Sareak

Hezkuntza

Iritzia / Ergel ilustratuaren itxaropena

|

Ergelen batzarra /A confederacy of dunces, 1980) / John Kennedy Toole

Idazleek eta sasi-idazleok beldur bat partekatzen badugu argitaletxe batek gure zirriborro bat arbuiatzearena da. Amodio-afera batean kalabazak jasotzearen antzeko sentsazioa da. “Narniako kronikak” bezalako liburu ikoniko bat zortzirehun bider baino gehiago bidali zuten atzera argitaratu aurretik.

Joseph Rudyard Kipling idazle britaniarrak Literaturako Nobel Saria irabazi zuen 1907an, horrelako sari bat lortu duen idazle gazteena delarik. Hala eta guztiz ere, bi urte lehenago, argitaratzaile batek “zuk ez dakizu ingelera erabiltzen” esan zion. George Orwellen “Abereen exaldea” lanak jaso zuen lehenenego kritika “herri honetan animalien ipuinak ez dira saltzen” izan zen. Antza denez, editore orojakileak ez zekien lerro artean irakurtzen. Agatha Christiek lau urte eman zituen bere lanak argiratuko zituen argitaletxe baten bila. Gaur egun bi mila milioi ale saldu ditu dagoeneko, Shakespearek bezainbeste. “Emakumetxoak” idatzi zuen Louisa May Alcott egileari irakaskuntzan jarraitzeko aholkatu zioten. “Moby Dick” eleberriaren hasiera irakurri omen zuen lehen editoreak “zelako kaka!” ahoskatu zuen. J.K. Rowlingi hamabi bider esan zioten ezetz. Baldintza ekonomiko kazkarretan zegoelarik, Edimburgora mugitu zen zorte hobeago baten bila. Hango kafetegi batean Harry Potter sagaren lehen liburua idatzi zuen. Gaur arte, laurehun ta berroigeita hamar milioi kopia inguru saldu ditu.

Kasu batzuetan, aldiz, aintzatespena beranduegi heltzen da. Horrela gertatu zitzaion John Kennedy Toole estatubatuar idazleari. “Ergelen batzarra” izan zen idatzi zuen eleberri bakarra, eta argitaletxez argitaletxe ibili ondoren, inork ez ziola argitaratu nahi eta bere buruaz beste egin zuen. Handik hamar urtera, Johnen amak lortu zuen argitaratzea, eta arrakasta itzela izan zuen. 1981ean Pulitzer saria eman zioten. Izenburua satiraren klasikoetako bat den Jonathan Swift idazlearen aipamen batean oinarritua dago: “Munduan benetazko genio bat agertzen denean, honegatik ezagutuko duzue: ergel guztiak haren aurka egiteko bat egingo dute”.

Hortaz, orain arte egin ez badu ere, ez dut itxaropena galtzen noizbait kazeta honen argitaratzaileak nire zutabe bat atzera botako duenik.

☉ Galdakao

Eskola materialentzako diru-laguntzak jasotzeko fakturak aurkeztu behar dituzte galdakoztarrek eta usansolotarrek

|

Diru-laguntza jasotzeko eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da otsailaren 13tik martxoaren 4ra bitartean // Geuria

Eskola materiala erosteagatik diru-laguntzak emango ditu Galdakaoko Udalak, duela lau hilabete aurreratu bezala. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzako materiala erosteko izango da laguntza, eta ikasle bakotzeko, gehienez, 100 euro emango ditu Udalak.

Diru-laguntza jasotzeko eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da otsailaren 13tik martxoaren 4ra bitartean. Eskaera udal webgunearen bitartez edo Esan bulegoetara bertaratuz egingo da.

Diru-laguntza jasotzeko, besteak beste, interesdunek 2023ko irailaren 1etik 2024ko otsailaren 15era bitartean Galdakaoko edo Usansoloko saltokiren batean egindako faktura edo fakturak aurkeztu beharko ditu.

Araudiaren arabera, diruz lagundu daitezkeen gastuak dira: amantalak, uniformeak eta heziketa fisikorako kirol arropa eta oinetakoak; Teknologietako, Musika eta Heziketa Plastikoetako elementuak; arkatzak, boligrafoak, ezabatzeko elementuak, klipak, zorrozkailuak, erregelak, eskuairak, kartaboiak, garraiagailuak, errotulkiak, koadernoak, folioak eta informatikako suntsigarriak; eta sailkatzaileak, artxibategiak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, eskolako bizkarzorroak, orri-bereizleak eta hiztegiak.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta beharrezko egiaztatze eta tramiteak amaitu ondoren egingo ditu Udalak ordainketak, eskatzaileak zehaztutako kontu korrontean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Zomorroak topatu dituzte Galdakaoko Urreta eta Egia ikastetxeetako janarian

|

Atzo aurkitu zituzten zomorroak azaloreetan; besteak beste, Urreta ikastetxeko janarian // Geuria

Zomorroak topatu dituzte Galdakaoko ikastetxeetako janarian. Horren berri eman dute hainbat hedabidek: astelehenean aurkitu zituzten zomorroak azaloreetan.

Urreta eta Egia ikastetxeko janarian agertu dira zomorroak Galdakaoko Udalak GEURIAri adierazi bezala. Edurne Espilla zinegotzia harremanetan jarri zen ikastetxe guztietako zuzendariekin egoeraren berri izateko: “Eskumena Eusko Jaurlaritzarena den arren, laguntza eskaini diegu ikastetxeei Udalaren eskutik. Egian eta Urretan aurkitu zituzten zomorroak; zazpi ikastetxetatik bitan. Biek deitu zuten Eusko Jaurlaritzaren delegaritzara eta inzidentzia zabaldu zuten”, adierazi dute udal ordezkariek.

Astelehenean hasi zen Ausolan enpresa zerbitzua ematen EAEko ikastetxe askotan, Serunion catering enpresaren ordez. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak kontratua eten zuen Serunionekin, besteak beste, janarian harrak agertu zirelako. Enpresak adierazi duenaren arabera, “ohiz kanpoko arrazoi naturalek eragindako kasu bakanak izan direla”. Enpresaren esanetan, “lehorteak eragindako aldaketa naturalengatik gertatu da, eta azaloreetan “oso zaila” dela zomorroak antzematea.

Galdakaoz gain, Andoaingo Ondarreta herri eskola publikoan ere topatu dituzte zomorroak azaloreetan, Berria egunkariak zabaldu duenez.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua inspirazio-iturri da Japonian

|

Maribé Garay OLHUIko zuzendaria eta Diana Arie Osakako Kyoto Human Rights Research Instituteko ordezkariarekin // Basauriko Udala

Japoniako Osaka hiriko Kyoto Human Rights Research Institute (KHRRI) institutuko ordezkari bat Basaurin dago egunotan. Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua (OLHUI) bisitatzen ari da. Arrazoia? Basauriko ikastetxe horretako ikasketa eredua inspirazio-iturri gisa hartzea, gero Japonian garatu ahal izateko.

Diana Arie da Japoniako ordezkaria eta urtarrilaren 25etik 31ra bitartean Basauriko zentroa bisitatu du eta tailerretako eta ikasgeletako prestakuntza-saioak bertatik bertara ezagutu ditu. “Gazteekin eta profesionalekin egin du berba, ikastetxeko giroa eta kultura barneratzen saiatu da, eta proiektuen bitartez ikasteko metodoa nola aplikatzen den ikusi du, ikaskuntza praktikoa nolakoa den, banakako prestakuntza-ibilbideetan ikasleei nola laguntzen zaien eta taldeko giro egokia nola sortzen den, prestakuntzaren mesedetan”, diote Maribé Garay OLHUIko zuzendariak.

Kyoto Human Rights Research Institute erakundearen asmoa da ikusitako hori guztia liburu batean jasotzea; 2025. urtean argitaratuko dute liburua eta, euren hitzetan, “oso lagungarri” izango da Japoniako gobernuak Bigarren Aukerako Eskolen antzeko proposamen bat abiaraz dezan gazteen egoerei erantzuteko.

“Atsegin handiz hartzen ditugu horrelako bisitak, OLHUIn egiten ari garen proiektua oso garrantzitsua dela berresten digutelako; hain da garrantzitsua proiektua, gu ezagutzera eta jatorrizko herrialdean ezartzeko proposamenen ereduak bilatzera baitatoz honaino urrun-urrundik. Harro egoteko modukoa da guretzat Basauri jardunbide egokien mapa batean kokatua egotea, lan egiteko modu berri, original eta humanizatzaile bat ezagutarazi ahal izateko”, dio isabel Cadaval zinegotziak eta OLHUIko presidenteak.

Cadavalek gaineratu du duela 30 urte baino gehiago hasi zela Basauriko Udala lanean, “herria egiten eta gazteei bizimodua berriz bideratzen laguntzen, arrakastaren eta aukeraren bidetik, oztopoz jositako eta energia xahututako ibilbideak gaindituta”.

“Konplizitatezko loturak egiten jarraituko dugu beste toki batzuetako erakundeekin, baita herritarrei ikastetxearen balioa ikusarazten ere”, dio Cadavalek.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Urmaela ipintzen ari dira Zaratamoko eskolan ‘Gure Ametsetako Jolastokia’ proiektuan

Lanak joan den urtarrilaren 25ean egin zituzten. Hala ere, xehetasun batzuk “perfilatu” behar direla azaldu digu Iñaki Urkiza eskolako zuzendariak eskolara egindako bisita batean

|

Iñaki Urkiza, eskolan sortzen ari diren urmaelaren aurrean // Geuria

Aranzadi Elkarteko langileek, Zaratamoko eskolako guraso elkartearekin eta herritarrekin elkarlanean urmael bat ipintzen ari dira eskolako patioan, Ametsetako jolastokia proiektuaren barruan. Lanak joan den urtarrilaren 25ean egin zituzten, eta zuloa egin ostean hiru geruzez estali zuten hondoa: geo-zuntzaz, botilitoz eta geo-zuntza geruza berri batez.

Lan handia egin izan den arren, xehetasun batzuk perfilatu behar direla nabarmendu du Iñaki Urkiza eskolako zuzendariak: “Zuloa egitean kendu zen area lursailean sakabanatu zen, urmaeleko perimetroan erabili beharrean. Horrela egin izan bagenu, altuera eta sakonera irabaziko genuke”. Asmoa, beraz, Udalaren laguntzaz urmael inguruko lurra altxatu eta putzuaren perimetroan botatzea da. Eraikitzen ari diren ur putzuaren geruza 37,57 metro karratukoa izango da eta 20 hesola, 40 langa eta ate batekin hesiko dute eremua, segurtasun neurriei jarraituz.

Urmaela itxi, ondoren, Urkizaren arabera ingurua atondu beharko litzateke. Urmaeleko proiektu hau EAEko hainbat eskoletan abiarazi dute, eta Elexaldekoa bukatuta Eskoletako Urmaelen Sarea izeneko proiektuan integratuko lukete, eskola inguruan urmaela edo putzua duten eta eremu hori erabilera didaktikorako erabiltzen duten Euskal Herriko ikastetxeen sarean, alegia. Helburu nagusia eskola horien arteko lotura sustatzea eta esperientziak partekatzeko aukera ematea da

Plisti-plasta

Urmaelarekin batera urarekin zerikusia dituzten bestelako instalazioak ipini dituzte Zaratamoko eskolan: alde batetik ur jolasen eremua prestatu dute antzina gas biltegia zegoen lekuan eta bertan Robiniako zurezko jokoa hautatu dute: “Ur jolasak ipinita daude baina lehen momentutik hainbat arazotxo gertatu ziren eta proba fasean gaudela esan daiteke”, azaldu du Iñakik. Jolasei ura emateaz arduratzen den giltza hondatuta dago eta xehetasun batzuk hobetu behar dira, uraren xurgaketa prozesua, esaterako. Hasierako kontu horiek konponduta, ur jolasak erabiltzeko prest daude eta haurrek urte osoan zehar gozatu ahalko dituzte.

Patioko iturriari dagokionez, antzinako gas biltegiaren atzealdean zegoen, matxuratuta. Proiektu berriak patioaren sarrerara eraman du eta erabilgarri dago harrezkeroztik. “Proposamen honek harrera ona izan du ikasleen artean eta ur jolasekin denetarik dagoela esan daiteke: azken batean ura da eta urarekin jolasten duenak badaki nolako ondorioak egon daitezkeen”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Arrigorriagako Haurren Txakurkros lasterketa

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketako Xabi Gonzalez, Aritz eta Alazne iglesias eta Ibai Iglesiasekin berba egin dugu gaur Mendikosolon bizitako esperientziaz

|

Aritz eta Alazne Iglesias // Geuria

Heldu da asteburua eta berarekin Arrigorriagako Mendi Lasterketa, Mendikosolo parkean.

GEURIA Trail Herrikoia eta Haurrentzako Txakurkros probetan izan da eta bertan 100 lagun baino gehiago bildu dira. Era askotako kirolariak izan ditugu Mendikosolobarrena parkean eta haurrentzako proban 15 familiek hartu dute parte.

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketako Xabi Gonzalez, eta Aritz, Alazne eta Ibai Iglesiasekin berba egin dugu gaur Mendikosolon bizitako esperientziaz.

Bihar Mendi Martxa, Mendi Maratoi Erdia eta Hasiberri Traila egingo dute, Argala plazatik abiatuta. Informazio guztia eta ordutegiak hemen jaso ditzakezu.

Osorik irakurri