Sareak

Zutabeak

Iritzia | Aukera berrien garaia

|

Caroline Hernandez / Unsplash

Nork esango zigun abenduaren 22an, Gabonetako loteriaren egunean, kontsolamenduko saritzat hartzen dugun osasuna hain guragarri izango genuela udaberrian?

Itxialdi aste hauetan diruak, zentzu batez, bere zentralitatea galdu du, ez baita egon ia gastatzeko aukerarik. Osasunak, berriz, erdigunea hartu du. Herritar gehienok, zentzu batez, jabetu gara osasuna ezin dela erosi dendetan. Gaixorik egonez gero, akaso, diruarekin zaintza hobeak eskuratu ahalko ditugu, baina, osasun ezak ez du konponbiderik.

Gure eginbeharretara itzultzen ari garen egun hauetan, langile gehienok, orokorrean, osasuna lehenesten ari gara: nola moldatu gure lantokia eta jarduera geu eta gure senitartekoak, gertukoak eta lankideak ez kutsatzeko. Denok, berriz, ez goaz norabide berean. Agintari eta botere faktiko nahikotxok beste bide batetik jo nahi dute. Aukeretako garaian murgilduta gaude: dirua ala osasuna, negozioa ala bizitza, gutxi batzuen ongizatea ala gehiengoarena.

Loteriako sari nagusia moduan hasi bagara hartzen osasuna, orduan, izan gaitezen anbizio handikoak eta eska dezagun benetako osasuna. Horretarako aintzat hartu Munduko Osasun Erakundeak 1946an egindako definizioa: “Osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da eta ez bakarrik gaixotasun eza”. Beraz, osasuna, bakea moduan, ez da bakarrik bere kontrakoaren eza, zeozer zabalagoa bada.

Zoritxarrez uste dut inork ez duela gure esku utziko aukeraketa hori. Neuk badaezpada gogoan izango dut gure osabak Gabonetan urte berriari begira beti esaten diguna: “Osasuna, bakea eta lapiko betea.”

Iritziak

Iritzia | 86 urte igaro dira jada

|

Gaur, duela 86 urte Faxistek Galdakao bonbardeatu zuten, Plazakoetxeko babeslekua jo eta laguntzera joan zirenak metrallatu zituzten. Orotara, 24 galdakoztar erail zituzten faxistek eta hilabete batzuk geroago burdin hesia gainditu eta Francoren armadaren menpe gelditu zen herria.

Lehenik eta behin, ezinbestekoa da eraildako herritarrak omendu, emandako gertakariak gogoratu eta bertatik irakaspen politikoak ateratzea. Izan ere, urte asko igaro diren arren, gaur egun adierazpen faxisten gorakada eta estatuaren autoritarizaziorako joerak indar handia hartzen ari diren fenomenoak dira. Funtsean, egungo krisia testuinguruan ematen ari den gizartearen eta estatuaren faxistizazio prozesuaren adierazle zuzenak dira.

Burgesiak, egun bizitzen ari garen krisi testuinguruan sortu daitekeen ezegonkortasuna apaltzea du helburu, independentzia politikoan oinarritzen diren adierazpenak erasotu (eskubide politikoen urraketen bitartez) eta etorkizuneko langileria disziplinamendu mekanismo geroz eta zorrotzagoetan hezteko asmoz (plataforma digitalak, segurtasun kamerak, presentzia polizial itogarria…). Horregaitik, esan daiteke, gobernu faxista ekoizpen eredu kapitalistan gizartea antolatzeko modu konkretu bat dela, krisiaren erreakzio bezala gaurkotu dena, alegia.

Izan ere, faxismoak bizitzen ari garen garai ilun honetan bere programa baztertzailea langileriaren baitan zabaltzea du helburu, proletalgo babesgabearen kontra eginez. Hala nola, komunitate nazionalaren modernizazio bat planteatzen dute. Orden soziala eta ongizatea berreskuratzeko identitate nazionalaren defentsa sutsua egiten dute, klase ertain nazionalaren baldintza ekonomiko eta sozialen okertzearen errudun proletalgo migratzailea aurkeztuz. Honela, subiranotasun nazionala mantentzea ezinbesteko premisa bezala aurkezten dute, estatu aparatuen defentsa sutsu bat proposatuz; finean, biraje autoritarioaren atxikipena lortzeko, Estatua elite ekonomikoek sortutako krisiaren aterabide bezala aurkezten dute.

Gauzak honela, krisiaren aurrean berriro ere metaketa fase bat abiarazteko beharrezkoak zaizkion neurriak aplikatzen ari da burgesia. Ezegonkortasunaren aurrean posizioak indartu eta proletalgoaren dominazioan sakontzen jarraitzeko, krisi testuinguruak bultzatuta (hein handi batean), gizartearen faxistizazioa ematen ari da. Horren aurrean, faxismoa gobernutik bota baino, bere oinarriak suntsituko dituen proiektua, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa, gorpuztea beharrezkoa zaigu. Langileriaren klase batasuna eraiki behar dugu, proletalgoaren interes historikoen arabera antolatu eta botere komunista bat gorpuztea ezinbestekoa zaigu, gizabanakoen askatasun erreala, zapalkuntzarik eta diskriminaziorik gabeko gizartea eraiki ahal izateko.

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia | Aske bizi

|

Argazkia: Karollyne Hubert,Unsplash

Aniztasuna da gaur egun gizartearen ezaugarri nagusienetako bat. Ez bakarrik kultura aldetik, ale honetan irakurgai duzun Xabier Aierdi soziologo zeberioztarrak GEURIAn eskaini duen elkarrizketan adierazi duen bezala, baizik eta persona aldetik. Azken urteetan eta berezi azken hilabeteetan asko hitz egin da genero-identitateaz. Eta ez moda bat delako —askok gaizki uste duten bezala—, errealitate bat delako baizik. Askorentzat ezezaguna den errealitatea.

Lara Arroyo basauriarra aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dut ale honetan. Transexualitateaz egin dugu berba, non eta Marienean, genero-identitate guztiak errespetatzen den gunean. Errespetua. Hori da beti garrantzitsuena: besteekiko errespetua izatea. Sexualitatearen adierazpen desberdinekiko errespetua sustatu behar dugu, aurreiritziak hautsiz eta lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual edo beste edozein orientazio sexual edo genero-identitaterekiko diskriminazioarekin amaituz.

Emakume indartsua iruditu zait Lara. Bere trantsizioa bakardadean bizi du, baina beti argi izan duena lortu du eta orain zoriontsua da. Oso garrantzitsua da trantsizio-prozesuan dauden pertsonei laguntza eta baliabideak eskaintzea, batez ere beren ingurukoen babesik ez dutenei. Larak 20 urterekin hasi zuen trantsizioa, baina adingabeen transexualitatea ere existitzen da. Trans gisa identifikatzen diren haur eta gazteei entzun eta babesa eman behar diegu. Gizarte gisa, trans komunitatea babestu behar dugu, eta, horretarako, oso garrantzitsua da hezkuntza eta inklusioa, trans pertsonentzat giro ulerkorragoa eta errespetuzkoagoa sortzen laguntzeko. Oso garrantzitsua da nork bere burua onartzea eta nola izan daitekeen zaila geure nortasuna onartzea eta ulertzea, bereziki generoari eta sexualitateari buruzko ideia zurrunak dituen gizarte batean. Horregatik hezkuntza oso garrantzitsua da, errespetua giltza izan dadin pertsona guztiak aske bizi gaitezen.

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia | Zuri, emakume

|

Emakumea izateak ezin dizu ezer kendu. Bideak elkarren artean marraztu ziren, ibiltzeko moduan. Gainditu gabe dagoen irakasgaia berdintasunean bizitzen ikastea da. Inork ez dizu ezer oparitzen, baina proposatzen baduzu, lortuko duzu.

Ibilbidea marraztu behar da eta bideak nahi duzun lekura eramango zaitu. Ahaleginak eta ahaleginak eginda, lortuko duzu. Zure balioa ez duzu frogatu behar, atera barruan daramazuna, inoiz ez jaitsi burua, nahiz eta bidezidorra okertzen den. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta zurean zure patuaren alde borrokatu behar duzu, indarrak huts egingo balizu ere, ez etsi, gailurra eskalatu behar duzu eta justizia guztion begien bistan utzi behar duzu.

Zure bandera da, eta munduak jakin dezala berdintasunak eta justiziarekiko errespetuak mundu zuzenago eta zintzoago bat egingo dutela, ez bakarrik martxoaren 8an, baizik eta urte osoko egun guztietan.

Emakumeak beti aurrera!

Manu Rodriguez Fernandez
Galdakaoko Pentsiodunen Mugimendua

Osorik irakurri

Iritziak

Iritzia | 5 urte Basauri feminismotik kiskaltzen!

|

Kiskalki neska* gazteak M8ko manifestazio batean, Basaurin // Kiskali

Kiskali hitza behin baino gehiagotan entzungo zenuten Basauriko kaleetatik, izen horren atzean zer ote dagoen zuen buruei galdezka. Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista da, feminismoa motore eta gaztetasuna erregai lelotzat duena. Aurten bost urte betetzen dira neska* gazteok antolatu ginenetik baina, nola heldu gara honaino?

