Zutabeak

Adimenaz

Ez dut adimen test bat sekula bukatu. Ezin izan diot inoiz aurre egin proba horietan agertzen diren ariketek sortarazten didaten nagikeriari. Ez dakit, beraz, zein dudan adimen-koefizientea, ez naiz eta, egundo, horrelako proba bat amaitzeko gai izan. Eta, egia esan, ez dakit koefizienterik ote dagoen “ez da proba amaitzeko gai” kasuetarako, baina susmoa dut ez dela oso altua izango. “Ehunetikbeherako” horietako bat izango naiz, akaso.

Inteligentzia edo adimena gizakion sortzetiko trebezia orokorra da, adituen arabera; egoera berean ondokoak baino egokiago edo desegokiago joka dezagula baldintzatzen duena. Maila akademikora ekarrita, ikasle batzuek besteek baino arinago edo motelago ikas dezatela ahalbidetzen duenberezko ezaugarria ei da, eta horri egozten zaizkio, kasu gehienetan, arrakasta eta porrota. Zein irakaslek ez du inoiz esan, edota pentsatu “ikasle honek ez du inoiz ikasiko, ez dauka eta, gaitasun nahikorik”?

“Zein irakaslek ez du inoiz esan, edota pentsatu ‘ikasle honek ez du inoiz ikasiko, ez dauka eta, gaitasun nahikorik’?”

Umetan amak sano inteligentea nintzela esaten zidan beti. Zorionekoa ni, izan ere, haur inteligenteak dituztela sinistuta dauden gurasoen seme-alabek emaitza akademiko hobeak izaten dituztela diote ikerketek, euren genetikan ezer berezirik ez dagoen arren. Eta ikasle inteligenteak dituztela uste duten irakasleen ikasleekin ere gauza bera gertatzen da. Gaitasun orokorrak baino, gaitasun horri buruz dauzkagun usteak eragin handiagoa daukan seinale. Ikerketa horiek guztiek agerian utzi duten arren edozein ikaskuntza prozesutan eragin handiagoa daukatela beste elementu baldintzatzaile batzuek -motibazioak, autokontzeptuak eta autoirudiak, batik bat-, ez dugu lortu adimenaren teoria bera gure erraietatik erraustea.

“Haur inteligenteak dituztela sinistuta dauden gurasoen seme-alabek emaitza akademiko hobeak dituztela diote ikerketek”

Adimena bera, egia esan, psikologian “konstrukto hipotetiko” izenaz ezagutzen dena baino ez da. Alegia, berez -ulertzen dugun eran- , existitzen ez den zerbaiti buruzko izendapen hutsa. Jarrera ezberdinen arteko aldea errazago azaltzeko asmoz propio eraikitako terminoa da; sano baliagarria, batez ere psikologia eta pedagogiaren alorretan, gizakion jokabide ezberdinak azaltzeko, baina oso arriskutsua, benetan existituko bailitzan jokatzen baldin bada, ezaugarri genetiko aldaezin bezala ulertzeak ikaskuntza prozesua bera baldintza dezake eta.

Egia da, jakina, egoera beraren aurreran pertsona batzuek jokabide inteligenteagoa izaten dutela, beste batzuek baino. Egia da, era berean, batzuek beste batzuek baino zailtasun handiagoa erakusten dutela. Baina jokabide inteligenteaz hitz egin beharko genuke -jokabidea ezaugarri aldagarri eta eragingarri gisa ulertuta-, eta ez gaitasunez, azken hau aldaezina baita, eta norbere esku ez dagoen zerbaiti egiten dio eta, erreferentzia.

Adimen estankoaren teoriak ezin du azaldu egoera beretsuan pertsona berberak batzuetan argiago, eta beste batzuetan motelago jokatu izana. Edo, itxuraz gaitasun gutxiago daukaten ikasleak, zergatik izaten diren trebeagoak arrakastatsuagoak baino, oso motibatuta daudenean. Psikologia ikerketa batzuen barruan, irakasleak ikasle motelenak oso adimentsuak direla sinestarazi ostean, zergatik lortu duten, horiek hain zuzen ere, arrakasta handiena ikasgelan. Errotik birrindu beharko genuke, beraz, gizartean hain sakon sustraitutako adimen eta gaitasun orokorraren ideia hori, ez duelako balio ikaskuntza prozesua bera mugatzeko baino. Eta, barkaidazue, baina geure ikaskuntza baldintzatzen duten teoriak eraiki eta sinesteak, gure gaitasuna, bizi guztirako aingura genetikoa bailitzan, zehatza, aldaezina eta neurgarria dela onartzeak, ez du oso inteligentea ematen.

“Barkaidazue, baina geure ikaskuntza baldintzatzen duten teoriak eraiki eta sinesteak, gure gaitasuna, bizi guztirako aingura genetikoa bailitzan, zehatza, aldaezina eta neurgarria dela onartzeak, ez du oso inteligentea ematen”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak