Betiko zirrara galkorra sentitu du Juanjok Mikelek etxeko txirrina jo duenean. 22 urte bete berri ditu Mikelek, eta azala leun dauka oraindik. Gustuko du Juanjok Mikelen gaztetasuna, haren bizitasuna. Berak ere bizkarrean mende erdi gutxiago izango balu, ziur dago gaztetxoa maiteminduko lukeela. Baina badaki ezinezko duela begi-urdina amoratzea, eta lizunkerien ostean, badaki Mikelek atzera ere ez duela begiratuko atea itxiko duenean, diru-faltan dabilen hurrengoan txirrina berriro joko duen arte. Jakina, Mikelek badauka bere benetako laztanak nori eskaini.
Juanjoren antzera, euskara ere fereka-faltan dabil aspaldion. Bizi gogorra izan duen beteranoa da, azal zaildukoa. Horregatik, sutsuki gozatzen du belarrira eztiki xuxurlatzen dioten bakoitzean, garai bateko duintasuna tantaka dariola, azkeneko aldia izango den beldur. Neurrigabeko gainezkaldiak zeharkatzen du bere gorputza, norbait, diruaren truke edo behartuta, hurbiltasunez mintzo zaion bakoitzean. Burua galduko duen plantak ere egiten ditu askotan, gailurrean zegoenekoak handikeriaz oroitzen dituen bitartean.
Oparoaldian, bere hankarte klandestinoarekin amesten zuten askok. Orain, berriz, hasperen egiten du, Juanjoren antzera, estasi iheskorra agurtzen duenetan. Desira-gose dekadentea asetzen dioten kilimak ordaindu egiten ditu egun, sarriegi. Nahiz eta jakin badakien, adibidez, autoeskoletako amorante berriek ez dutela atzera begiratuko atea itxiko dutenean, eta agure gordintzat joko dutela karrika zapaldu bezain laster, 100 euro gehiago patrikan. Izan ere, haiek ere badute euren benetako laztanak nori eskaini.
