☉ Galdakao
Iritzia / 86 urte igaro dira jada
Gaur, duela 86 urte Faxistek Galdakao bonbardeatu zuten, Plazakoetxeko babeslekua jo eta laguntzera joan zirenak metrallatu zituzten. Orotara, 24 galdakoztar erail zituzten faxistek eta hilabete batzuk geroago burdin hesia gainditu eta Francoren armadaren menpe gelditu zen herria.
Lehenik eta behin, ezinbestekoa da eraildako herritarrak omendu, emandako gertakariak gogoratu eta bertatik irakaspen politikoak ateratzea. Izan ere, urte asko igaro diren arren, gaur egun adierazpen faxisten gorakada eta estatuaren autoritarizaziorako joerak indar handia hartzen ari diren fenomenoak dira. Funtsean, egungo krisia testuinguruan ematen ari den gizartearen eta estatuaren faxistizazio prozesuaren adierazle zuzenak dira.
Burgesiak, egun bizitzen ari garen krisi testuinguruan sortu daitekeen ezegonkortasuna apaltzea du helburu, independentzia politikoan oinarritzen diren adierazpenak erasotu (eskubide politikoen urraketen bitartez) eta etorkizuneko langileria disziplinamendu mekanismo geroz eta zorrotzagoetan hezteko asmoz (plataforma digitalak, segurtasun kamerak, presentzia polizial itogarria…). Horregaitik, esan daiteke, gobernu faxista ekoizpen eredu kapitalistan gizartea antolatzeko modu konkretu bat dela, krisiaren erreakzio bezala gaurkotu dena, alegia.
Izan ere, faxismoak bizitzen ari garen garai ilun honetan bere programa baztertzailea langileriaren baitan zabaltzea du helburu, proletalgo babesgabearen kontra eginez. Hala nola, komunitate nazionalaren modernizazio bat planteatzen dute. Orden soziala eta ongizatea berreskuratzeko identitate nazionalaren defentsa sutsua egiten dute, klase ertain nazionalaren baldintza ekonomiko eta sozialen okertzearen errudun proletalgo migratzailea aurkeztuz. Honela, subiranotasun nazionala mantentzea ezinbesteko premisa bezala aurkezten dute, estatu aparatuen defentsa sutsu bat proposatuz; finean, biraje autoritarioaren atxikipena lortzeko, Estatua elite ekonomikoek sortutako krisiaren aterabide bezala aurkezten dute.
Gauzak honela, krisiaren aurrean berriro ere metaketa fase bat abiarazteko beharrezkoak zaizkion neurriak aplikatzen ari da burgesia. Ezegonkortasunaren aurrean posizioak indartu eta proletalgoaren dominazioan sakontzen jarraitzeko, krisi testuinguruak bultzatuta (hein handi batean), gizartearen faxistizazioa ematen ari da. Horren aurrean, faxismoa gobernutik bota baino, bere oinarriak suntsituko dituen proiektua, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa, gorpuztea beharrezkoa zaigu. Langileriaren klase batasuna eraiki behar dugu, proletalgoaren interes historikoen arabera antolatu eta botere komunista bat gorpuztea ezinbestekoa zaigu, gizabanakoen askatasun erreala, zapalkuntzarik eta diskriminaziorik gabeko gizartea eraiki ahal izateko.
☉ Galdakao
Gurasolagun egitasmoaren urteko lehen tailerra antolatuko dute bihar Galdakaon
Berbalagunak martxan dira urritik Hego Uribe eskualdean, eta Gurasolagunak ere hasiko dira urtarriletik aurrera elkartzen.
Galdakaon urtarrilaren 24an antolatu dute ikasturteko lehen tailerra: Igel mihiluzeak. Barandiaran AEK Euskaltegian izango da tailerra, 17:15etik aurrera.
Tailerra 3 eta 9 urte bitarteko umeentzat eta euren familientzat dago zuzenduta. Materiala bertan jasoko dute.
“Ikasturteko lehen tailerra izango da. Beraz, proiektua ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke. Euskaraz aritzea eta ondo pasatzeko gogoa izatea da eskatzen dugun bakarra”, diote Hego Uribeko Berbalagunetik.
☉ Galdakao
Fernando Izagirre DYAko presidente izandakoarentzat 7 urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak
Ikerketa judiziala 2022an hasi eta hilabete honetan bukatu da. Izagirre eta Juan Diego Gallardo bere bazkidea epaiketaren zain daude orain
DYAko presidente izan zen garaian (2016-2021) ustez egindako irregulartasunengatik ikerketapean egon da Fernando Izagirre galdakoztarra.
Ikerketa 2022an hasi zuten eta ia hiru urte ostean, epaiketaren zain geratuko da akusatua, baita Juan Diego Gallardo bere bazkidea ere.
Fiskaltzak 7 urteko espetxe-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi DYAren egoera ekonomikoa islatu behar zuten dokumentuak faltsutzeagatik. Gallardorentzat 4 urteko kartzela-zigorra eskatu du.
Era berean, bi inputatuek DYAri 4,75 milioi euro baino gehiagoko kalte-ordaina ematea eskatu du Fiskaltzak. Eta akusatuen “bizibideak” eta “ondasunak” ikertzeko agindu dio Poliziari, etorkizunean gerta daitezkeen enbargoei begira, kondena bete behar badute.
Akusazio partikularrak, DYAk berak, urte gehiagoko espetxe-zigorra eskatu du inputatuentzat, eta Estibaliz Guevara aurreko gerentea epaitzea ere eskatu du, baina azken eskaera hori ez dute onartu eta errekurtso judizial baten zain dago.
Ikerketa 2022tik
DYAko zuzendaritza batzorde berriak salaketa jarri zuen 2022an, barne-auditoria batek alarmak piztu ondoren. Zehazki, “gauza arraro askorerekin” egin zuten topo auditorian, besteak beste, “diru txartelen erabilera okerra”.
Salaketa publiko egin eta Izagirrek Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendari karguari eta Galdakaoko Udaleko EAJren bozeramailetzari uko egin zuen.
1986an hasi zen boluntario gisa Izagirre DYAn eta 2016an izendatu zuten presidente. 2021ean kargua utzi zuen Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaritza hartu ondoren.
☉ Galdakao
Galdakaoko Ibilaldiaren abestia aurkeztuko du Eguzkibegi Ikastolak otsailean
Ibilaldia izango da aurten Galdakaon, maiatzaren 25ean. Eguzkibegi Ikastola antolaketa lanetan ari da eta iazko ekainean leloa eta logoa iragarri ondoren, otsailean abestia aurkeztuko dute.
Otsailaren 21ean, ostiralez, izango da 2025eko Ibilaldiaren abestiaren aurkezpena Torrezabalen. Ekitaldia arratsaldean izango da, baina oraindik ordua zehazteke dago.
Bestetik, otsailaren 23an Kanporamartxoa antolatuko dute Eguzkibegik, Ganguren Mendi Taldeak, Adiskide Pilota Taldeak eta Andra Mari Dantza Taldeak. Azken hiru elkarte galdakoztarrek urteurrenak ospatuko dituzte aurten.
Bizkaiko ikastolen egun handia iritsi bitartean, hamaika ekintza antolatuko ditu Eguzkibegik. Lehena urtarrilaren 19an izan zen: Herri kirolen desafioa. Hemen argazkiak!
☉ Galdakao
Bideoa / Ibilaldia 2025 batzordea: “Herri kirolen desafioa arrakastatsua izan da! Oso pozik gaude”
Ibilaldia izango da aurten Galdakaon, maiatzaren 25ean. Eguzkibegi Ikastola antolaketa lanetan ari da eta Bizkaiko ikastolen egun handia iritsi bitartean, hamaika ekintza antolatuko dituzte.
Urteko lehen jarduera urtarrilaren 19an, igandez, egin zuten Kurtzeko plazan: Herri kirolen desafioa. Hemen argazkiak!
Otsailean, bi ekintza izango dira: alde batetik, hilaren 21ean aurtengo Ibilaldiaren abestia aurkeztuko dute Torrezabalen, eta otsailaren 23an Kanporamartxoa antolatuko dute Eguzkibegik, Ganguren Mendi Taldeak, Adiskide Pilota Taldeak eta Andra Mari Dantza Taldeak. Azken hiru elkarte galdakoztarrek urteurrenak ospatuko dituzte aurten.
☉ Galdakao
Argazkiak / Ibilaldiaren urteari hasiera emateko Herri kirolen desafioa giro bikainean ospatu dute Galdakaon
Ibilaldia antolatuko du maiatzaren 25ean Eguzkibegi Ikastolak Galdakaon. Herrian giroa prestatzeko ekintzak antolatzen hasi dira: gaur, urtarrilak 18, Herri kirolen desafioa izan da Kurtzeko plazan. Eguraldi bikainarekin, giroa ezin hobea izan da! Hona hemen GEURIAn egin ditugun 86 argazki!