Zutabeak

Aste laikoa

Eliza-meliza, bertatik denok edan beharreko kaliza! Bada, nik ez dut edan nahi kaliz horretatik, eta ez dut edango, Jesukristok ez bezala (Jesukristok ez zuen edan nahi, baina, azkenean, men egin eta edan egin zuen; eta denok dakigu nola amaitu zen haren historia: gurutzean iltzatuta!). Gurutzean ez, Elizaren predikuek eta ordenantzek iltzatuta hilko gara gu, jakina baita zernolako grina erakutsi izan duen Elizak gure bizimodua haren esanetara makurrarazteko. Esan nahi dizuedana ilustratzeko, dokumentu hau ekarri dizuet:

Elizako ordenantza. Usurbil-en 1887-ko Urriaren 10-an. Erri biztanle guztiak jakin bear dute Elizako ordenanzai guztiak zor diotela obedienzia; guztiak bear diotela lagundu abadeari lege oek ondo kunplitu ditezen; ez dala bidezko gauza, ala kunplitzen ez badira, eliz-gizonari kulpa guztia ematea; bada errian bizi dan edozeñek dauka zeri begiratu, ta dauka ere zér egiñ, eta ez luke ezer balio ordenanza on batzuek ipintzea, baldin Elizari erriko jende guztiak lagunduko ez balio alegiña ongi kunplitu ditezen. Nai luke Eliza onek oraindaño bezela segi dezatela erri ontan oitura onak; nai luke bakoitzaren interesari kalterik ez egin ta erriko elizai mesede eta bear duen errespetoa; nai luke denak elizako jendeen ingurura bateratu ditezen, onen interesak eskudatzeko. Ta uste du agindu oek kunplitzea guztientzat ongi etorriko dala beren osasuna, segurantza eta personen eta ondasunen zaitzerako; ta libratuko dituela ondasun ugariak galtzeko perilletatik. Argatik, erregutzen die erriko guztiai egin dezatela al-duten guztia agindu oek ongi kunplitzeko, ta espero du ez duela premiarik izango, Elizako Legeak bere 77-garren agintean esaten duen eskubidea arturik, norbait kastigatzeko”.

Lasai, gero! Ez, ez da benetako dokumentua; baina, izan zitekeen, ezta? Ez da harritzekoa sinestu egin baduzue, ohituak baikaude horrelakoak hartzen Elizarengandik, hain da handia haren boterea eta indarra! Eta horrek amorratzen nau. Arimaraino nago Elizaren prepotentziaz: inmatrikulatu eta bere egin ditu herriko jendearen esfortzuz eta diruz eraikitako elizak, baselizak eta enparauak; gu geu ere bereganatzeko ahaleginak eta bi egiten ditu: agintzen digu zer egin behar dugun eta zer ez (ez egin lapurretan, ez ibili lagun hurkoaren emaztearekin…).

Agindu ere, agintzen digu noiz hartu behar dugun jai! Horretarako, gure betiko ohiturak erabiltzen ditu: solstizioak, inauteriak, udaberriaren etorrera, besteak beste. Onar dezaket, eta onartzen dut, Olentzero, Agate deuna, San Blas-eta oraindik kutsu paganoa dutelako: Olentzero tripaundia parrandarekin lotzen dugu, Agate deuna dirua biltzeko erabiltzen dugu eta San Blaseko kordoia katarrotik babesteko. Berezko zentzua zeuzkaten gure aurrekoen egutegietan; horregatik nahi izan ditu Elizak bereganatu, guztiz lortu ez duen arren (Jainkoei esker!).

Baina, zer dauka paganotik Aste Santuak? Ezer ere ez. Zentzurik ote zuen gure aurrekoen egutegian? Bat ere ez. Elizak izendutako astea baino ez da, beste saio bat egutegian ere agintzeko. Nik uste dut badugula eskubidea garai horretan oporrak hartzeko; baina, ez Elizak dioelako, ondo irabazita ditugulako baizik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak