Saio gogorraren ostean, gehiengoak, batera, Els Segadors kantatu izana nabarmenduko nuke nik Kataluniako Parlamentuan bizi izan zenetik. Momentuko eldarnio iheskorrak jota, biziraun zutenek ñabardurak ahaztu eta kantuari ekin zioten aho batez, aldamenekoei mezu indartsu eta esanguratsua zuzentzeko.
Euskaldunoi ere helduko zaigu antzeko zerbait ikusteko garaia, eta geuk ere lanari ekin beharko genioke gure parlamentariek abestuko duten kantua aukeratzeko. Lana aurreratzen joateko, dagoeneko aztertu ditut aukera batzuk. Adibidez, Gernikako arbola izan liteke hautagai pisutsuetako bat; baina bat, ez dakit Bizkaitik at bizi direnek hain gogotsu onartuko luketen; eta, bi, erlijiosoegia da errepublika demokratiko ateo batentzat. Ildo ideologikotik asko urrundu gabe, Euzsko Gudariak ere hor dago, baina biharamuneko egunkariek ez lukete jakingo euzko edo eusko idatzi, eta, gainera, ez nago ziur ukabila altxatzera ausartuko litzatekeen ordezkari asko.
Tonua apur bat antzutu daiteke, zergatik ez. Ikusi mendizaleak ereserki bihurtu da jada, baina heldugabeegia gerta liteke, agian. Klasikoagoak maiteago badituzue, esan beharra dago Bagarak kanpoan uzten dituela azpieuskalki batzuk, eta eskarmentuak diost Ondarrutarrekin tontakeria gutxi ibili behar dela. Izarren hautsak edota Xalbadorren heriotzeak ere itxura ona duten arren, antzeko ikur mitikoen abestiekin gerta litekeen antzera, agian korapilatsuegiak dira parlamentari guztiek ikas ditzaten. Berriagoren bat botatzeko, La chica del batzoki desegokiegia da, eta Euskal Herriko pailazo internazionalenen Maite zaitut ere aintzat hartzekoa bada ere, ez dakit nazioarteko prentsak ondo interpretatuko lukeen islatzen duen mezua.
Erreferendumaren alde bozkatu eta saioa borobiltzeko abestirik ez balego, euskaldunok pairatuko genukeen auzo-lotsa jasanezina izango litzateke. Hori ekiditeko, nik neuk Pintxo, Pintxo, gure txakurra da ta aukeratuko nuke, arestian aipatutako pailazoak nahiago baditut ere. Batetik, sinplea eta edonork abesteko modukoa da, jatorria zein den ere; eta, bestetik, letra sakonki aztertu ostean, azken belaunaldietako garunak garbitzeko tresnarik isilpekoena eta eraginkorrena izan delako susmoa dut.
