Iritziak
Iritzia / Hauteskundeen arrastoak itxialdi egoeran
Itxialdiaren hirugarren asteko igandea. Gaur Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde-eguna izan behar zuen, baina Koronabirusaren eraginez azaleratutako krisiak politikan ere eragina izan du. Alderdiek kanpaina hasi zuten, modu apalean bada ere, otsoari belarriak ikusten hasi baitziren. Txinan hasi, Italian azkar zabaldu eta ordurako gurera ere helduta zegoen Covid-19a.
Aspaldi uko egin zioten kanpainari alderdiek. Hala ere, gure kaleetan agerikoak dira deitutako eta atzeratutako hauteskundeen arrastoak: posta bidezko bozka azaltzeko informazio-orriak edota alderdi bakoitzak bere kartelak jartzeko panelak, besteak beste. Eta etxeetara ere sartu zitzaizkigun hauteskundeak. Alderdiek euren ohiko gutunak bidali ez badituzte ere, errolda-txartelak heldu ziren.
Horiek horrela, osasun krisi egoeran, krisi ekonomikoa ere gainean dugu. Batek ez dio besteari lekua utziko, denak batera daramazkigu gurekin, eta luze emango duela ematen du. Hauteskundeen data atzeratzea erabaki zuten alderdiek, eta agerikoa da azken asteotan politikaren hizka-mizkak moteldu direla. Agian ona da komunikabideotan politikaren ohiko adierazpen-trukeak ez ikustea, agian egunotan beharrezkoa den politika egiten ari diren seinale. Izan ere, mugetara eramaten gaituzten egoera hauek gu guztion izaera agerian jartzen dute: nolakoak garen, zein erabaki hartzen ditugun eta zer egiteko prest gauden.
Iritziak
Iritzia I Musikaz eta euskaraz blai
MAZek eta Rockeinek erakutsi dute euskara eta kalitatea eskutik joan daitezkeela, are, joan badoazela, baita musikaren munduan ere
Musikak protagonismo berezia izango du hurrengo bi asteburuetan Basaurin. Azaroarekin batera, -nahiz eta giroa oraindik ere udatiarra izan- MAZ jaialdia eta Rockein lehiaketa helduko dira herriko kaleetara, eta Social Antzokira. Azken aldian aisialdia euskalduntzeko beharra azpimarratu dute sektoreko hainbat aditu zein taldek. Behar horri erantzunez sortu dira Pantailak Euskaraz bezalako taldeak, besteak beste. Eremu digitala euskalduntzea, eta euskaldunei (bereziki haurrei, nerabeei eta gazteei) eskaintza duin bate egitea funtsezkoa da hizkuntzaren osasunerako. Aurrerapauso txikiak eman dira, tanta bat ozeanoaren erdian, eta badirudi zerbait mugitzen ari direla gure ekosisteman, berandu eta oso astiro bada ere. Basaurira ekarrita, euskarak inoiz baino presentzia nabarmenagoa izango du bai batean zein bestean. Askorentzat horrek ez du garrantzirik, ze, azken finean, zer nahiago duzu, mediku/erizain/irakasle/langile/musika talde ona ala euskalduna?
Dikotomia faltsu horri erantzunez, MAZek eta Rockeinek erakutsi dute euskara eta kalitatea eskutik joan daitezkeela, are, joan badoazela, baita musikaren munduan ere. Musikaren munduan bereziki, gehituko nuke; sorkuntzarekin lotutako beste arlo askotan gure hizkuntza zokoratuta egon izan den bitartean, musika arnasgune bat bilakatu da maiz, eta horren adierazgarri dira azken hamarkadetan loratu diren musika talde, estilo eta eszena ezberdinak. Zailtasunak zailtasun, euskaraz egindako musikak badauka prestigioa eta sona gure gizartean, bada gai gazte jendea erakartzeko, eta artista askori musikaren mundu gupidagabean leiho bat zabaldu eta arnasa sakon hartzeko parada ematen die. Munduan egoteko modu eta leku bat, azken finean.
Gozatu dezagun musikaren hizkuntza unibertsalaz, baita euskaraz ere.
Zutabeak
Iritzia / Egunero (ez) da Martxoak 8
Demagun emakumea zarela eta haurdun zaudela.
Demagun erakunde publiko batek antolatutako lan eskaintza publiko baten izena eman duzula eta azterteketaren egunean bertan erditzea eragingo dizutela, Osakidetzak aurreikusitako erditze-data igaro delako eta ezin delako gehiago atzeratu.
Demagun lan eskaintza hori zuzentzeko izendatutako epaimahaiko kideei zure egoeraren berri ematen diezula, alegia, azterketaren egunean bertan erditzea probokatuko dizutela eta, Berdintasun legeak zein lan eskaintzaren oinarriek aurreikusten duten bezala, zure parte hartzea prozesuan beste interesdunekiko baldintza berdintsuetan egiteko hartu beharreko neurriak har ditzan eskatzen diezun.
Demagun epaimahaikide horiek ebazten dutela baietz, zure egoera dela eta moldatuko dutela azterketaren ezaugarritzea eta aukera ematen dizutela ospitalean bertan azterketa egiteko, hau da, azterketa egin beharko duzula ohiko deialdiaren egun berean, erditzerako prestatzen ari zaren bitartean, erditzen zaren bitartean edo erditu berritan.
Ez dirudi egoera horretan azterketa bat egitea aurretik aipatutako berdintasun printzipio horrekin bat datorren, ezta? Ez dirudi ezta ere Berdintasun legearen 1/2023 Legegintzako Dekretuak bere 21. artikuluko d) atalean adierazten duen aipuarekin bat datorrenik: “Neurri batzuk, hautaketa-prozesuak… garatzerakoan amatasunari behar bezalako babesa emateko bai jaio aurreko aldietan bai jaiotza ondoko aldietan… sexuan oinarritutako diskriminazio-egoerarik ez gertatzeko. … deialdi bakarreko sistemaren araberako ariketak edo probak edo hautagaiak bertaratzea eskatzen duten bestelako jarduerak … haurduntza-, erditze- edo edoskitze-egoerek, … ekitaldiaren denbora- edo leku-inguruabarrak aldatzea eragin dezakete … Aldaketa-eskabideak kontuan hartzerakoan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako antolamendu-neurriak hartuko dira hautagai guztien lehia-berdintasunaren printzipioa bermatzeko”.
Are gehiago, dirudiena zera da: sexu izaeragatiko diskriminazio zuzeneko kasu baten aurrean gaudela, haurdun egoteagatik diskriminatuta hain zuzen ere.
Ba horixe bera gertatu zaio Z.G.G.-ri, Basauriko Udalak Etxe Maitia nagusien egoitzarako antolatutako lan eskaintza publikoan izena emandako basauriarrari. Ondorioa? Azterketarik egin ez eta prozesutik kanporatua. Nori okurritu ahal zaio erditzen zaren egunean azterketa bat egiteko moduan egongo zarenik?
Basauriko Udala urtero-urtero lerrokatzen da emakumeen eskubideekin Martxoak 8aren bueltan, urte osoan zehar berdintasunaren aldeko eta sexu-arrazoiengatiko diskriminazio ororen aurka borrokatzeko prest agertzen da baina, tamalez, badirudi konpromiso horiek guztiak praktikan jartzeko momentua heltzen denean haizeak eramaten dituela…
Zenbat dagoen egiteke oraindik.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Arkaitoren komikia: “Aurrera begire”
Azal-ilustratua
Geuriak 10 urte / Karmele Gorroñoren ilustrazioa
Zutabeak
Iritzia / Borrokak batzen gaitu / Ernai
Errelato partzial, oportunista eta interes jakin batzuen aldekoaren aurrean, herri memoria eraiki eta defendatzearen hautua egiten dugu
Orain 48 urte, 1976ko martxoaren 3an, hain zuzen, gasteiztar langileak herriarentzako bizi baldintza hobeak lortzeko borrokan ari zirela, Guardia Zibilak Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda erail zituen. Gasteizko langileen borrokari elkartasuna adierazteko eta martxoaren 3ko gertakarietan izandako 5 hilketak gaitzesteko, Euskal Herriko langileek kaleak hartu zituzten hainbat egunez. Mobilizazio horietan zehar, Bingen Anton Ferrero, 18 urteko gaztea, akatu zuen Guardia Zibilak Basaurin eta Juan Gabriel Rodrigo Tarragonan.
