Zutabeak

Aniztasunaren harrotasuna

Ekainaren 28a, aldarrikapen eta ospakizun eguna da. Harrotasunez gorputzak, desirak, harremanak, jolas erotikoak eta plazerrak anitzak direla plazaratzeko eguna da. Jendarteak noiz ulertuko du sexualitate kontuetan ez dagoela normaltasunik, ezta hierarkiarik ere? Sexualitateari beldurra gainditzen ez den bitartean, harrotasunez Bilbon egingo den manifestaldian parte-hartu! .

Marienean, Basauriko Emakumeen Etxean, lesbiana, gay, transexual, bisexual eta transgenero elkarte eta pertsonen lana eta eskubideak bultzatzeko gonbidapena luzatzen dizuet: Ekainaren 20tik aurrera “AnitzEra Martxan” erakusketa ikusi ahal izango duzue. AnitzEra Proiektua, desira eta sexu aniztasuna lantzeko egitasmo parte-hartzailea da: 2014an lehen pausoak eman zituenenetik desira tailerrak, argazki saioak, hitzaldiak, erakusketak eta jaiak egin ditugu. Erakusketa honetan proiektuaren ibilbidearen hainbat argazki ikusi ahal izango dituzue. Ekainaren 30ean, ostegunarekin, 19:00etan “Desira Tailerra” egingo dugu eta 20:00etan Kabaret Histeria ikuskizuna egongo da. Sarrera doakoa izango da, eta pertsona helduei zuzendutako ekintzak dira; beraz, animatu eta etorri.

Kaleetan, eskoletan eta euskal kulturan, oso poliki bada ere, sexualitate aniztasuna agertzen ari da. Ume eta gazteen zoriontasuna bermatzeko aniztasuna izatez guztien ezaugarria dela ulertzea eta naturaltasunez adieraztea premiazkoa da. Horregatik guztion erronka garrantzitsua da bizitzaren hasieratik eta esparru guztietan pertsonak eragozpenik gabeko bizipen sexualak izan ditzaten laguntzea. Aurten, Chrysallis Euskal Herria elkarteak aipamen berezia merezi du, lan pedagogiko handia egin dute eta haiei esker, Ane pirataren komiki berrian naturaltasunez eta ezkutatu gabe lehen neska transexuala agertzen da. Interneten jarri eta egun gutxitan mundu osoko 330.000 pertsonak deskargatu dituzte haien materialak. Bai, bagenekien bidea luzea zela, gogotsu martxan gaude, eta zu ikasteko prest!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak