Sareak

Komunikabidea

Editoriala / Eta hemen gaude (Geuria 2014-2019)

|

Geuria 054 monografikoaren azala

Geuria – Hego Uribeko herri komunikabideak bost urte bete ditu eta, aitzakiari helduta, begirada orokorra eskaini diogu eskuan duzu tokiko kazetaritzan aritzen den hedabide honen lehen bost urteei. Hori abiapuntua izanda, komunikazioa, gertukoa eta komunitatea terminoak ikuspuntu ezberdinetatik jorratu dituzte eskarmentu handiko duten honako profesional hauek: Alazne Aiestaran, Ibai Villapun, Jone Guenetxea, Aitor Albizua, Janire Egaña, Iker Bizkarguenaga eta Lontzo Sainz.

Ikuspuntu freskoagoa eskaini dute Hego Uribeko herritarrek. Guztira, Geuria komunikabidearen hogeita bi irakurle, parte-hartzaile eta euskal komunitateko kideren hitzak jaso ditu monografiko honek.
Datutegia deritzon atalean, datu gordinak hausnarketa labur batekin lagundu ditugu. Papera, web gunea eta sare sozialen hainbat eta hainbat datu jaso ditugu, 2014an komunikabidea sortu zenetik gaur egunera artekoak. Horiek hamaika irakurketa egiteko bide ematen dute eta lagungarriak izan daitezke komunikabidearen ikuspegi errealago bat edukitzeko. Arlo ekonomikoa jorratzea ere aproposa iruditu zaigu diru iturrien joerak adieraziz oinarrizko datu zehatz batzuk emanda.

Azkenik, langileen hitzak ere jaso ditugu, baita bost urteotan bidelagun ditugun kolaboratzaile, parte-hartzaile, iragarle eta babesleen zerrenda luzea ere. Guztira, hogeita hamabi orrialde gertuko kazetaritzaren egungo egoeraren eta etorkizunera begira dituen erronken inguruan hausnarketarako bide ematen dutenak.

Behin horiek esanda, Geuriak bost urteko ibilbidea bete duela ospatzen dugu, ospatzeko modukoa da eta. “Ez al zenuten espero, bada, honaino heltzea?”, galdetu ziguten joan den hilabetean Galdakaon, eta ez dut gogoratzen zehazki zer erantzun genuen, halako zeozer uste dut: “Ez genuen ezer espero. Bide berri bat ibili behar genuenez, pausoz pauso aritu izan gara bost urte hauetan, bide berri guztien antzerako sentimenduekin: bertigoa, ilusioa eta lana moduko faktoreak. Eta horiek bere horretan mantenduta heldu gara honaino”. Bertigoa errespetu bihurtu da, ilusioa biziberritu eta lana biderkatu, proiektua hazi egin denaren seinale.

Aipatu, Geuriak bere ibilbidean mugarri asko izan dituela, hala nola, jai-herrikoietan, Korrikan, #M8an edota udal-hauteskundeetan egindako jarraipenak, baita iazko Berba eta irudia monografikoa eta apirileko Hiru buruko munstroa dokumentala ere. Azken bi hauek Hego Uribetik egindako lanak, eskualdeko mugak gainditu eta Euskal Herrian sona eduki dutenak.

Eta hortxe dago Geuria gaur egun, begi aurrean duzun monografikoak marrazten duen errealitatean: Hego Uribek badu euskarazko komunikabidea, bizirik dagoena, euskaraz informatzeko eskubidea bermatzen duena, kazetaritzan egunerokoan sendo jarduteko ahalmena duena, eskualdeko euskal komunitatearen tresna bilakatu dena. Eta aldi berean, hauskorra, azaleko kritika errazen jomuga, euskaraz bizitzeko eskubidearen defentsa pedagogiko handia egin behar duena, egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Handle with care etiketa jarrita beharko luke. Baina, tira, panorama honetan ezer gutxi berri egunero euskaraz jaiki, bizi eta oheratzen direnentzat.

Eta orain zer? Aurrera ez doana, atzera baitoa. Nahi eta nahi ez. Bost urteren ondoren, bidegurutze berriak ireki dira, aurrerapausoak emateko aukerak komunikabidea modu egonkor batean haz dadin eta euskal komunitatean gehiago eta hobeto eragin dezan. Ondo bidean, 2024an hamar urte beteko ditu Geuriak. Baina galderak asko dira eta potoloak: egungo ekonomia ahulean, nola biziraun? Komunikabide handiei nola aurre egin? Estruktura txiki batek luze iraun al dezake piztuta eta eraginkorra izaten? Horien argibide zarete monografikoan modu batera edo bestera parte hartu duzuenok. Hogeita hamabi orrialde hauetan galdera eta erantzun asko daude, irakurri, ulertu eta interpretatu nahi dituenarentzat eskuragarri. Eta horixe bera da Geuriak egingo duena: orain arte egin bezala, herritarrei entzunez erabakiak hartu, tentuz, sendo eta artez, beti ikuspuntu positibotik, eraikitzailetik eta herrigintzako eragile gisa. Geuriak badu izena eta izana. Badu berezko nortasuna. Badu oraina eta etorkizuna. Hemen gaude.

☉ Hego Uribe

GEURIA finalista izan da Tokikom Sarietan, Eduki onenaren atalean

Eduki onenaren saria Aiaraldea komunikabideak irabazi du, “Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean” lanagatik. Suizidioaren gaia hainbat ertzetatik lantzen duen erreportaje bikaina ondu du Aitor Aspuru kazetariak

|

Sari banaketako argazkia, irabazle eta finalistekin // Geuria

Gaur goizean, MUko Aretxabaletako Ideienea aretoan aurtengo TOKIKOM Sariak banatu dira. Lau sari nagusi banatu dituzte, hala nola azalik onena, eduki onena, ikus-entzunezko onena eta aipamen berezia.

Tokikometik azpimarratu dute sari hauen helburua dela tokiko kazetaritzaren lana aitortzea eta “komunitatearen zerbitzura egindako kazetaritza” balioestea.

GEURIA finalista izan da Eduki onenaren sarian, “Etxe (eta) Bizitzak” lan monografikoarekin. Epaimahaikideen arabera, monografikoak etxebizitzaren gaia lantzen du “giza dimentsioan”, tokiko testuingurutik abiatuta —baserritik okupaziora, alokairutik landetxeetara—, eta aztertzen ditu hainbat errealitate: arkitekturarekin, hirigintzarekin, eskubideekin eta higiezinen sektorearekin lotutakoak, adibidez.

Gainera, epaimahaiak nabarmendu du GEURIAren lana “gertutasun, konfiantza eta zintzotasun” ikuspuntutik egina dagoela, eta komunikazioaren bokazio publikoa mantentzeko ahalegina ikusten dela.

Eduki onenaren saria Aiaraldea komunikabideak irabazi du, “Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean” lanagatik. Suizidioaren gaia hainbat ertzetatik lantzen duen erreportaje bikaina ondu du Aitor Aspuru kazetariak.

Beste sarituetako batzuk honako hauek izan dira:

  • Azalik Onena: Puntua aldizkariak jaso du “Keinu hizkuntza” azaleagatik.
  • Ikus-entzunezko Onena: Antxeta Irratia izan da irabazlea “Lodifobiaren aurkako ahotsak” elkarrizketa bildumagatik.
  • Aipamen Berezia: Goienaren Podcast-gelak jaso du bereizgarria, komunitateari ahotsa emateagatik eta herri-mailako parte-hartzea sustatzeagatik.

Adimen artifiziala aztergai

Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, Tokikom-ek adimen artifizialari buruzko solasaldi bat antolatu du, kazetaritzan eta komunikazioan Adimen Artifizialak dakartzan erronka eta aukerei buruz hausnartzeko.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

GEURIA finalista da 2025eko Tokikom Sarietan, ‘Etxe (eta) bizitzak’ monografikoarekin

Eduki onenari saria jasotzeko hautagaia da GEURIA, Aiaraldea eta Anboto komunikabideen lanekin batera. Sari banaketa azaroaren 21ean izango da Aretxabaletan

|

Azaroaren 21ean banatuko dituzte Tokikom Sariak Aretxabaletan // Geuria

Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak azaroaren 21ean banatuko ditu Tokikom Sariak Aretxabaletako MUren campuseko Ideienea gune berrian.

Bertan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena sariak banatuko dituzte.

Guztira bederatzi finalista, horietatik GEURIAk ekainean publikatu zuen ‘Etxe (eta) bizitzak; eta zu, nola bizi zara?’ monografikoa aukeratu du epaimahaiak ‘Eduki onena’ kategorian.

