Zutabeak

Euskara biografia hazi

Belaunaldien arteko mugak definitzea konplikatua egiten zait. Hala ere, gure arbasoek egin zuten borrokaren markoa eta guk egiten dugunarena argiki ezberdina da. Sarri askotan definitu ohi den legez, eurek kanpora begira egindako iraultzaren militanteak izan ziren. Guk ordea barrura egiten dugu. Alegia NI-an ardaztutakoa. Hala izanik, eta gure bailaran indar bereziarekin esango nuke, EUSKARAREN aldeko borroka beti izan da indartsu eta berezia. Eurek euskara bizirik manten zedin borrokatu ziren. Guk horrez gain, euskara inguratzen duen estres linguistikoa baino soziolinguistikoa gaindi dadin.

BIOGRAFIA soziolinguistiko anitz eta aberatsak ditugu gure bailaran. Euskaldunontzat zein erdaldunentzat ikasbide apartak direnak. Hala ere, euskarak, bateratu baino bereiztu egin gaitu. Gure artean muga artifizial eta batez ere mingarria ezarri dugu urte askotan. Pentsatu nahi nuke horma arrakalatzen ari garela. Hala adierazten dute egun indartzen ari diren euskararen aldeko mugimenduek.

Ez dut denborarik galdu nahi bere hizkuntza zein den identifikatzen ez dakien horrekin. Behar burokratikotikotik at, euskara sentitzen ez duenarekin. Haatik, euskara erabiltzeko trabak dituztenak arduratzen naute; euskaltegian hamaika saiakera egin dituzten erdaldunak, batua trakets erabiltzen dutenak edo sekula ikasteko aukerarik izan ez dutenak. Are gehiago euskara batua zuzenki erabili, baina beste euskalkiak ulertzeko arazoak dituztenak. Kanpo sentitzen direnak. Horregatik, eta ikastolan ikasi arren gabeziak bizi izan ditulako, ez diot zentzurik hartzen euskaldun berri eta euskaldun zahar hitzei. Hau da, euskal hiztunok bereizten gaituzten sailkapenei. Garrantzitsuena ez delako noiz, baizik eta normaltasunaren alde egiten dugunon zenbatekoa.

Abenduaren 3an soilik ez. Bada garaia hizkuntza goza dezagun, gure gabezia eta bertuteekin, bere gabezia eta bertuteekin. Barne-barnetik hazten den pasio neurgabearekin nahi dut euskararekin maitemindu, haserretu, hura elikatu, ferekatu, sortu, besarkatu, HAZI. Behar izan dut distantzia hartu, bere falta somatu eta berriz ere mingaina kilikatuz ene ahoan hartu. Indarberrituta hizkuntzarekin jolastu nahi dut, eta horrela muga guztiak apurtu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak