Sareak

Iritziak

Iritzia / Bon apétit

Aitarengandik ikasi nuen leziorik garrantzitsuena zera da: taberna bat defnitzen duena ez da tortilla pintxoa edo garagardoa apar ugariz zerbitzatzen dutenentz. Taberna baten ikurra kafea da.

|

Taberna baten barraren atzean hazi nintzen. Aitarengandik ikasi nuen leziorik garrantzitsuena zera da: taberna bat defnitzen duena ez da tortilla pintxoa edo garagardoa apar ugariz zerbitzatzen dutenentz. Taberna baten ikurra kafea da. Berari hutsa eta laburra gustatzen zitzaion. Tabernaren esentzia harrapatzen zuen kikara txiki batean lehen zurrupadan eta, halaber, zerbitzariaren profesionaltasuna. Nolako kafea halako morroia!

Ama sukaldaria zen jatetxean. Lagun bat gonbidatzen banuen etxera, amak ez zion galdetzen gurasoei buruz edo ikastetxean ateratzen zituen noten inguruan. Berak lagunak jaten zuenari erreparatzen zion. Jatun ona bazen, “Jatorra zure laguna!” esango zidan amak hark alde egin ondoren. Bestela, muturra okertuko zuen gaitzespena egiteko. Nolako jatuna halako laguna!

Agian sinpleegia da metodoa, baina horrela ikasi dut nik pertsonak eta baita herriak epaitzen. Esate baterako, ingelesak ez dira fidagarriak. Ezagutu al duzue kafe on bat prestatzen duen ingelesik? Goraipatu behar dugu fish and chips bertako sukaldaritzaren ikurtzat duen herri bat?

Frantzian ibili naiz aurten oporretan. Taberna batean café petit noir, au lâit edo noisette bat hartuta, berehala sentitzen nuen toilette-a bisitatzeko beharra. Ostera, Camembert gazta apur batek, labetik atera berriko baguette batean sartuta, zerura eramaten ninduen komunetik pasatu gabe. Eta zer esan Landetako moule (muskuilu) gozoei buruz? C’est super!

Udako esperientzia honek gizakiak epaitzeko ditudan printzipioak zein ahulak diren ikustarazi dit. Barre egiten duen irakurle horrek hausnartu al du zeintzuk diren pertsonak epaitzeko erabiltzen dituen parametroak? Baita nola bereganatuzituen ere? On dagizula!

Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari

Geuriak 10 urte / Arkaitoren komikia: “Aurrera begire”

|

Osorik irakurri

Azal-ilustratua

Geuriak 10 urte / Karmele Gorroñoren ilustrazioa

|

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Borrokak batzen gaitu / Ernai

Errelato partzial, oportunista eta interes jakin batzuen aldekoaren aurrean, herri memoria eraiki eta defendatzearen hautua egiten dugu

|

basauri anton ferrero 2017 omenaldia 0
2017ko omenaldia / Geuria

Orain 48 urte, 1976ko martxoaren 3an, hain zuzen, gasteiztar langileak herriarentzako bizi baldintza hobeak lortzeko borrokan ari zirela, Guardia Zibilak Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda erail zituen. Gasteizko langileen borrokari elkartasuna adierazteko eta martxoaren 3ko gertakarietan izandako 5 hilketak gaitzesteko, Euskal Herriko langileek kaleak hartu zituzten hainbat egunez. Mobilizazio horietan zehar, Bingen Anton Ferrero, 18 urteko gaztea, akatu zuen Guardia Zibilak Basaurin eta Juan Gabriel Rodrigo Tarragonan.

Gertakizun horien osteko hurrengo egun seinalatuetan, Basaurin eta beste herri askotan mobilizazio jendetsuak egin ziren. Hego Uriben martxoaren 8a izan zen tentsio handieneko eguna; goiz – goizetik, eskualde osoak lanaldia gelditu zuen, langileak lantegietatik atera ziren unetik hasi ziren Guardia Zibilaren mehatxu eta kargak. Poliziak, asanblada lekua blokeatzearekin batera,  mobilizazioak zein kargak herri osoan zehar zabaldu ziren eta zauritu ugari egon ziren. Horri jarraituz, 11:30ak aldera, Bingen Anton Ferrero, beste hainbat gazte eta langilerekin asanbladara bidean zihoala 7 metrotik botatako Guardia Zibilaren bala batek buruan jo zuen. Ordu gutxira hil zen Basurtoko ospitalean. Herriaren erantzuna garbia izan zen, kaleak eta hiria kolapsatuta mantendu baitzituen langile mugimenduak. Langileek argi zuten: “los trabajadores no cesarán en su lucha por la libertad aunque dejen su sangre en el camino”.

Hurrengo egunean, eskualdeak berriz lan – etena egin zuen, luto eguna antolatu baitzuten Bingen Antonen omenez. Goizean, martxa isila burutu zen herrian eta  40.000 herritarrek parte hartu zuen. Arratsaldeko hiletan, berriz 50.000 herritar bertaratu ziren, Bingen Antonen familiari babesa erakutsiaz. Horrez gain, langileek borrokari jarraipena eman zioten, ez zuten kaleratzerik onartuko eta atxilotuak askatzen ez bazituzten, greba orokorrak jarraituko zuela ere, adierazi zuten.

Kontatutako gertakizun hau, ez da errelatu hutsa, 1976ko martxoaren 3an jasandako neurgabeko indar polizialak gaur egun darrai, horren seinale, orain egun batzuk Gasteizen gertatutako, 2024ko martxoaren 3an, eraildako langileen omenez egindako manifestazioa, poliziak, 1976an bezalako neurgabekeriarekin kargatu zuen zaurituak  utziz.

Orduko gazte zein ikasleek antolakuntzaren aldeko hautua egin zuten, momentu hura eraldaketarako une gisa irakurriz, gazteak borrokaren lehen lerroan pausatu ziren. Egun ere, gazteok sinetsita gaude eraldaketa gazteon eskutik etorriko dela, gazte izanagatik herri hau eraldatzeko, antolatzea ezinbestekoa dela badakigulako; hala jardun dugu azken hilabeteotan: kaleak feminismoz bustiz Greba Feminista Orokorrean, gure hizkuntza defendatuz, Palestinari elkartasuna adieraziz, gazteon osasun mentalaren garrantzia azpimarratuz, etxebizitza eskubidea defendatuz edota memoria ekimenak martxan jarriz besteak beste.

Errelato partzial, oportunista eta interes jakin batzuen aldekoaren aurrean, herri memoria eraiki eta defendatzearen hautua egiten dugu. 48 urte pasa diren arren, paretetan bala hiltzaileen zuloak ikusten dira; askok ahaztu nahi duten historia dakarkigute gogora. Horregatik diogu, funtsezkoa dela belaunaldi gisa transmisioan egiteke dugun lana, gaur egungo gazteok belaunaldi berriei gure herriaren bizipen eta irakaspenak helarazteko konpromisoa dugulako.

Borrokak etenik ez duela argi dugu, aurrera jarraituko du, gure bizitzak borrokan defendatuko ditugu, molde edo formaz aldatuz baina beti aurrera eginez. Atzoko protestek, grebek zein mobilizazioek, gaurko borrokarekin bat egingo dute. Finean, borrokak batzen gaitu.

Gora langileon borroka!

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia I M8ko feminismoak

Zaharrak, gazteak, arrazalizatuak, mi-
granteak…feminismo asko daude femi-
nismoaren baitan

|

Zutabe honetako protagonistak esku artean daukazun martxoko Geurian agertzen diren emakume elkarrizketatuetako batzuk dira, eta bertan jasoko ditudanak euren esanen laburpen bat besterik ez.

Tania Martínez Portugal EHU-ko irakasleak pluralgilea itsatsi dio feminismo hitzari, eta zehaztu du “Feminismoen –pluralean aipatzea gustoko dut- aldarrikapenak ezberdinak eta ugariak dira, subjetu politikoa, emakumeak*, ezberdinak garelako, eta zapalkuntza ardatz ezberdinak gurutzatzen gaituztelako.

Ez da berdina emakume txuri, ekonomikoki autonomo eta heterosexual batek bizi dezakeen zapalkuntza esperientzia, edo emakume arrazializatu, migrante eta ekonomikoki arazoak duenarena, adibidez. “Horregatik”, borobildu du “garrantzitsua da tokian tokiko mugimendu feministak bere agenda politikoan egoera ezberdin hauei erantzuna eman ahal izateko ildoak jorratzea”.

Abiapuntu hori hartuta, zaharrak berri eta, esamoldea aldrebestua, berriak zahar gure eskualdean; Basauriren kasuan, emakume feminista zaharren taldea “gizartean ezarritakotik haratago zahartzaroa nola eraiki eta bizi pentsatzeko” sortu zuten, eta Zaratamon, aldiz, Ane, Izaro eta Miren gazteek aldarrikatu dute herri txikietan ardura handia dutela herritar guztiek, feminismoak aurrera egingo badu.

Zaharrak, gazteak, arrazalizatuak, migranteak… feminismo asko daude feminismoaren baitan, eta Izaskun Landaida ugaotarrak feminismoaren eremu instituzionala ezagutu eta aldarrikatzen du: “Egia da bidea dagoela egiteko baina aitortu behar da lan asko egin dela eta egiten ari dela esparru ezberdinetatik eta esparru ezberdinetan. Bestela atzera begiratu eta galdetu gure amama eta amei”.

Miren Beltran eta Ainhize Egiguren ama-alabak, ordea, egunerokotasunari lotu zatzaizkio, agerikoa dena agerian uzteko: “Herriko tabernetara joatean ikusten da nor dagoen traguak hartzen eta nor etxean bazkaria edo haurrak zaintzen”.

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia I Altxor bat

|

Nork, zer, noiz, non, zergatik. Horiek dira kazetari batek bere buruari luzatu behar dizkion oinarrizko galderak albiste bat lantzen ari denean. Onartuko dizuet hasiera-hasieratik ez dakidala zutabe honen abiapuntua den esaldia nork esan zuen, ezta irratiko tertulia goiztiar horietako batean entzun nuen, edo, baliteke, nahiz eta ezin dudan ziurtatu, eguerdiko telebista saio batean aditu izana, edo apika, zergatik ez, loa hartu aurretik jartzen dudan podcast batean.

Bost galdera horietatik, beraz, bi bakarrik erantzun ditzaket, eta erdizka. Argi dudan gauza bakarra asaldura eragin zidan esaldia da: “Osakidetza gure altxorra da”. Kezkaren zergatia? Musika ezaguna egiten zaidalako, hitz horien atzean ezkutatzen den zentzu sakon eta gordeaz sumatu dezakedala zer edo zer, euskalgintzan aldez edo moldez aritu garenok eskarmentu handia daukagulako halako baieztapenekin, Osakidetza hitzaren tokian euskara jarriz.

Euskara ere altxorra omen da, -herri aberatsa gurea, nondik begiratzen zaion-, gure hizkuntza mingain puntan inoiz ez darabilten askorentzat (hori modu disimulatu edo agerikoan kontra ari  ez direnean).Kontua da abenturazko elaberriren bat irakurri duen edonork jakin badakiela altxorrak normalean lurpean edo itsas hondoan ezkutatzen direla, eta esaerak dioen moduan, ez dela urregorria argi egiten duen guztia. Aurkituta ere, saria batentzat, edo gutxi batzuentzat izaten da, eta gutxi-asko beti ekartzen du poz bezainbesteko negar. Literaturaren historia adibidez beteta dago: Eraztunen Jauna, Atxorraren Uhartea, Montecristoko Kondea…

Fikziotik errealitatera salto eginez, Osakidetzak (berdin euskarak) ez du ez altxor bilatzailerik ez metal detektagailurik ez piratarik behar. Izan dadila, bai osasuna eta bai euskara, gailu, tresna, akuilu, eskubide ,eta gizarte hobe baterako abiapuntu. 

Osorik irakurri