, eta guztira bost pertsona kontratatuko dituzte: administrari bat, webmasterra, sistema-teknikaria, artxibo-teknikaria eta euskararen erabileraren dinamizatzailea.
Kontratuek 10 eta 12 hilabete bitarteko iraupena izango dute, lanaldi osoan, eta datozen egunetan zabalduko dute lanpostu horiek betetzeko deialdia: “Hori dela eta, Lanbideko datuak eguneratuta izatea gomendatzen dugu, bai lanbide-esperientziari dagokionez, bai eskuratutako edozein titulazio berriri dagokionez”, dio Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Enplegu arloko zinegotziak. Izapide hori Lanbideren webgunean egin dezakete interesdunek edo 945 160 600 telefono zenbakira deituz eta aurretiko hitzordua eskatuz.
“Programa hau 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gazte langabeei zuzenduta dago, baldin eta azken hiru urteetan ikasketak amaitu badituzte eta beren titulazioarekin lotutako lan-esperientziarik ez badute. Helburua da enpleguan duten lehen esperientzia ematea, beren gaitasunak eta trebetasun sozial eta profesionalak indartzeko behar duten lan-praktikaren bidez”, dio Cadavalek.
Prestakuntza eta lan-orientazioa
Beste alde batetik, langabezian dauden pertsonentzako ALPE programaren barruan 36 pertsona laneratuko ditu Udalak: biltegizain bat, informatikari bat, taldeburu bat, lehen mailako bost igeltsero ofizial, lehen mailako txofer ofizial bat, eraikuntzako zortzo peoi, lehen mailako bi argiketari ofizial eta argiketari-laguntzaile bat, hiru administrari laguntzaile, administrari bat, community manager bat, zortzi dinamizatzaile, gizarte-hezitzaile bat, tokiko merkataritzako prospektore bat eta liburutegiko laguntzaile bat. Kontratuak hiru, bost eta bederatzi hilabete artekoak izango dira, hainbat lanalditakoak.
Eta azkenik, Lehentasunezko Arretako Kolektiboak lerroari dagokionez (45 urtetik gorako pertsonak eta zaurgarritasun egoeran edo baztertuak izateko arriskuan daudenak), 40 lanpostu beteko dituzte: zortzi lagun bankuak eta hiri-altzariak pintatzeko , 12 pertsona eskola-ordutegietatik kanpoko patioak dinamizatzeko (Patio Zabalik), 12 agente zibiko eta zortzi administrari laguntzaile administrazio elektronikorako.
Programa hori Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeek kudeatuko dute, eta sei hilabeteko eta lanaldiaren % 75eko kontratazio-aldia izango dute, prestakuntza eta lan-orientazioarekin batera.
Bi plan hauen inguruko informazio zehatzagoa emango du aurrerago Basauriko Udalak, “tramitazio-fasea hastean”, zehaztu dute.
1,8 milioi euro
Lanbidek bultzatutako enplegu-planaren bidez kontratatuko ditu 81 lagun Basauriko Udalak. “Plan hori Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago, Europar Batasunak finantzatuta eta bi erakundeek batera finantzatuta”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Guztira, 1,8 milioi euro bideratuko dituzte Basauriko Enplegu Plan honetara: 1,3 milioi euro Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu eta 470.000 euro Basauriko Udalak.
“Lankidetza instituzional berri honekin Basauriko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko apustuari eusten dio, herriko langabeen enplegagarritasuna hobetzen lagunduko duten udal-enplegu planak egiteko”, dio Iragorrik, eta gaineratu du: “Datuak datu, 2019az geroztik, 329 langabe kontratatu ditu Udalak plan honen bidez”.