Iritziak

Iritzia | Azaroak 25 indarkeria matxistaren aurka

Kapitalismoaren egiturazko biolentziaren baitan, emakume langileon kontrako biolentziak hartzen duen forma zehatza da indarkeria matxista. Gaur egungo egoerari erreparatuz, indarkeria matxistaren hedapen handia ikus dezakegu, eta hori gutxi balitz, biolentzia forma berriak agertzen eta indartzen joan dira.

Insituzioei dagokienez, ez dira gai arazoari aurre egiteko; izan ere, biolentziaren errora heltzeak genero zapalkuntza mantentzen eta erreproduzitzen duen gizarte kapitalistaren gainditzea suposatzen du. Nahiz eta instituzio burgesek indarkeria matxistarekin amaitzeko proposamenak aurkeztu, arazoaren ondorioen kudeaketan geratzen dira soilik, biolentziaren iturrira jo barik. Zentzu horretan, haien aurpegi zuriketarako baliagarriak zaizkie martxan jartzen dituzten protokolo eta prebentzio kanpaina desberdinak. Gainera, errekurtsoak insituzioek duten finantziazio ekonomikoaren araberakoak dira, beraz haien zerbitzuetan baldintza duinak emateko mugekin aurkitzen dira beti, eta krisi garaian hauek are gehiago okertu daitezke.

Indarkeria matxistari aurre egiteko duten borondate eta gaitasun faltaren aurrean, emakume langileok modu independientean antolatzeko beharra argia da, instuzioetatik at. Modu horretan lortuko dugu indarkeria matxistari aurre egiteko planteamendu osatu bat garatzea, emakume langileon babesa antolatzea eta erasotzaileak borrokatzeko bide desberdinak planteatzea ahalbidetuko duena.

Itaiatik, norabide horretan lan egin da azaroan zehar, Euskal Herriko txoko desberdinetan borrokak abiaraziz eta mobilizazioak deituz. Indarkeria matxistarekin baita edozein dominazio formekin amaitzeko helburua duen proiektu politikoaren eraikuntzan oinarrituko dugu gure jardun politikoaren garapena.

Jardun horri ekarpena egiteko bidean, Hego Uribeko Itaiatik zenbait ekintza burutu dira azaroan zehar: Itaiaren aurkezpena, indarkeria matxistaren berri emateko infopuntuak eta pankartak egiteko lan eguna. Azkenik, indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioa deitu da Basaurin, Bentako plazan, Azaroak 25, arratsaldeko 18:00etan.

Animatu eta batu mobilizaziora!

_

Jone Galindez
Hego Uribeko Itaia

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak