Urte berriari ongi etorria eman diogu duela egun batzuk. 2023. urtearen hasierako egunak igaro ditugu. Pertsona batzuek pozik igaro dituzte egun hauek, beste batzuek ez horren pozik, bakoitzaren egoeraren arabera. Batik bat, egoera pertsonalaren eta ekonomikoaren arabera. Urtarrileko aldaparen aurrean gaude. Prezioen eta tasen igoerek baldintzatzen dute urtarrileko aldapa, eta igoera horiek kontsumitzaileen erosteko ahalmenari eragiten diote. Noiz eta diru gehien gastatzen dugun hilabeteetan!
Bakoitzaren ekonomian bete-betean du eragina urtarrileko aldapak. Abenduan hasten gara aldapa igotzen, eta urtarrilean gorenera iritsi gara. Gabonetako opariak, bazkariak eta afariak dira “errudunak”. Abenduan zehar askeagoak gara diru-zorroa husteko, eta horrek, nola ez, eragina du urtarrileko kontuetan. Gainera, orain, Gabonak atzean utzi ditugula, egoera ez da erabat aldatuko: arropa dendetan Beherapenak hasi dira, eta sistema kapitalista batean bizi garenez, dirua xahutzen jarraituko dugu. Nik beti zalantzak izan ditut ‘Beherapenak’ benetan beherapenak ote diren ala hasi aurretik prezioak igo eta Beherapenak izan bitartean azaroko prezio berak jartzen dituzten. Kapitalismoak erabat engainatuta ote gaitu? Nik baietz uste dut.

2016ko urtarrilean Ivanper galdakoztarrak Geuriarentzat egindako ilustrazioa // Geuria
Teorikoki prezioek gora egiten dute urte hasiera honetan, eta horrek ezinegona sortzen du hainbat eta hainbat familiengan eta norbanakoengan. Hala ere, inflazioaren ondorioak arintzeko zenbait produkturen BEZa kendu edo murriztu du Espainiako gobernuak. Oinarrizko elikagaietan edota emakumeen higieneko produktuetan eman dira beherapenak. Neurri horiek, ordea, ez dira betirako izango: sei hilabetez soilik egongo dira indarrean. Ematen du dirua aurreztuko dugula datozen hilabeteotan, baina zer gertatuko da sei hilabete horiek igaro ondoren? Prezioak 2022ko abenduan bezala mantenduko dira 2023ko uztailaren 1etik aurrera ala are gehiago garestituko dira prezioak bigarren seihilekoan? Erregaien hobarien amaiera konpentsatu nahian ezarri ditu gobernuak neurri horiek. Hauek beste batzuen ordez. Herritarrak pozik edo lasaiago uzteko neurriak.
