Euskara
Euskara ala euskera?

☉ Etxebarri
Euskara Plana egiteko herritarrekin, elkarteekin eta klubekin lan-saioa antolatu du Etxebarriko Udalak otsailaren 26an
Etxebarriko Udalak euskararen inguruko diagnostikoa egin du herritarrek bidalitako ekarpenekin eta hori lan-saio ireki batean partekatuko du

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko prozesuarekin aurrera jarraitzen du Etxebarriko Udalak.
Iraila amaieran herritar guztiei zuzendutako galdetegi irekia martxan jarri zuen Udalak. Galdetegi horretan, euskara egunerokoan erabiltzeko motibazioari buruzko galderak jasotzen ziren, baita Etxebarriko udalerrian euskara zein eremutan erabiltzen den gehien ere.
Ondoren, galdetegiaren bidez bildutako informazio guztiarekin diagnostikoa egin zuen Udalak, eta lan hori egin eta gero, herritarrekin, elkarteekin eta klubekin partekatu eta lan-saio bat antolatu dute.
Otsailaren 26an, ostegunez, izango da lan-saioa 18:15ean Cimen (bigarren solairuko bosgarren gelan).
Bilerara joan nahi duenak izena eman behar du 944 267 005 telefono zenbakira deituz edo euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatziz.
“Ekintza honekin, Udalak berretsi egiten du udalerrian euskara sustatzeko eta normalizatzeko duen konpromisoa, eta herritarrak prozesu horretan parte hartzera animatzen ditu, AROA Plan Estrategiko sendoa eta Etxebarriko errealitatera egokitua erakitzeko”, diote udal ordezkariek.
☉ Basauri
Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketak 750 euro banatuko ditu euskarazko ipuin laburrak saritzeko
Lehiaketaren bederatzigarren edizioan parte hartzeko lanak martxoaren 16ra arte jasoko dituzte. Saritan 750 euroko bonuak banatuko dituzte

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren bederatzigarren edizioa abiatu du Zirt Zart Basaurik. Martxoaren 16ra bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburrak, gehienez 100 hitzekoak, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.
Aurten “Askotan pentsatu nuen une hartan” izango da ipuinek izan behar duten hasiera, antolatzaileek hala erabakita, eta esaldi horretatik abiatu beharko dituzte lanak idazleek.
Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta asmoa da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.
Guztira bost sari banatuko dituzte: lehen sailkatuak 200 euroko bonua jasoko du, biharrenak 150 euroko bonua, hirugarrenak 100 euroko bonua, eta Elkar sariaren zein Basauri sariaren irabazleek bakoitzak 150 euroko bonuak jasoko dituzte.
Elkar sarian 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dituzte aintzat hartuko eta Basauri sarian herrian erroldatua egon beharko da parte hartzailea. Ipuin sarituak GEURIAn argitaratuko ditugu, bai paperezko alean zein webgunean.
Basauriko Udalaren Gazteria arloak antolatzen du lehiaketa eta Elkarren eta GEURIAren laguntza du. 2018an jarri zuten martxan lehiaketa eta urtetik urtera hazi egin da, ez bakarrik Basaurin, baizik eta Euskal Herri mailan ere.
Datuak datu, eta lehiaketak izan dituen formatu desberdinak tarteko, lehenengo edizioan 89 kontakizun jaso zituzten, bigarrenean 83, hirugarrenean 54, laugarrenean 204, bosgarrenean 288, seigarrenean 149, zazpigarrenean 155 eta zortzigarrenean 233.
Iaz honako hauek izan ziren sarituak: Lier Alvarez Palacios (Arrigorriaga), Xabat Irazabal Lopez (Gernika), Aroa Elortza Payros (Bergara), Elorri Argüeso Gundin (Bilbo) eta Zuriñe Leon Salcedo (Basauri).
Erreportajeak
Erreportajea | Euskararen biziberritzea, Nasa herriarentzat eredu
Arkaitz Zarraga soziolinguista basauriarra euskararen biziberritzean aritu da lanean urte luzez, eta pilatutako eskarmentu hori munduko beste herrialde batzuekin partekatu du Garabide GKEren bitartez, bereziki Kolonbian, Nasa herriarekin

Basaurin Arkaitz Zarraga Azurmendi (Durango, 1972) bezala ezagutzen dute, baina Kolonbiako Cauca departamenduko mendi garaietan oso bestelakoa du izena, eta baita izana ere, ‘Kwet Wala’ bezala bataiatu baitzuten aspaldi.
Orain dela hamaika urte hasi zen euskal filologo eta soziolinguista basauriarra ozeano atlantikoa zeharkatzen Nasa herriarekin elkartzeko, eta bi asteko egonaldi horiek beste mundu ikuskera batetaz ikasteko zein Nasa Yuwe hizkuntzaren alfabetatze prozesuan akuilu izateko aukera eman diote Zarragari.
Izena eta izana
Dena izenarekin hasi zen, beraz, Cauca eskualdeko mendi malkartsuetan, orain dela hamarkada luze bat. Zarragak gogoan du nola iritsi berritan neska txiki batekin topo egin zuen: “Ni Nüus Kiwe naiz, euri-lurraldea esan nahi du. Eta zu?”. Bere izenaren esanahia azaldu zionean -harria edo arkaitza-, neskak ez zuen zalantzarik izan: Kwet Wala (Harri Handia edo Arkaitza) izango zen aurrerantzean.

“Izena ematea euren komunitateko atea zabaltzeko modu bat izan zen” dio Arkaitzek. Izan ere, nasatarren kosmobisioan izenak berebiziko garrantzia dauka, eta lurraldearekiko zein norberaren nortasunarekiko lotura bat izan behar du.
Hamaika urte hauetan, Zarraga ez da Nasa Yuwe hizkuntzaren biziberritzean alboan izan dute aholkulari soila izan, euren komunitatearen beste kide bat baizik. Horren adibide, heldu berritan urtero errepikatzen duten errituala: “Estresak jota heltzen gara mendebaldarrak, beti korrika eta beti presaz, eta haiek beti gauza bera esaten digute: ‘zikin’ heltzen garela”. Ez da zikinkeria fisikoa, noski, bizi garen gizarte kapitalista honen ajeak baizik”. Zikinkeria hori garbitze aldera, ‘The Wala’k, herriko gidari espiritualak, errekan sartu ohi ditu mendebaldetarrak, eta harmonizazio erritual baten bidez, landare ezberdinak eta ura erabiliz, euren arimak “garbitzen” ditu.
“Bere hizkuntza berreskuratzeko hautua egiten duen herri batek herri zapalduetan askotan ematen den auto gorrotoa atzean utzi behar du, ezinbestean”
Mundu ikuskera horrek eta gidari espiritualaren iritziek itzal handia daukate komunitatearen egunoroko bizitzan, “ez bakarrik gai erlijiosoei dagokienez, baizik eta nasatarrei eragiten dien edozein arlotan ere”.
Hezkuntzari lotuta, adibidez, “azterketak ilargiaren 13. eta 17.egunen artean egitea pentsezina da eurentzat, erokeria hutsa”.
Garabidetik mundura
Nondik dator, baina, basauriarraren lotura Nasa herriarekin? Arkaitz Zarragaren lana ezin da ulertu Garabide gobernuz kanpoko erakundearen jardunaz hitz egin gabe.
Elkarte honek euskal esperientzia -euskararen biziberritze eta alfabetatze prozesua- munduko beste hizkuntza zapalduen zerbitzura jartzen du, nagusikeria edo kolonialismo lingustikotik aldenduz: “Garabiden zubigileak gara; guk ez dugu esaten zer egin behar duten, guk gure ispilua erakusten diegu haiek euren burua hor ikus dezaten”, azaldu du Arkaitzek.

Garabidek 16 hizkuntza-komunitaterekin lan egin du: Mapucheekin Txilen, Guaraniekin Paraguain edota Quechuekin Andeetan, besteak beste. Nasa herriari dagokionez, Garabideren lankidetza hainbat esparrutan garatu dute, abiapuntua argi izanda: “Garabidek ikastaro bat eskaintzen du Aretxabaletan, eta bertara mundu osoko hainbat herritako kideak etortzen dira, nasatarrak barne. Bertan euskararen biziberritze eta alfatabetatzen egindako hamarkadetako lana aurkezten diegu “.
Hala ere, gaineratu du Zarragak, “bere hizkuntza berreskuratzeko hautua egiten duen herri batek herri zapalduetan askotan ematen den auto gorrotoa atzean utzi behar du “.
Adibide argigarri batekin azaldu du Arkaitzek ideia hori: “Kolonbia aldera joan ginen lehen urtean, jendeari galdetzen genionean ea nasa yuwe hiztunak ziren ezetz esaten ziguten, lotsaz. Azaltzen nienean gure asmoa zein zen, haien hizkuntzarekiko eta kulturarekiko genuen miresmena, jarreraz aldatu eta ahapeka onartzen ziguten baietz, bazekitela”.
Garabiderekin duten elkarlana ikasturte osora zabaltzen den arren, urtero bi astez joaten dira bertara, uda partean: “Askotan esaten diegu gu irakastera baino, ikastera goazela. Proiektu honen azken helburua, arraroa dirudien arren, zera da: denboraren eta garatzen ari garen elkarlanaren poderioz haiek gure behar gero eta txikiagoa izatea”.
Makila armen aurrean
Nasatarrak narkotrafikoak eta gatazka armatuak kolpatutako lurralde batean bizi dira: 4.000 metroraino iristen diren mendi magaletan marihuana eta koka soroak dira nagusi, eta horrek komunitatearen bizimodua erabat baldintzatzen du.
“Garabiden zubigileak gara; guk ez dugu esaten zer egin behar duten, guk gure ispilua erakusten diegu, haiek euren burua hor ikus dezaten”
Egun, gainera, eta Gobernuak 2016an talde armatuekin sinatu zituen bake akordioen albo kalte moduan, FARC talde armatuko hainbat kide disidente narkotrafikoarekin lotutako karteletan hasi dira lanean, eta horrek egoera are gehiago zaildu du: “Nasatarrek FARCekin harreman gatazkatsua zeukaten arren, bazekiten arazoren bat konpontzeko norengana jo behar zuten. Egun, lurraldearen kontrola bere gain hartu du erabat Mexikoko Sinaloako kartelak, eta biolentziak koska bat egin du gora”.
Gustavo Petroren 2022ko garaipenak esperantzarako leiho bat zabaldu zuen arren nasatarren artean, badakite bortizkeria honi aurre egiteko modu bakarra “antolaketa eta batasuna” dela.
1991n onartutako Kolonbiako konstituzioak eskubide eta eskumen jakin batzuk aitortzen dizkio Cauca departamenduko herriari, hala nola hezkuntzan, justizian edo segurtasunean, esate baterako. Egiteko modu horren ikur nagusietako bat da ‘Guardia Indigena’ deritzona: “Armarik gabe babesten dute lurraldea”, azaldu du Arkaitzek harriduraz.
Herritar talde horren defentsa tresna bakarra makila da, eta egur zati horri balio espiritual handia aitortzen diote nasatarrek: “Espirituek emandako indarra du makilak, eta harrigarria bada ere, horrela defendatzen duten euren lurraldea talde armatuen aurrean. Espirituek ematen dieten argitasun horrekin, beldurrik gabe jokatzen dute. Ikusi izan dut euren kideren bat erahil dutenean zelan aurre egin dieten eta atxilotatu dituzten talde armatuetako kideak”.
Etorkizuna ereiten
Testuinguru zail horretan, euskararen esperientziak itxaropena ematen dio nasa herriari: “Nasatarrek bazekiten euren hizkuntza biziberritu nahi zutela, baina ez zekiten zelan egin. Hasiera batean hizkuntza bultzatu nahi zutenak etxez etxe ibiltzen ziren, etxeko lanak egiten zituzten haurrekin, gurasoak nasa yuweraz egiteko xaxatuz”.
“Armarik gabe babesten dute euren lurraldea, makilekin. Espirituek emandako indarra aitortzen diote makilari, eta horrekin aurre egiten diete talde armatuei”
Lan horrek, baina, ez zuen jarraipenik izaten, eta planifikazio baten beharra ezinbestekoa begitandu zitzaien: “Kontutan hartu behar da, gainera, nasa yuweraz 2000. urtean hasi zirela idazten”. Bere lehen egitekoa, beraz, helduentzako kurrikulum bat garatzea izan zen, materiala sortuz eta irakasleak heziz: “Zer eta nola irakatsi nahi genuen erabakitzea egokitu zitzaigun”.
Garabideko kideek euskaltegien esperientzia eta lan egiteko moldea partekatu dute Kolonbian: “Helduentzako lehen mailako ikastaroa sortu dugu. Gramatikalki ez da hizkuntza batere erraza, beraz ikuspegi komunikatibo bat lehenetsi da, hau, eguneroko bizitzan baliogarria izango den hizkuntza bat behar dute nasatarrek”, zehaztu du basauriarrak.
Ikasleen ibilbide akamediko guztia eta administrazioarekin daukaten harremana euren hizkuntzan garatu ahal izatea dira esku artean dituzten beste lehentasunetako batzuk. “Hizkuntza guztietan bezala, eta egoera oso aldakorra den arren, etorkizuna ereiten ari dira, eta horretarako gazteen ekarpena funtsezkoa da: Badaukate irrati bat, sare sozialetan ere oso aktibo dabiltza, facebooken batez ere… “.
Bi herri, bi hizkuntza zapaldu
Euskal Herria eta Kolonbiako Cauca departamendua ez daude elkarrengandik uste bezain urrun. Han ere, herri baten arima bere hizkuntzan datzala argi daukate. Nasa herria, bere lurraldearen defentsan nekaezin, borroka berri batean murgilduta dago: Nasa Yuwe hizkuntza berpiztea. “Mendeetako erresistentzia baten jarraipena da, kolonialismoaren, gaztelaniaren inposaketaren eta gatazka armatuaren aurkakoa” borobildu du Arkaitz Zarragak, ‘Kwet Wala’k, Garabide Gobernuz Kanpoko Erankudeko “zubigileak”.
☉ Arrigorriaga
Korrikaren aurkezpena egingo dute bihar, Arrigorriagan
Ikuskizun umoretsua, Korrika Kulturaren nondik norakoak, luntxa eta peto salmenta egingo dute bertan

Bihar, otsailak 6, Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egingo dute Arrigorriagako Kultur Etxean, 18:00etan.
“Ikuskizun umoretsua, Korrika Kulturaren nondik norakoak, luntxa eta peto salmenta egongo dira. Gogoratu, bildutako dirua helduen alfabetizaziora bideratuko da AEKren bidez. Ez galdu!”, azaldu dute Arrigorriagako Udaletik, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.
“Euskararen aldeko jai handirako motorrak berotzen hasteko unea da!”.
☉ Galdakao
Haurrei zuzendutako argazkigintza tailerra antolatu dute Galdakaon Barikupasa programaren barruan
Urtarrilaren 30ean, ostiralez, izango da tailerra Kurtzeko plazan. Parte hartu nahi duten familiek izena eman behar dute, doan

Barikupasa ekimena bueltan da. Urtarrilaren 30ean urte berriko lehen hitzordua zehaztu dute, eta oraingoan haurrei eta familiei zuzendutako argazkigintza tailerra prestatu dute.
Click eta Click elkarteak dinamizatuko du saioa: Kurtzeko plazan izango da, 17:15etik 18:15era.
Tailerrean parte hartu nahi duten familiek ez dute kamerarik eraman beharko, baina izena eman beharko dute aurretiaz esteka honen bitartez.
Saioan zehar, argazkigintza modu ludikoan landuko dute: “Helburua haurrei hizkuntza bisualarekin lehen harreman hurbil eta eskuragarria eskaintzea da. Horretarako, jolasaren, esperimentazioaren eta sormenaren bidez jorratuko da gaia, txikienen artean diziplina horrenganako interesa eta zaletasuna pizteko asmoz”, diote antolatzaileek.
Ekimena Click eta Click elkarteak 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikastarotik sortu da.











