Sareak
[the_ad_group id="3890"]

Gutunak

Gutuna / Julen Gonzalez eta Ainhoa Jugo: ‘Ezkutuko salbuespen egoera’

|

ekoizpen prozesuak aurrera jarraitzen du zenbait lantegietan // Argazkia: Science in HD, Unsplash

Julen Gonzalez eta Ainhoa Jugo herritarrek Gazte Koordinadora Sozialistak agertu dituen neurriak ekarri nahi izan dituzte lerro hauetara. GKSk aipatu dituen lau irizpideez gain, euren hausnarketa labur bat idatzi dute:

Astebete igaro da etxean konfinatzeko agindua eman zigutenetik eta astebete igaro dugu etxeko leihotik begira gaudela. Bizi dugun ezohiko krisi honek, gure egunerokoa errotik aldatu du eta batzuk, egunerokoan erreparatzen ez ditugun eta orain ez ditugun gauzei begira pasatu ditugu egunak. Ezustean harrapatu gintuen guri ere, lehen egunetan; zer pentsatu, zer egin eta lagunekin hitz egiterakoan zer erantzun ere ez genekiela. Baina, eta zer dago guzti honen atzean? Nor da egoeraren erantzulea? Nola da posible aisialdia ukatu eta ekoizpen prozesua martxan jarraitzea?

Argi dagoena da, sortu berri zaigun egoera sozioekonomikoa latza dela. Nonahi entzuten ditugu lan erregularizazio espedienteak burutzen dabiltzala (ERE edo ERTE deritzenak). Esate baterako, INDITEX-ek 37.000 langiletik gorari eragingo dion espediente bat burutuko du. Hau da, Gizarte Segurantzaren eskuetan utziko ditu, Amancio Ortega jaunak bere poltsikotik (soberan duen arren) ordaindu beharrean. Hurrengo hilabeteetan Estatuak bere gain hartu beharko ditu milaka langileren soldatak, goi burgesiak bere irabazi tasa mantentzeko behar adina mekanismo dituelako. Pedro Sanchez erreguka ari zaie enpresariei langileak kaleratu ez ditzaten, eta bitartean 100.000 milioi euro bideratuko ditu enpresa handiak “mantentzera”.

Aste honen hasieran Mercedes, IVECO eta bestelako enpresako langileek ekoizpena gelditu dute, gutxieneko osasun neurriak betetzen ez diren bitartean lanera itzuliko ez direla adieraziz. Baina Eusko Jaurlaritza eta bere ordezkaria den, Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapenaren sailburuak, jarduera mantentzeko, industria babes ekipoez hornituko dutela jakinarazi du. Hau da, milaka langile kutsatzeko arriskuan jarriko ditu, goi burgesiaren aginduei men eginez. Sinesten ez bagaituzue, horra hor, gure eskualdean adibidea, Basauriko Sidenor. Hori gutxi balitz, martxoaren 22an bertako langile batek istripua sufritu zuen lanean zebilela.

Testuinguru honek, egunez egun bizi diren langileak ere ukitu ditu. Besteak beste, etxe garbitzaileak, kontratu tenporaletan dabiltzan gazteak, probaldi, praktiketako kontratatuak… kaleratuak iza(te)n dira. Ondorioz, alokairua, ura, elektrizitatea (bizitzeko beharrezkoak ditugun gutxienekoak) ordaintzeko ezintasunean aurkitzen dira. Baita ere, bere erasotzailearekin bizi diren emakumeak. Infernua besterik ez den etxean konfinatuta egotera behartuak. Martxoaren 22an argitaratu zen EAEn larrialdi egoera adierazi zenetik, indarkeria matxista kasuek gora egin dutela.

Larrialdi egoera beharrean, salbuespen egoera baten aurrean aurkitzen garela esan dezakegu. Klase izaera oso definitu bat duen egoeran gainera. Badakigu nortzuk garen kaltetuak, bizitzeko gurea den gauza bakarra saltzera behartuak gaudenak, langile klaseko kideak. Goi burgesia, gerturatzen ari den atzerapen ekonomikoaren lehen oinarriak ezartzeko, koiuntura berria baliatzen ari da. Hainbarik, langile klaseko kideoi, konfinamendu gogorrenean aurkitzen garen honetan, ofentsibari aurre egiteko baliabide eta antolakuntzarik gabe utzi gaituzte. Horregatik, Gazte Koordinadora Sozialistak martxan jarri berri duen kanpaina politikoak berebiziko garrantzia du. Zeinaren bitartez, salbuespen egoeraren klase izaera (burgesiaren ofentsiba) aditzera ematearekin batera, egunez egun bizi dugun aislamendutik begiak altxatu eta datorkigunari aurrez-aurre heltzeko bidea marrazten digu. Hurrengo lau puntuen baitan laburbiltzen da:

1) Salbuespen neurri politikoak bertan behera utzi eta askatasun politikoa bermatzea

Konfinamendua aitzakitzat jarduera politikoa ukatu digute. Besteak beste, biltzeko askatasuna bertan behera utziz. Hori, ekoizpen prozesuak aurrera jarraitzen duen bitartean (jarduera eten egin den tokietan langileen espontanietateagatik izan da, eta ez mediku eta adituen iritzia gailendu delako). Honek bi gauza agerian uzten ditu: 2007ko krisi kapitalistari gehituko zaion egungo krisiak. langileriarengan joko du. Eta honen bitartez burgesiaren erasoetatik defendatzeko baldintzak kendu dizkigute.

2) Koronabirusaren kausen, dimentsioen eta eraginen egia ezagutaraztea

Kapitalak, gizartearentzat lagungarriak izan beharko liratezkeen produktuen ekoizpenaren esfortzua eta dirua, arma biologikoak, elikagai transgenikoak etab. sortzera bideratzen ditu. Horren eta komunikabideen desinformazioaren aurrean ondorengoa eskatzen dugu: arazoaren jatorria eta ondorioen aurreikuspena zein den eta Espainiako Estatuak ezarri eta ezarriko dituen ondorio ekonomiko eta sozialak zeintzuk izango diren azaltzea.

3) Langile independentziaz burgesiaren ofentsiba ekonomikoak eta politikoak gelditu

Goian aipatu bezala, ondorio guztiak bete-betean sufrituko dituena langileria izango da. Guk izango bai dugu gaixotasunarekin kontaktu gehien, egoerari aurre egiteko baliabide gutxien ditugulako. Eta burgesiak indartzeko baliatuko du. Horregatik beharrezkoa da langileriaren independentzia organikoa indartzea; hau baita gure interesen defentsa bermatzeko era bakarra.

4) Osasun irizpide unibertsala lehenetsi burgesiaren interes partikularren gainetik

Interes ekonomikoak osasun interesen gainetik jarri ditu burgesiak eta honen lekaioa den Espainiar Estatuko gobernuak. Honen aurrean guk argi dugu, osasun irizpide unibertsala.

Kanpaina politiko honek abstrakzioetatik oso urrun, sakbuespen egoerari modu egokian aurre egiteko gutxienekoak ezartzen dizkigu. Hau da, COVID-19ak sortutako osasun krisiaren jatorri eta ondorioen egia jakin behar dugu, ez gaitzatela tontotzat hartu. Ezin digute gure politika egiteko esparrua ukatu, burgesiaren interesen arabera ekoizpen prozesuak martxan jarraitzen duen artean. Gure senide eta lagunen osasuna arriskuan jarriz eta erasoetatik defendatzeko ezintasun absolutuan gaudelarik. Horrez gain, egoera hau koiunturala izatetik oso urrun, gure bizitzetan gelditzera dator. Esan bezala, gerturatzen dagoen atzerapen ekonomikoaren lehen zantzuak bizitzen ari gara. Horregatik, langileon auto antolakuntza indartzea beharrezkoa da. Epe laburreko elkar zaintza bermatzeaz gain, burgesiaren ofentsibari aurre egiteko gaitasunak gureganatuko bai ditugu.

Ez gara nekatuko esateaz; larrialdi egoeraren aurrean, osasuna, egia, askatasun politikoak eta langile antolakuntza.

Gutunak

Gutuna / 10 urte espetxe politikak Xabier Lopez Peña erail zuenetik

|

Argazkia: Galdakaoko Ezker Abertzalea

2013ko martxoaren 30a memorian hiltzaturik dugun data da. Izan ere, frantziar estatuko atzaparretan preso zelarik joan zitzaigun Xabier Lopez Peña.

Giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika anker baten ondorioz hil zen Xabier, eta 10 urte ondoren, Kepa Del Hoyo herrikidearekin gertatu bezala (2017) inork ez du heriotz hauen ardura politikorik hartu bere gain.

Ezin ahaztu sakabanaketak, bakartzeak, zigorren luzatzeak, bizi baldintza negargarriek, osasun asistentzia desegokiak eta abar luze batek ezaugarritzen duela hamarkadetan zehar mendeku gosez aplikatutako espetxe politika.

Euskal preso politikoei aplikatzen zaien espetxe-politikak, salbuespenezko izaera eta mendekuzko orientazioa izateagatik, zigorgabetasun-esparru onartezina osatzen du. Zigor luzeek eta espetxealdiaren baldintza oso gogorrek nabarmen areagotzen dute haien gaixotasunak larriagotzeko aukera, jarraipen mediko eta tratamendu egokirik ez dagoelako.

Xabier hil ondorengo egunak amorruz eta minez gogoratzen ditugu. Senitartekoek jasotako tratua ankerra izan zen, ospitaleratzea egun askotara arte ez ezagutuz, Xabierri bisita egitea eta bere bizitzako azken egunetan txosten medikoak eskuratzea ukatuz eta bisita egitera joan zitzaizkionean haren heriotzaren berri emanez.

Hala ere, indar eta duintasun handiz oroitzen dugun garaia da, Euskal Herri osoan zehar hedatutako elkartasun uholdeagatik: tartean Basauri, Galdakao eta Ziburuko manifestazioak, Urduñan Gazte Danbada ospatzen ari zela antolaturiko deialdia, gorpuaren harrera aireportuan, eta nola ez, Aperribaiko frontoiko ekitaldi erraldoi hura. 10 urteren ondoren bidean darraigu.

Herri honetan gertatutakoa ahaztu ez dadin eta berriro gerta ez dadin.

Garaipenera arte, Xabier.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Urbi Institutuko ikasleek elkartrukea egingo dute maiatzean Portugaleko ikasleekin

|

Urbi Institutuko irakasleak Danimarkako institutuko bat bisitatu zuten otsailean // Urbi Institutua

Basauriko Urbi Institutuak bide luzea egin du Europako proiektuen garapenean. Badira zazpi urte Italian, Grezian, Belgikan eta Lituanian Urbiko ikasleak eta irakasleak bertako ikastetxeetara joaten hasi zirela, lankidetza, kalitatea, inklusioa eta ekitatea, bikaintasuna, sormena eta berrikuntza sustatzeko. Mugikortasun horiek Erasmus+ programari eta eTwinning plataformari esker egin ahal izan dira. 2021-22 ikasturte honetan lanean jarraitu dugu, eta lortutako emaitzak askotarikoak eta oso emankorrak izan dira, Urbi Institutuak duen Erasmus 2020-27 Egiaztapenari esker.

+Participatory Democracy, +Active Citizenship Erasmus+ proiektuaren barruan, atzerriko bi ikastetxerekin bi mugikortasun plan garatu ditugu; Portugaleko Vila Nova de Famalicão Camilo Castelo Branco institutuarekin eta Lituaniako Šiauliai hiriko Juliaus Janonio Gimnazija ikastetxearekin, alegia. Irailean Estrasburgora joan ginen, eta urrian Lituaniara.

Irakasleen mugikortasunari dagokionez, Danimarkako Frederikshavn Handelskole institutua bisitatu zuten lau irakaslek otsailean. Apirilean bi irakasle Txekiar Errepublikako Pilsen hiriko Luďka Pika Gymnázium-era joan ziren. Bi bisiten helburua “behaketa bidezko ikaskuntza” edo “job shadowing” delakoa izan da, hau da, beste irakasle batzuek ematen dituzten eskolak zuzenean behatzea. Aurrez aurre bertako hezkuntza nolakoa den, zer teknika erabiltzen diren edo ikasleek nola ikasten duten ikustea da helburua. Era berean, ikasleek lantzen dituzten gaiak eta egiten dituzten jarduerak aztertzea ere. Horrekin guztiarekin, gure mugetatik haratago ikustea, balio berriak ikastea eta gure eskoletan zer aldatu edo zer hobetu ondorioztatzea lortzen da.

Urbi Institutuan apirilaren 26tik 29ra egingo den beste jarduera berritzaile bat Hizkuntza Klasikoen Irakaskuntzako Metodologia Aktiboko Lehen Ikastaroa izango da. Rogelio Toledo Berlinen bizi den irakasle mexikar adituak emango du ikastaroa, Urbiko ikasle eta irakasleei zein Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleei zuzenduta. Bestalde, maiatzaren 9tik 13ra, Urbiko ikasleek bosgarren eta azken elkartrukea egingo dute Portugalgo Camilo Castelo Branco Vila Nova de Famalicão Institutuan.

Urbiko Nazioartekotze Batzordeak kudeatzen dituen eta Europar Batasuneko Erasmus Programak onartu eta finantzatzen dituen jarduera horiek guztiak eTwinning proiektuek indartzen dituzte. eTwinning +Participatory Democracy +Active Citizenship proiektua, Lituaniako eta Portugalgo bazkideekin batera, eta indoMIT@S proiektua, txekiarrekin eta asturiarrekin batera.

IndoMIT@S proiektuan, ikasleek greziar zein erromatar mitologia klasikoan, asturiarrean, euskal mitologian eta txekiarrean agertzen diren emakumezko pertsonaiak aztertu dituzte, eta haien ezaugarri komunak eta bereizgarriak nabarmendu dituzte. Ondoren, nazioarteko lankidetza-taldeetan hamar  antimit@ sortu dituzte, kanon estetiko tradizionalak hausten dituztenak. Pilseneko ikasle txekiarrek Urbi Institutuko bi irakasleren bisita jaso dute, eta horiek proiektua bertatik bertara ezarri eta bultzatu dute. Zalantzarik gabe, Europako proiektu horiek guztiak dira Urbi Institutuak inguruko beste ikastetxeekin alderatuta dituen ezaugarri bereizgarrietako bat.

Osorik irakurri

Gutunak

Iritzia / Hego Uribeko gazteok zartada! Bat egitetik, hamaika izatera

Zartada Gazte Ekimena antolatu dute martxoaren 18tik 20ra bitartean. Euskal Herriko Gazte Mugimenduetako kideak elkartuko dira, tartean Hego Uribekoak.

|

Zartada Gazte Ekimenean elkartuko dira martxoaren 18tik 20ra Gasteizen Euskal Herriko Gazte Mugimenduetako kideak // Zartada

Sistema heteropatriarkala inoiz baino bortitzagoa da; krisi batetik bestera hezi eta hasi den belaunaldia gara eta gure gurasoak baino okerrago biziko den lehena izango garela diote. Prekarietatea eguneroko ogi dugu, ezegonkortasunak gure bizitzako esparru danak (hezkuntza, enplegua harremanak …) busti ditu eta honek gure osasunean eragina izan du; ansietateak eta depresio kasuek nabarmen egin dute gora, Hego Euskal Herriko 15 eta 29 urte arteko gazteon heriotza kanpo faktoreen artean suzidioa 2na da. Bitartean joera neoliberalak indartzen dabiltza; gero eta gizarte indibidualista, berekoiagoa eraikiz. Itxaropenik gabeko belaunaldia gara, ez dugu etorkizunik ezta erabakimenik. Eta gutxi balitz, gure egoeraren erantzule egin nahi gaituzte, etengabe kriminalizatuz.

Baina hau ez da bakarrik aldatuko, gazteok egoeraz nazkatuta ZARTADA egitera gatoz! Euskal herriak zaintza sistema publiko komunitario bat behar duelako bizitzak erdigunean kokatuko dituena. Euskal Herri euskalduna eta antifaxista eraikitzeko. Merkatuaren logiketatik at kokatuko den hezkuntza nahi dugulako. Planetak eredu jasangarriagoak behar dituelako. Gazte boterea eta antolakuntza aurrera egiteko tresna dugu, sistema heteropatriarkal kapitalistarekin talkan kolektiboki alternatibak eraikitzeko.

Eta horregatik egingo dugu Zartada martxoaren 18, 19 eta 20an. Euskal Herriko gazte mugimenduetako kideak Gasteizen elkartuko gara. Kaleak hartu, egoera desnormalizatu eta hamaika aldarri plazaratzeko. Ikasturte hasieratik gabiltza Hego Uribeko gazteok ere Euskal Herriko gazte mugimenduekin elkarlanean hausnarketak ematen eta asteburua prestatzen, egitaraua laster egingo da publiko.

# 1 egitetik 11 izatera goaz #. Gazteok batuz eta elkarrekin hausnartuz mobilizatuko gara; sistemari arrakalak sortu eta beste eredu bat posible dela ikustarazi nahi dugu, egun bizi dugun testuinguruari gazte ikuspegitik erantzun bateratu bat emateko asmoz. Ez dugulako gure gurasoak baino okerrago biziko den belaunaldia izan nahi. Dena aldatzera goaz

Hego Uribeko gazteak ZARTADA gara! Sistema heteropatriarkal kapitalistari ZARTADA!

 

Leire Delgado, Garbiñe Sagarduy eta Xabitxu Gutierrez
Hego Uribeko Gazte Mugimenduko kideak

Osorik irakurri

Gutunak

Gutuna / Zenbat aldiz izan behar gara erasotuak?

|

2021eko ekainean, Basauriko emakume gazte bat udalerriko ertzain-etxera joan zen eraso saiakera bat salatzeko, eta erasotzailearen ezaugarri fisikoak eman zituen. Artatu zuen agenteak ez zion salaketa jaso nahi izan, erasotzailea identifikatu gabe bazegoen ezin zela ezer egin argudiatuta. Geroago jakin genuen egun horretan bertan ezaugarri bereko beste eraso bat gertatu zela.

Egun batzuk geroago, bi emakumeek salaketa jarri zuten eraso horiengatik. Ez zitzaien jakinarazi abokatu bat eskatzeko eskubidea zutela, beren eskubideei eta izan zitzaketen izapideei buruzko informazioa eta aholkuak jaso ahal izateko.

2021eko uztailaren 4an, Basauriko Asanblada Feministak kexa bat jarri zuen Ertzaintzan, kasu horretan gaizki jokatu zutelako, ez baitzen bete EAEn indarrean dagoen protokoloa.

Kexa horri buruzko informazioa behin eta berriz eskatu ondoren, jaso dugun erantzunak ez digu berriz errepikatuko ez denaren bermerik ematen

Jarraitzen al ditu Ertzaintzak indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzeko protokoloak, edo kontua da jendaurrean ondo geratzea eta kito?

Zure sexu-askatsunaren aurkako erasoren bat jasan baduzu, kontuan izan:

  • Laguntza medikoa behar baduzu, ospitale edo larrialdietako mediku-zentro batera joan
  • Marienea-Basauriko Emakumeen Etxean informazioa eska dezakezu (946 12 41 00), lege-orientazioa jasotzeko edota Basauriko Mugimendu Feministarekin harremanetan
  • Ertzaintzan salaketa jarri nahi baduzu, zure salaketa jaso behar dute derrigorrez. Baina gogoratu, salaketa jarri edo ez, ofiziozko abokatu bat izateko eskubidea duzula, prozesuan aholkuak eta laguntza emango Frogarik izanez gero, aportatu.
  • Baduzu larrialdietako telefono bat 24 orduz erasoen inguruko informazioa jaso ahal izateko (SATEVI, 900 840 111).

 

Egilea: Itziar González Bilbao

Osorik irakurri

Euskara

Gutuna / Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

|

Abenduaren 6an manifestazio nazionala deitu du Euskal Herrian Euskarazek // EHE

Ikusgarria da azken mende erdian euskararen alde euskaldunok egin dugun lana. Zenbatezinak dira urte hauetan euskaraz bizitzeko herriz herri egin ditugun ekimenak eta sortu ditugun egitasmoak. Horri guztiari esker euskara galzoriaren ertzetik urruntzea lortu dugu, harro egoteko modukoa den herri ahalegina izan delarik.

Asko egin eta lortu dugu zalantzarik gabe, baina ez da nahikoa. Euskararen patua amildegitik urrundu dugu baina ezin esan etorkizuna ziurtatua duenik. Ez etorkizuna ezta orainaldia ere, egun ezin baikara euskaraz normaltasunez bizi. Gure haur askok ez dute euskara maila nahikoa lortzen, eta lortzen dutenen kasuan erdaraz hitz egiteko joera nagusi da, ingurune linguistikoak horretara bideratzen baititu. Udalera jotzen dugunean, edo medikuarengana, edo beste zerbitzu publikoetara, langile euskalduna topatzea mirari bat izaten da askotan. Lan munduan zer esanik ez, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Gure bizitzetan gero eta eragin gehiago duten teknologia berrietan ere sinbolikoa da. Hori gutxi ez eta euskararen eta euskaldunon aurkako espainiar eta frantziar estatuen ekinbideak ez du etenik, azken egunetako adierazpen eta epaiek adierazten diguten bezala.

Urteotan euskararen alde egindako lan guztia bururaino eraman eta euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko burujabetza behar dugu ezinbestean. Soilik euskaldunoi dagokigu erabakitzea zein nolako hizkuntza-politika aplikatu behar den gure herrian. Burujabetzarik gabe kanpoan erabaki eta ezartzen digute euskararen hedapena noraino eta nolakoa den, gure eskumenak erabaki horiek mugatuak direlarik, mendekotasun egoeran.

Ondorioz, duela 40 urte gure herrian ezagutu genuen euskararen aldeko susperraldi berri baten beharra dugu. Pertsona eta talde euskaltzaleak berriz ere aktibatu eta kalera ateratzeko unea dugu. Euskal Herrian Euskarazek kalera ateratzeko deialdia luzatzen dizu beraz euskaltzale lagun hori. Gure eskubideen defentsan eta euskararen alde, abenduaren 6an Durangon deitu dugun manifestaziora gonbidatzen zaitugu. Euskaraz bizitzeko kalera!

Urko Aierbe Sarasola, EHEko kidea

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna