☉ Etxebarri
Gutuna / Euskaraldia aurrera!
Etxebarriko Euskaraldia batzordea 2018ko udaberrian eratu zen eta ordutik talde egonkorra izan dugu herrian, kide aldaketaren bat gora behera. Kideen artean denetarik daukagu, batzuk elkarte eta taldeetan parte hartzen dute, beste batzuk herritar gisa hurbildu dira. Lanerako jarrera eta umorea azpimarratuko genituzke, eta batez ere denboran zehar mantendu den konstantzia. Ez da erraza halako konpromisoa edizio batez eta beste batez mantentzea. Giro onean egoteak asko laguntzen du dudarik gabe.
2020ko jardunean aurrez egindakoa azpimarratuko genuke eta herriko entitateekin harremanetan jartzeko ahalegina. Aurrez aurreko bisitak egin ditugu eta banan-banan informazioa eskura eman dugu herriko denda eta komertzioetan. Era berean, telefono bidez eta email bidez harremanetan jarri gara merkatariekin.
Covid garaia ez da samurra izan, hala ere, hasieratik gure helburuei jarraitu behar geniela erabaki genuen eta helburu xumeak jarrita aurrera egin dugu. Udaberri partean konfinamendu garaian bilera telematikoetara ohitu ginen. Irailaren hasieran presentzialki elkartu ginen berriz, eta denok eskertu genuen, erabakiak ere errazago hartzen dira eta aurrera egitea errazten du. Argi dugu ezin izango dugula aurreko edizioekin alderatu, baina argi dugu abenduaren 3a heltzen denean egindako lanaz oso harro egon beharko dugula, emaitzak alde batera utzita.
Egun hauetan ekainean egindako bisitak eta bidalitako informazioa freskatzen ari gara eta datozen egunotan Ariguneen izen ematean hori nabarituko dela uste dugu. Arigune gisa izena eman eta emango duten entitateak gonbidatuko ditugu ekitaldi batera irailaren 23an kiroldegian 19:00etan. Bertan izango dugu Etxebarriko Euskaraldiako Entitateen aurkezpena eta familia argazkia aterako dugu.
☉ Etxebarri
Haurren ongizatea eta babesa sustatzeko kanpaina berria martxan jarriko du Tratu On Etxebarrik
Haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea, emozioen kudeaketa, edota desprotektzio-zantzuak antzematea bezalako gakoak zabalduko dituzte hainbat euskarritan

Tratu On Etxebarri batzordeak, udalerriko gizarte-erakunde, elkarte kultural, kirol-klub eta aisialdiko taldeekin elkarlanean, kanpaina berri bat martxan jarriko dute haurren ongizatea eta babesa sustatzeko.
Datozen hilabeteetan zehar, hamabostero mezuak zabalduko dituzte hainbat euskarritan, familiei, hezitzaileei, monitoreei eta entrenatzaileei, eta erreferente diren pertsona helduei zuzenduta.
Gako bakoitzak eguneroko bizitzako alderdi garrantzitsuak jorratuko ditu, besteak beste: haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea; mugen eta emozioen kudeaketa errespetuzkoa; maitasunean eta enpatian oinarritutako laguntza hezitzailea; desprotektzio-zantzuak antzeman eta jarduteko beharra; eta komunitate osoaren erantzukidetasuna, haurren eskubideak bermatzeko bidean.
☉ Etxebarri
Euskara Batzordea berriro aktibatu nahi dute Etxebarrin, urtean zehar ekintzak egiteko
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hamaika ekintza antolatu dituzte azaroaren 27tik abenduaren 7ra bitartean. Gainera, Euskara Batzordea berraktibatzeari ekin diote herrian

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta herritarren kezkei eta zalantzei erantzuteko Euskara Batzordea berriro aktibatzea erabaki dute Etxebarrin.
Asmoa da talde bat eratzea eta “aldian-aldian” elkartzea eta euskararen inguruan hausnarketa egitea. “Horrez gain, urtean zehar euskaraz ekimenak antolatzeko berraktibatu nahi dugu batzordea, ez dadin bakarrik mugatu Euskararen Nazioarteko Egunera, baizik eta urtean zehar ere”, adierazi diote GEURIAri batzordeko kideek.
“Zergatik kaleetan euskara horren gutxi entzuten dugun hausnarketa mahai gainean jarri nahi dugu, eta euskararen postureotik euskararen erabilerara jauzia egiteko formula batzuen bila ere aritu nahi dugu ekimen berraktibatze honekin”, diote.
Era berean, herrian antolatzen diren jardueretan hizkuntza irizpideen faltari irtenbidea eman nahi dio Euskara Batzordeak: “Arlo horretan ere lan egin nahiko genuke”.
Herrian deialdia egingo dute Euskara Batzordean parte hartu nahi duten kide berriak erakartzeko: “Ahots berriak entzun eta aurpegi berriak ikusi nahi ditugu batzorde berritu honetan”.
☉ Etxebarri
Umorezko bakarrizketa, Mintzodromoa eta lehiaketak antolatu dituzte Etxebarrin, Euskararen Eguneko programazioan

Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta, egun horren testuinguruan, Etxebarrin hainbat jarduera antolatu dituzte Etxebarriko Institutuak, Tarrastak, Etxebarriko Euskaltegiak, Kukullaga ikastetxeak, Talka Gazteguneak eta Etxebarriko Udalak abenduaren 7ra bitartean.
Euskararen Egunean bertan, abenduaren 3an, Etxebarri Txiki Jaia antolatuko dute frontoian (10:00) Kukullagako ikasleentzat, eta arratsaldean, 18:30ean, Manex Astigarragaren umorezko bakarrizketa izango da Talkan, helduei zuzenduta.
Tarrastak Egunean Behin jokoa eta bertso txapelketa prestatuko ditu azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean.
Institutuan, Euskaltegian eta Kukullaga ikastetxeetan ere hamaika ekintza antolatu dituzte: mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoan Institutuan; Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcast bat Euskaltegian; eta herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia Kukullaga ikastetxean.
Etxebarri | Euskararen Eguna 2025
Azaroal 24-Abenduak 3
‘Euskaraz Bizi Nahi Dut’ kanpaina eta banderak saltzea Euskara Zerbitzuan (Cime)
Abenduak 3, asteazkena
Etxebarri Txiki Jaia: antzerkia (ikasleentzat)
10:00 Frontoia
Umorezko bakarrizketa: Manex Astigarraga, ‘Margolari’ (helduentzat)
18:30 Talka
—
Egunean Behin jokoa eta Bertso txapelketa
Tarrasta
Mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoak
Etxebarri BHI
Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcasta
Euskaltegia
Herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia
Kukullaga ikastetxea
Abenduak 7, igandea
Zineforuma: ‘Aupa Etxebeste!’
17:30 Talka
☉ Etxebarri
Palestinako errealitatea ezagutzeko bertako bi herritarren hitzaldia antolatu dute Etxebarrin

Palestinako errealitatea ezagutarazteko eta herritarrei hurbiltzeko topaketa antolatu du Etxebarriko Udalak azaroaren 27an, ostegunez.
Afaf Alnajjar eta Mohammad Farajallah palestinarrak izango dira hizlarietako bi: Alnajjar Palestinatik etorri berri den emakumea da, eta Farajallah aspalditik Bizkaian bizi den palestinarra da. Besteak beste, egokitze-prozesua eta jatorrizko komunitatearekin dituzten loturak azalduko dituzte.
Ez dira, ordea, hizlari bakarrak izango: Bea Berzosa Zugaztietako eskolako zuzendaria da eta bere ikasleekin garatutako hezkuntza-proiektua aurkeztuko du.
Familia palestinar batekin egindako bideo-dei baten inguruko proiektua azalduko du, eta familia horren historian oinarritutako liburu bat sortu du.
“Bere esku-hartzeak erakutsiko du Bizkaitik ere posible dela beste errealitate batzuetan laguntzea, ikastea eta horiekin elkartasunean jardutea”, diote udal ordezkariek.
Topaketa azaroaren 27an, ostegunez, izango da Kultur Etxean, 19:30ean (gazteleraz). Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Ekimen honekin, Etxebarriko Udalak giza eskubideekin duen konpromisoa indartzen du, elkarrizketarako, hausnarketarako eta entzute aktiborako gune bat eskainiz.
☉ Etxebarri
Goma gaineko Bizkaiko txapelketa jokatuko da Etxebarrin azaroaren 29an

Bizkaiko Goma gaineko Sokatira txapelketa jokatuko da azaroaren 29an Etxebarrin.
Frontoian izango da 18:30ean eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak lehiatuko dira.
Abadiño, Gaztedi, Goiherri eta Forua taldeak dira lehiatuko direnak, 8×8 mistoa 580 kiloko kategorian.
Herri Kirol Federazioak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.