“Etxebizitza gizartearen kezka nagusienetakoa da gaur egun, batez ere gazteen artean. Monografiko honek gai unibertsal hori tokiko ikuspegitik lantzen du, baserritik okupaziora eta alokairutik landetxeetara arteko errealitateak jasoaz, hedabidearen zerbitzu publikoko bokazioari jarraituz. Gaiaren inguruko alderdi ezberdinak jorratzen ditu —komunikazioa, paisaia, hirigintza, arkitektura, eskubideak eta higiezinen sektorea— testuinguru osoago bat eskaintzeko. Tokiko ikuspegiak eta gertutasunak giza dimentsioa ematen diote gaiari, balio erantsia gehituz afektibotasunaren aldetik, hurbiltasun, konfiantza eta zintzotasunez egindako kontakizunak jasotzen ditu. Alde estetiko zaindua dago, eta online argitaratutako materialetan estetika bera mantentzeko ahalegina egin da”, esan du epaimahaiak.

GEURIAren monografikoaz gain, ‘Eduki onena’ kategoriako finalistak dira Aiaraldearen ‘Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean‘ eta Anbotoren ‘Minbiziaren errelatoa eraldatzeko inurri lana‘.

‘Azalik onena’ kategorian saria irabazteko hauatagaiak dira Puntuaren ‘Keinu hizkuntza‘, Gukaren ‘Eva Franco: Irudimena hegan‘ eta Guaixeren ‘Ezinezkoa zelan esan ziguten‘. Eta ‘Ikus-entzunezko onena’ kategorian Guaixeren ‘Hitz eta Putz‘, Gukaren ‘Olatz Mercaderri elkarrizketa‘ eta Antxeta Irratiaren ‘Lodifobiaren aurkako ahotsak‘.

Sarion helburu nagusia da toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea.

Sariketa antolatzeko, Tokikomek Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa jaso du.

Adimen artifiziala hizpide

Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko.

Aurten RTVEko Urbano Garcia Alonso gonbidatu du Tokikomek, Adimen Artifizialak kazetaritzan dakartzan aukerak eta arriskuak aletzeko.

Urbano Garcia Canal Extremadurako zein RTVEko Extremadurako zentroko arduradun izandakoa da, eta bietan jardun du albistegietako erredakzioetan digitalizazio prozesuen arduran.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Euskal hedabideen analitikak, edukiak eta antolakuntza hizketagai izan ditu GEURIAk, Behategiak eta UEUk antolatutako jardunaldian

GEURIArekin batera, Irutxuloko Hitza, Hamaika eta Guka komunikabideek hartu dute hitza. Euskarazko komunikazioan jarduten duten hogeita hamar bat lagun bertaratu dira. Mahai-inguru bizia izan da, ikuspegi anitzak eta interesgarriak mahagainean jarri dituzte.

|

Jon Villapunek hartu du parte mahai inguruan GEURIAren izenean // Joxe Rojas (Tokikom)

Atzo hasi eta gaur bukatu da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Behategiak, Euskal Hedabideen Behatokiak, Eibarren (Gipuzkoa) antolatutako bi jardunaldiko zikloa ‘Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’ izenburupean. Gaurko egunari mahai-inguru batek eman dio hasiera: ‘Nola bizi izan dute hedabideek aldaketa? Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’.

Mahai inguru horretan GEURIAk parte hartu du. Bertan izan da Jon Villapun, hamar urtez komunikabidearen zuzendari lanak eta egun editore lanak egiten dituena. Villapunekin batera, Naike Usabiagak (Irutxuloko Hitza), Ainara Arrizabalagak (Hamaika) eta Aitziber Arzallusek (Guka) hartu dute parte, eta Behategiako Ane Martinezek moderatzaile lanak egin ditu.

Hiru gai ardatz izan dituen ordubeteko solasaldia izan da: lehena, analitikari erreparatuz, azken urteetan komunikabidean egindako aldaketak; bigarrena, aurrera begirako lehentasunak eta bideak identifikatutako zailtasunak; eta hirugarrena, etorkizun ideal baten proiekzioa egitea. Komunikabide bakoitzak bere antolakuntza azaltzeaz gain, mahai-ingurua bizi izan da. Bertaratutako hogeita hamar bat profesionalek ere hitza hartu eta ikuspegi anitzak eta interesgarriak mahagainean jarri dituzte.

Ezker eskuma, Aitziber Arzallus (Guka), Ainara Arrizabalaga (Hamaika), Jon Villapun (Geuria) eta Naike Usabiaga (Irutxuloko Hitza) / Joxe Rojas (Tokikom)

Azken urteotan euskarazko hedabideok aldaketa nabarmenak izan ditugu digitaliazio-prozesuari dagokionez, eta horiei aurre egiteko bidean dihardugu. Audientzien datuei erreparatuta, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko kideok -GEURIA kide da- 40 milioi bisitako langa gainditu dugu bi urtez jarraian, 2023n eta 2024an. Eta 2019tik 2024ra bitartean, pandemia aurretik gaur arte, webguneetan erregistratutako trafikoa % 42 handitu da. Datu horietan GEURIAk bere alea jartzen du. Izan ere, urtetik urtera datuek gora egiten dute, komunitate baten errotzearekin batera.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hedabideen etorkizuneko erronkak aztertzeko mahai-inguru batean parte hartuko du GEURIAk

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskal Hedabideen Behatokiak mahai-inguru bat antolatu dute bihar, irailak 12, Eibarren: ‘Nola bizi izan dute hedabideek aldaketa? Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’

|

Jon Villapunek hartuko du parte mahai inguruan GEURIAren izenean // Tokikom

Azken urteotan euskarazko hedabideok aldaketa nabarmenak izan ditugu digitaliazio-prozesuari dagokionez, eta horiei aurre egiteko bidean dihardugu.

Audientzien datuei erreparatuta, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko kideok -GEURIA kide da- 40 milioi bisitako langa gainditu dugu bi urtez jarraian, 2023n eta 2024an. Eta 2019tik 2024ra bitartean, pandemia aurretik gaur arte, webguneetan erregistratutako trafikoa % 42 handitu da. Datu horietan GEURIAk bere alea jartzen du. Izan ere, urtetik urtera datuek gora egiten dute, komunitate baten errotzearekin batera.

Ildo horretan, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Behategiak, Euskal Hedabideen Behatokiak, mahai-inguru bat antolatu dute bihar, irailak 12, Eibarren: ‘Nola bizi izan dute hedabideek aldaketa? Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’. Mahai-ingurua UEUren udako ikastaroen baitan dago, bi jardunaldiko ziklo baten parte da.

Mahai inguru horretan GEURIAk parte hartuko du. Bertan izango da Jon Villapun, hamar urtez komunikabidearen zuzendari lanak eta egun editore lanak egiten dituena.

Villapunekin batera, Naike Usabiagak (Irutxuloko Hitza), Ainara Arrizabalagak (Hamaika TB) eta Aitziber Arzallusek (Guka) hartuko dute parte mahai-inguruan. Behategiako Ane Martinezek moderatzaile lanak egingo ditu.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

GEURIAk bat egin du Gazako kazetarien hilketaren aurkako ekintza globalarekin

Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakundeak bultzatutako mobilizazio globalarekin bat egin du GEURIAk, “Gazako kazetarien aurka propio egindako sarraskia” salatzeko

|

Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakundeak bultzatutako mobilizazio globalarekin bat egin du GEURIAk // Geuria

Mundu zabaleko 50 herrialdetako 200 komunikabidek baino gehiagok, tartean GEURIAk, bat egin dute astelehen honetan Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakundeak bultzatutako mobilizazio globalarekin.

“Gazako kazetarien aurka propio egindako sarraskia” salatu eta atzerriko prentsari Zerrendan oztoporik gabe sartzen uzteko eskatu dugu hedabideok.

RSFk zabaldu duen mezuaren arabera, “Israelgo Armadak erritmo horretan kazetariak hiltzen jarraitzen badu, laster ez da bakar bat ere geratuko Gazan zuri informazioa emateko”.

Hamar hilabetean gutxienez 250 kazetari hil ditu Israelgo armadak Gazan, historia modernoko beste edozein gerratan baino gehiago.

Ekimenarekin bat egiteko, #ProtectJournalistsInGaza eta #LetReportersIntoGaza hashtag-ak erabiltzea proposatu du RSFk.

GEURIAz gain, EITBk, RTVEk, El Paísek (eduki editoriala), EFEk, Prensa Ibericak (eduki editoriala goiburu guztietan), La Sextak, ElDiario.es-ek, Públicok, EFE agentziak, 5W aldizkariak, InfoLibrek eta El Saltok, besteak beste, ere bat egin dute mobilizazioarekin.

Nazioartean honako hedabideek babestu dute RSFren mobilizazio globala: Al Jazeera (Qatar); The Independent (Erresuma Batua); Mediapart (Frantzia); Der Frietag (Alemania); Le Soir (Belgika); La Libre Belgique (Belgika); New Bloom (Taiwan); Photon Media (Hong Kong); Media Today (Hego Korea); Il Dubbio (Italia); Agencia Pública (Brasil); Le Desk (Maroko) eta Semanario Brecha (Uruguai), adibidez.

Osorik irakurri