Arrigorriagan Korrika festa ospatu zuten martxoaren 26an. Bertan lekukotik mezua atera eta Argala plazan irakurri zuten:
Arrigorriaga, eguerdi on!
Erditu da, lekuko erraldoia erditu da.
Eta goxoki artean egondako mezua iritsi zait eskura.
Goxoki artean, goxo.
Gu ere hala etorri ginen mundura,
amaren sabelean, gustura.
Goxokiak, sabela,
bi goxotasun eta bi testura.
Hitzez esan ezin daitekeen hura…
Baina guk, badugu zer esana,
eta nola esana.
Baditugu hitzak,
izenak, adjektiboak, onomatopeiak eta aditzak,
samurrak bezain bortitzak,
eta, alaiak bezala, hitsak.
Badugu hitz-kutxa bat, baina baita hizkuntza bat ere,
izan ere,
zer dira hitzak, hizkuntzarik gabe?
Euskara,
jalgi hadi plazara dio kantu ezagunak.
Baina zer dio gure hitzen oihartzunak?
Garrantzia berezia dauka diogunak,
gu baikara hitzak biziarazten ditugunak.
Euskara,
gure hizkuntza, gure begirada,
hitz egiteko modua ez ezik, mundua ulertzeko modua ere bada.
Euskara,
gure hizkuntza, gure kultura,
herri baten lotura,
eta aldi berean, berezia,
lekutik lekura.
Leku horietako asko igaroko ditu Korrikak,
eta tipi-tapa, tipi-tapa lotuko ditu
Otxandioko kaleak
eta Iruñeako karrikak.
Milaka eta milaka pertsona elkartuko gara bidean,
korrika eta oihuka,
aldi berean,
eta horrela,
euskaraz bizi nahi dugula erakutsiko dugu askoren artean!
Euskaraz bizi, eta euskara bizi nahi dugula.
Eta ez dezagun ahaztu sekula,
euskaraz bizitzeko indarra
mingainean daukagula.