Gertakizun horien osteko hurrengo egun seinalatuetan, Basaurin eta beste herri askotan mobilizazio jendetsuak egin ziren. Hego Uriben martxoaren 8a izan zen tentsio handieneko eguna; goiz – goizetik, eskualde osoak lanaldia gelditu zuen, langileak lantegietatik atera ziren unetik hasi ziren Guardia Zibilaren mehatxu eta kargak. Poliziak, asanblada lekua blokeatzearekin batera, mobilizazioak zein kargak herri osoan zehar zabaldu ziren eta zauritu ugari egon ziren. Horri jarraituz, 11:30ak aldera, Bingen Anton Ferrero, beste hainbat gazte eta langilerekin asanbladara bidean zihoala 7 metrotik botatako Guardia Zibilaren bala batek buruan jo zuen. Ordu gutxira hil zen Basurtoko ospitalean. Herriaren erantzuna garbia izan zen, kaleak eta hiria kolapsatuta mantendu baitzituen langile mugimenduak. Langileek argi zuten: “los trabajadores no cesarán en su lucha por la libertad aunque dejen su sangre en el camino”.
Hurrengo egunean, eskualdeak berriz lan – etena egin zuen, luto eguna antolatu baitzuten Bingen Antonen omenez. Goizean, martxa isila burutu zen herrian eta 40.000 herritarrek parte hartu zuen. Arratsaldeko hiletan, berriz 50.000 herritar bertaratu ziren, Bingen Antonen familiari babesa erakutsiaz. Horrez gain, langileek borrokari jarraipena eman zioten, ez zuten kaleratzerik onartuko eta atxilotuak askatzen ez bazituzten, greba orokorrak jarraituko zuela ere, adierazi zuten.
Kontatutako gertakizun hau, ez da errelatu hutsa, 1976ko martxoaren 3an jasandako neurgabeko indar polizialak gaur egun darrai, horren seinale, orain egun batzuk Gasteizen gertatutako, 2024ko martxoaren 3an, eraildako langileen omenez egindako manifestazioa, poliziak, 1976an bezalako neurgabekeriarekin kargatu zuen zaurituak utziz.
Orduko gazte zein ikasleek antolakuntzaren aldeko hautua egin zuten, momentu hura eraldaketarako une gisa irakurriz, gazteak borrokaren lehen lerroan pausatu ziren. Egun ere, gazteok sinetsita gaude eraldaketa gazteon eskutik etorriko dela, gazte izanagatik herri hau eraldatzeko, antolatzea ezinbestekoa dela badakigulako; hala jardun dugu azken hilabeteotan: kaleak feminismoz bustiz Greba Feminista Orokorrean, gure hizkuntza defendatuz, Palestinari elkartasuna adieraziz, gazteon osasun mentalaren garrantzia azpimarratuz, etxebizitza eskubidea defendatuz edota memoria ekimenak martxan jarriz besteak beste.
Errelato partzial, oportunista eta interes jakin batzuen aldekoaren aurrean, herri memoria eraiki eta defendatzearen hautua egiten dugu. 48 urte pasa diren arren, paretetan bala hiltzaileen zuloak ikusten dira; askok ahaztu nahi duten historia dakarkigute gogora. Horregatik diogu, funtsezkoa dela belaunaldi gisa transmisioan egiteke dugun lana, gaur egungo gazteok belaunaldi berriei gure herriaren bizipen eta irakaspenak helarazteko konpromisoa dugulako.
Borrokak etenik ez duela argi dugu, aurrera jarraituko du, gure bizitzak borrokan defendatuko ditugu, molde edo formaz aldatuz baina beti aurrera eginez. Atzoko protestek, grebek zein mobilizazioek, gaurko borrokarekin bat egingo dute. Finean, borrokak batzen gaitu.
Gora langileon borroka!