Zutabeak

Gure hizkuntza

Euskararen normalizazioa hizpide zuen elkarrizketan murgilduta ginela, ekarpena egin aurretik oinarrira jo zuen Lorea Agirrek, Jakin aldizkariko zuzendaria eta kazetariak, eta azaldu zigun gauzak egiteko bi modu daudela: derrigortuta edo maitasunez. Norbera bere barrura begira jartzen bada, bizitzaren edozein esparrutara so eginda, erraz egiazta dezake giza jokabidearen laburpen esentzial hori. Alegia, gauzak egin nahi edo egin behar ditugulako egiten ditugu? Ez da besterik.

Haatik, ikasketa prozesua mekanikoa bihurtzen den heinean, (derrigorrezko heziketa arautuaren kasuan, adibidez) motibazioa ere zalantzazko bihurtzen da. Esate baterako, gure bailarako 25-40 urte bitarteko pertsonok (euskal hiztunen lagin jakin bat ezartzearren), euskal kulturadun familia erdaldunetatik etorri arren, D ereduan ikasi badugu, neurri handi batean gure gurasoen militantziagatik izan da. Eta gu helburu jakin baten lorpenean (Euskal Herria euskalduntzea) besteen tresna izan garen urteetan, segur asko, ez gara hautu politiko horren jakitun izan.

Gure kontzientziak ez zeukan barneratuta, gure herriaren kultur ondarearen biziraupena bermatzeko ezinbesteko piezak ginela. Ulertzen genuen, bai, gaztelaniaz hitz egiteak zigorra zuela. Litekeena da, nerabezaroa bezalako adin tartean sartzean, galarazpen horrek gaztelania are erakargarriagoa egitea. Hau da, kontrako efektua sortzea. Haurtzaroan ezezik, heldu izanik ere, maitasunaren kontrako sentimendua sor dezake pertsona bat euskaraz ikastera behartzeak. Administrazio publikoan lan egiteko euskara eskakizuna egitearen komeriak: bidegabekeria dela pentsatzea. Finlandian nera hitz egin dezatela eskatzea zorakeria dela usteko dute horiek, auskalo. Argi dago, euskara begiratzeko galtzailearen betaurrekoak kendu behar ditugu.

Hautu politikoa diodanean, zerbait aldatzeko borondatearekin hartutako jarrera jakin batetaz ari naiz, ez politika instituzionalaz. Are gehiago, gure bailaran hizkuntza eta politika nahasteko joera zentzugabe horretatik aldentzeko, euskara ez baita inongo ideologiaren ezaugarri, gizarte baten ondare kulturala baizik. Kontrakoak kalte egin eta egingo dio kultura eta hizkuntzaren aurrean hartutako jarrerari. Kaltetuko du euskara maitatzeko gaitasun pertsonala. Era berean, euskara ez da bigarren mailako hizkuntza bat. Horregatik, utz diezaiogun baimena eskatzeari, barkamena azaltzeari eta beldurra sentitzeari. Has gaitezen espazioak hitzarekin betetzen; gure hizkuntzaren hitzekin. Euskara ulertzen ez dutenen bizipenak zeharka ditzagun, mundua bizitzeko daukagun tresna oinarrizkoenarekin: gure hizkuntza.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak