Zutabeak

Ganora handiko ganorabakoak

Gutariko asko hazi gara Basauriko Ibaigane Kultur Etxean dagoen komiki hormairudiaren begiradapean. Urteak aurrera, egunero ikusita ere, posible da Rober Garayk irudikatutako istorioan xehetasun grafiko berriak deskubritzea. Baina ez hori bakarrik, jakituriaren tenplu horretan denboraren poderioz egin dugun bilakaera pertsonalari esker, garai batean biñetek iradokitzen zigutenak ez du zertan gaur egun horiei so egitean ulertzen duguna izan. Hori da istorioak berreskuratzearen magia eta ilustrazioek duten berehalako ahalmen iradokitzailearen xarma.

Komiki kultura handia daukagu eskualdean eta dirudit zortekoak garela horregatik. Gure herrietan istorio ilustratuak ardatz dituzten hainbat azoka eta lehiaketa izan ditugu; zenbaitek aurrera egin dute urteekin eta beste batzuk bertan behera laga behar izan dira. Zorionez, Euskal Herrikoetatik gainera nazioarteko partaideak ere biltzen dituen Ganorabako komiki lehiaketa daukagu Basaurin. Horrekin batera, Komik azoka dago; bigarren eskuko aleak, berriak, merketuak zein lan autoekoiztuak lortzeko parada ematen duen topagunea. Gainera, sortzaileekin biltzeko aukera eskaintzen du.

Hala ere, argazkian hutsune handi bat dago euskarazko ekoizpenari dagokionez. Ezin ukatu Ikastolen Elkarteko Xabiroi aldizkariak alor horretan egiten duen ezinbesteko lana edota Saure zein Astiberri argiletxeena, besteak beste. Gainera, badira bereziak eta bereha- la kuttunak bihurtzen diren lanak argitaratzen dituztenak ere. Adibidez, Edo! argitaletxeak plazaratutako ‘Alderik alde’ pieza «norabide guztietan irakurtzeko hitzik gabeko album ilustratua» bezala deskribatu dena, eta Txalaparta argitaletxearen ‘Habiak’ liburu bikainak. Biak Maite Gurrutxaga artistarenak dira eta azkena, aurtengo Euskadi Literatura Sariaren irabazlea.

AlberdanIa argitaletxearen eskutik atea ireki zioten euskaraz idatzitako eleberri ilustratu generoari Alain Urrutiak eta Hedoi Etxartek 2009ko ‘Ihes ederra’ liburuarekin. Saiakerak egin dira eta hainbaten buruan dagoen arren, pena handia da oraindik ere literatur genero horrek argitaletxe propioaren falta izatea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak