Behin batean, euskaldun izatea erabaki nuen. Ondo gogoan dut abiatzea erabaki nuen eguna: iraileko larunbata zen, arratsaldeko 7ak-edo izango ziren, eta, lagun-kuadrilarekin batera, garagardoa edaten ari nintzen.
HABEren 2. maila gainditu ondoren, buruan mar-mar zebilkidan galdera bat: zergatik ez aldatu orain arteko hizkuntza-jokabidea (gaztelaniaz) eta euskaraz bizitzen saiatu?
Nola izan ninteke osoa eta benetakoa euskara barik? Arbasoek, euskaldunak izateagatik, pasatu zituzten kalamitateak gogora ekarri nituen. Bestetik, seme-alabak izan nituen gogoan: ondorengoei duintasunez bizitzeko aukera bermatu nahi nien. Azkenik, euskaraz bizi den euskal komunitateaz gogoratu nintzen; hainbeste ahalegin egin eta gero, etorkizuna merezi du.
Inguruak ere eragin handia izan zuen (Bolintxu euskaltegiko irakasleak, euskararen aldeko kanpainek, euskaraz egiten zuten lagunek…).
Erabakitakoari adorez ekin nion. Baita beldurrez eta lotsaz ere. Nola jakingo nuen norekin egin? Eta erdalduna bada? Nola jakingo dut euskalduna den? Eta nik euskaraz egiten badiot eta erdaraz erantzuten badit? ¿Qué? Edo ¿Perdona?
Asmo berria fresko-fresko, Media Marketen sartu nintzen, energia emozionalez beterik
-¿Estás atendido? -galdetu zidan dendako mutil batek
-Ez, badakizu non dauden disko gogorrak? -erantzun nion.
-Bai, etorri nirekin.
Mutilak konplizitate irribarrea erakutsi zidan, edo horrela hartu nuen nik, behintzat, euskaraz egin niolako pozik sumatu nuen. Motibazio txuteaz baliatuz, loteria erostera joan nintzen:
-Euromilloneserako bost zutabe -eskatu nion aurrean nuenari.
Esfortzua egiten ari zela sumatu nuen:
-Hamar…. hamar euroak? -galdetzen saiatu zen.
-Bai, hamar euro, bost zutabe -erantzun nion eta esfortzua eskertzeko irribarrez agurtu nuen saltzailea.
Segidan kafea hartzera joan nintzen:
-Ebakia, mesedez -eskatu nuen.
Tabernaria bueltatu eta kafea prestatu zuen.
-Ahí tiene -esan zidan kafea barran jartzen zuen bitartean.
-Sakarinarik baduzu? -galdetu nion.
Sakarina eman zidan eta kafea ordaindu nion. Agur batekin agurtu ninduen.
Hirutan hiru! Gertukoekin ahalegina egiteko indarra eman zidan gertaera hark. Lagun euskaldunekin euskaraz egin nahi nuen. Beldur nintzen nire euskara maila, eurenaren aldean, nahikoa izango ez ote zen:
-Aitortzen dut ez naizela euskaldun perfektua; erdarakadak sartzen ditut eta ergatiboarekin ditut arazoak. Baina euskaraz egin nahi dut zuekin.
-Ongi etorri, laguntxo! -lagun euskaldunen erantzuna izan zen, txalo beroen artean.
Hurrengo pausoa lantokian eman nuen. Proposamena lan-eremura murriztu nuen. Oso urduri nengoen, ezezkoak beldurtzen ninduen:
-Maider, zurekin euskaraz hitz egin nahi nuke, zeren…
– Ah, zer ondo -moztu zidan berak, bat-batean, hasi bezain laster- Nik gogoa nuen hori berori eskatzeko, baina lotsa ematen zidan. Horrela euskara errazago ikasiko dut.
Eta horrela! Ezer argudiatu eta negoziatu gabe, gure harreman-hizkuntza aldatu egin genuen.
Bestelako erabaki osagarri batzuk hartzen hasi nintzen: ohetik altxatu eta Euskadi Irratia entzun, gauean eguraldiaren berri ETB1en ikusi, Berrian harpidetu, ordenagailuko sofwarea euskaraz jarri, kafea tabernari euskalduna zegoen tabernan hartu, herriko Berbalagun elkartean izena eman…
Markatutako data hurbil dago eta errendimendua neurtzeko ordua heldu zait. Nire helburua, urte bukaerarako, egunean zortzi orduz euskaraz bizitzea zen. Ez dut euskara-erabilera modu zehatzean neurtu, baina baietz esango nuke, lehen helburu hori betetzen hasi naizela.
Ordu asko ematen ditut euskaraz idazten eta irakurtzen. Horrez gain, erdaraz nituen harreman batzuk euskaraz izatea lortu dut, eta lagun berriak egin ditut euskal komunitatean. Aldaketa horiek, konturatu gabe, euskaraz margotu dute eguneko agenda eta euskarak, astiro-astiro, leku berriak bereganatu ditu nire bizitzan, pentsamenduan eta ametsetan.
Karmelo Ayestak idatzitako ‘Goza daiteke gehiago-Euskaldun baten hizkuntza bidaia’ (Utriusque Vasconiae) liburuan ditu funtsa eta iturri iritzi honek