2018an izan zen lehenengo greba feministara jo behar dugu gure sorreraren berri izateko. Greba horretan milaka emakume atera ginen Basauriko kaleetara bizitzak erdigunean jartzearen urgentzia aldarrikatzera. Egun horretan ere guk planto egin genuen, sistema aldatzeko gurarekin.

2018ko grebaren hurrengo egunean izan zen Kiskaliren lehenengo bilera. Gazteak eta ikasleak ginen eta gara, baina feminismoaren garrantziaz badakigu, bai eta indarra kolektiboan dagoela eta antolatzea beharrezkoa dela ere. Beraz, gaztetasuna eta feminismoa ardatz harturik dena iraultzeari ekin genion. Basauri eraldatzeari.

Ez gara inoiz ezerezetik abiatu, Basauriko Mugimendu Feministak borroken genealogia luzea du. Horri esker, aurretik izan diren eta egun dauden emakume guztiak ditugu etengabeko bidelagun ikasteko, eztabaidatzeko, borrokatzeko. Haien uzta jaso eta berriro landatu dugu, etorkizuneko mugimendu feministak aurrera egiteko.

Kiskaliren sorreratik, hainbat esparrutan ibili gara, gure herriko emakumeen eskubideak defendatuz. Urteak pasatu ahala, gero eta proiektu gehiagotan parte hartu dugu, ilusio handiz nahiz bidea erraza ez izan, bada, Kontuan hartu behar da ere, Kiskali ez dugula soilik, bileretan biltzen garenak osatzen, baizik eta egunerokoan iraultza feminista gauzatzen duen neska* gazte orok osatzen du.

2023an egonda, gauza asko aldatuz joan dira, beste batzuk, ordea, aldatzeke ditugu oraindik. Gizartea bizimodu azkar batean murgilduta egonda, askotan ez gara konturatzen geure pentsatzeko modua eta sistemaren egiturak motelago aldatzen direla. Baina horretarako gaude gu, heteronormalitatea kolokan jartzeko, estereotipo danak hausteko, inposaturiko rolak zalantzan jartzeko, sistema eraldatzeko… eman su eta kiskali!

Azken mezu bat, apirilak 22 eguna zuen agendetan apunta ezazue. Basauriko neska* gazteok badugu zer ospatu eta egitarau polit bat antolatzen gabiltza egun horretarako.

Osorik irakurri

Iritziak

Iritzia | Politikaz bustia

|

Azken boladan euria ari du. Jada blai gaudelako ezetz dirudien arren, ekaitzak hor jarraitzen du. Politika, euria bezala, da, guk nahi edo nahi ez. Munduaren azken bira zoroak leihoan zarata txuria bihurtu diren tanta hotsak balira hartzen dituzte askok. Ulertzekoa da. Guztiz nazkatuta gaude. Horrek baina, ez du euria desagerrarazten.

Politika ez da aukerako gauza bat. Munduko baliabideak kudeatzeko hartutako erabakiak gugan duten inpaktua ukatzea, zaparrada erdian honen azpian zutik eta tinko mantentzea bezalakoa da. “Ni politikan ez naiz sartzen” diote askok. Erabaki guztiak dira politikoak, baita ezer ez egitea ere, horrek interes batzuk defendatzen baititu. Ez dugu etxegabetuen alde egingo? Ez dugu gazteriaren miseria sistemikoa borrokatuko? Bizitzaren garesitzearen aurrean isilik mantenduko gara? Ekaitzaren azpian ez dugu aterkirik zabalduko?

Baina ez gaitezen erratu, M.Rajoy-ren hitzetan ”hau ez da zerutik erortzen den ura bezala, zehazki zergatik gertatzen den jakin gabe gaudela”, gure miseriak badu zergati argi bat. Sistema kapitalistaren azken akumulazio zikloa agortuta dago eta horren ondorioz, orain arte etekinak atera dituen burgesia ofentsibara pasatu da. Langileak gero eta egoera latzagoan gaude botere ekonomikoen esku. Honen aurrean baina, ez du balio berriro kapitalismoaren haize bolada positibo berriari itxaroten egoteak. Ezin dugu aurreko ziklo ekonomikoaren etorrera desiratu. Honen aurrean, langileriaren botere independentearen gorpuztea dugu irtenbide bakarra; elite ekonomikoaren influentziatik kanpo eta honen aurka antolatzen den mugimendu bat sortzea.

Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean gazteria langilearen borrokara batzeko, urtarrilaren 28an mobilizazioa egongo da Bilbon Jesusen Bihotza plazatik. Batu zaitez!

Julen Gonzalez
Hego Uribeko GKS – Galdakao

Osorik irakurri