Zutabeak

Ez dugu zer ospatu

Abenduaren 3an “ospatzen” den Euskararen Nazioarteko Eguna 1995ean instituzionalizatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak. Geroztik ez da adierazpen instituzionalik falta izan, ez eta ekitaldi sinbolikorik ere. Herritar euskaldunok, aldiz, ospatzeko gutxi eta aldarrikapen eguntzat dugu data hori, euskaraz bizi nahi dugun pertsona ororen eskubideak bermatuko dituen gizartea oraindik urrun dugu eta.

Basaurin bertan bide luzea dugu helburu hori lortzeko. Aisialdirako, adibidez, zer kultur eskaintza dugu? Har ditzagun Social Antzokiaren azken bi programazio liburuxkak. 2016an helduentzako 36 ekitalditik 4 besterik ez dira euskaraz izango eta umeei zuzendutako 22tik, 7 bakarrik. Ildo beretik jarraituko dugu 2017an ere: maiatzera arte 20 emanaldi daude helduentzat eta 3 izango dira euskaraz; umeentzat 10etik 4. Datuek erakusten digute ez dela gure irudipena, ez daukagula euskarazko kultur eskaintzarik; eta are gutxiago ia ume guztiak euskaldunak direla kontuan hartuz gero.

Zenbakietatik haratago, zehaztapenetan asko sakondu gabe, zer pentsatua eman digunik ere aurkitu dugu azken liburuxkan. Abenduaren 3rako gaztelaniazko musika ikuskizuna dago iragarrita (hau idazten ari garela bertan behera geratu dela jakin dugu). Zer espero liteke euskararen egun bat badela ere kontuan hartzen ez dutenengandik? Hori gutxi ez eta, euskal antzerki produkzio bi gaztelaniazko bertsioan eskainiko dituzte: Desoxirribonukleiko urtarrilean eta Jainko basatia apirilean. Bost aktore euskaldun Cervantesen hizkuntzan arituko dira Social Antzokiko agertokiaren gainean, gure herriko euskaldunon erreferenteetako bat tartean. Euskarak bere erreferenteak behar dituela esan behar al dugu beste behin ere? Ez ote dugu euskaldunok euskal kultura euskaraz jasotzerik? Euskarazko antzerkia Euskal Herrian programatzen ez bada, non programatuko da?

Euskaldunok, adierazpenetatik haratago, euskal kultura sustatuko duen kultur programazio bat NAHI dugu. Euskaldunok aintzat hartuko gaituen eskaintza bat BEHAR dugu. Gure haurrak euskaldunak direla ez ahaztea EZINBESTEKOA dugu.

Oharra: karaktere kopuruak baldintzatuta, beste baterako utziko dugu 43. orrialdeko argazkiari buruzko iruzkina. Ez gara objektuak, ez gara atongarri!

Biki Pozo Gonzalez eta Ludi Viguera Olivan
Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak