Sareak

Iritziak

Iritzia | Zuk badakizu, amama

"Laztana, zergatik egin behar dugu planto emakumeok?", galdetu dit amamak.

|

Bazkalorduan izaten dut amamarekin luze berba egiteko aukera. Bueno, ez behar lukeen bezain luze. Egunerokoak itota, axolarik ez duten ehunka konturekin distraitzen dut nire burua, eta aitortu beharra daukat, kontatzen didan guztia ez dut entzuten. Egia esateko, ez naiz errudun sentitzen. Bera ere ez da ergela, eta badaki kontu asko iloba inerte bati kontatzen dizkiola. Hala ere, ez da inoiz nirekin haserretu horregatik.

Kontua da albistegia ikusten dugula, eta salbamendu jaka ederra da entzungor izateari utzi eta bion arteko elkarrizketari berrekiteko. Asteak dira telebistako aurkezleak martxoaren 8ko grebari buruz hitz egiten duela, Emakumeok planto!. "Laztana, zergatik egin behar dugu planto emakumeok?", bota dit amamak. Hasi natzaio azaltzen: "Bla, bla, bla…". Erraietatik ateratako diskurtsoa. Stop the world, lasai amama, nik salbatuko dut mundua. Niri begira geratu da. Orain bera da inertea. Ni ere, berari begira. 87 urteko aurpegi zimurtuak eman dit zaplaztekoa. Amamak jakingo ez balu zer den sistema honen biktima izatea. Nik diskurtsoa egin dut, berak bizi egin du. Pentsatu dut hobe dela isiltzea. Berea da hitza, konta dezala nahi duena.

Aititerekin ezkondu zenekoa ekarri du gogora. "Jostun ederra nintzen ni, ospe handikoa. Molde berezia erabiltzen nuen eta eskaria itzela zen. Aititerekin ezkondu nintzenean, ordea, ez arduratzeko esan zidan berak, ordutik aurrera berarentzako bakarrik josi behar nuela, dirua berak ekarriko zuela etxera". Orain bai, adi ari naiz entzuten. "Berak ez du inoiz jakin, ordea, lanera joaten zen bakoitzean jostunaren kontrabandoa egiten nuela etxean. Benetan gogoko nuen egiten nuen lana". Horra bere 'erantzuna'. "Amama, zuk badakizu orduan zer den planto egitea". Berbarik ez, keinu bat zuzendu du nigana. Irribarre horregaz esan dozu dana.

Iritziak

Iritzia | Hego Uribeko Laneko Atodefentsa Sarea eratu da

|

Argazkia: Kontseilu Sozialista

Krisi garaia ofentsiba garaia da bereziki; burgesiak gure aurka bideratutako ofentsiba. Eta otzan egon ordez, desjabetuok autodefentsarako mekanismoak sortu behar ditugu. Esparru guztietan, baita laboralean ere. Horretarako sortu genuen Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik laneko baldintzak borrokatu eta hobetzeko tresna, Laneko Autodefentsa Sarea (LAS).

Arlo laboralean ematen ari den egituraketa dela eta, erreminta berriak behar dira proletargo atomizatua antolatzeko. Errepresentazioan eta burokrazian oinarritutako eredu sindikal baten ordez, langileon borroka propioa sustatuko dituen antolakuntza formak behar ditugu. Klase elkartasuna indargune duen antolakuntza oinarri, langileon onurarako diren borrokak abiarazi behar dira.

Hala ere, hobekuntza partzialak ez dira nahikoa; agerikoa baita kapitalismoak okerrerako joera duela, eta garaipen oro desagertu egiten dela urte edo hilabete gutxitara. Beraz, erreformara mugatu beharrean, zinez errealista den politikak ezin du esplotazio tasa "normal" bat legitimatu, esplotazio harremana gailendu behar du.

Zentzu honetan, borroka bakoitzari perspektiba politiko jakitun bat ematea funtsezkoa da, borroka bera orokortzeko. Horregatik, autodefentsa sozialistak osotasun politikoari egiten dio ekarpena langileon zuzeneko interesak defendatzearekin batera; hots, kalitatezko lan baldintza berdinen aldeko borroka, Estatu Sozialistaren norabidean kokatu behar dugu.

Horrela, langileon arteko klase elkartasuna medio, interbentzio politikorako hainbat baliabide eta aukera eskaintzen ditu Hego Uribeko LAS-ek:

  • Lan gatazken gaineko aholkularitza juridikoa.
  • Borroka prozesuak aurrera eramateko laguntza eta babesa.
  • Formakuntzarako baliabideak: kontratu eta nominen irakurketak, erreforma politikoen inguruko azalpenak, eskubide laboralen gidak etab.
  • Auzi laboralen gaineko mobilizazioa eta salaketa politikoa.

Hau guztia hurbilarazteko, aurkezpenak burutuko ditugu kolektibo ezberdinetan Galdakaon eta Basaurin bereziki. Zalantza edo beharrizanik edukiz gero, kontaktatu 613 910 019 telefono zenbakian edo lanekoAS.hegouribe@gmail.com heblbide elektronikoaren bitartez.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Iritzia | 86 urte igaro dira jada

|

Gaur, duela 86 urte Faxistek Galdakao bonbardeatu zuten, Plazakoetxeko babeslekua jo eta laguntzera joan zirenak metrallatu zituzten. Orotara, 24 galdakoztar erail zituzten faxistek eta hilabete batzuk geroago burdin hesia gainditu eta Francoren armadaren menpe gelditu zen herria.

Lehenik eta behin, ezinbestekoa da eraildako herritarrak omendu, emandako gertakariak gogoratu eta bertatik irakaspen politikoak ateratzea. Izan ere, urte asko igaro diren arren, gaur egun adierazpen faxisten gorakada eta estatuaren autoritarizaziorako joerak indar handia hartzen ari diren fenomenoak dira. Funtsean, egungo krisia testuinguruan ematen ari den gizartearen eta estatuaren faxistizazio prozesuaren adierazle zuzenak dira.

Burgesiak, egun bizitzen ari garen krisi testuinguruan sortu daitekeen ezegonkortasuna apaltzea du helburu, independentzia politikoan oinarritzen diren adierazpenak erasotu (eskubide politikoen urraketen bitartez) eta etorkizuneko langileria disziplinamendu mekanismo geroz eta zorrotzagoetan hezteko asmoz (plataforma digitalak, segurtasun kamerak, presentzia polizial itogarria…). Horregaitik, esan daiteke, gobernu faxista ekoizpen eredu kapitalistan gizartea antolatzeko modu konkretu bat dela, krisiaren erreakzio bezala gaurkotu dena, alegia.

Izan ere, faxismoak bizitzen ari garen garai ilun honetan bere programa baztertzailea langileriaren baitan zabaltzea du helburu, proletalgo babesgabearen kontra eginez. Hala nola, komunitate nazionalaren modernizazio bat planteatzen dute. Orden soziala eta ongizatea berreskuratzeko identitate nazionalaren defentsa sutsua egiten dute, klase ertain nazionalaren baldintza ekonomiko eta sozialen okertzearen errudun proletalgo migratzailea aurkeztuz. Honela, subiranotasun nazionala mantentzea ezinbesteko premisa bezala aurkezten dute, estatu aparatuen defentsa sutsu bat proposatuz; finean, biraje autoritarioaren atxikipena lortzeko, Estatua elite ekonomikoek sortutako krisiaren aterabide bezala aurkezten dute.

Gauzak honela, krisiaren aurrean berriro ere metaketa fase bat abiarazteko beharrezkoak zaizkion neurriak aplikatzen ari da burgesia. Ezegonkortasunaren aurrean posizioak indartu eta proletalgoaren dominazioan sakontzen jarraitzeko, krisi testuinguruak bultzatuta (hein handi batean), gizartearen faxistizazioa ematen ari da. Horren aurrean, faxismoa gobernutik bota baino, bere oinarriak suntsituko dituen proiektua, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa, gorpuztea beharrezkoa zaigu. Langileriaren klase batasuna eraiki behar dugu, proletalgoaren interes historikoen arabera antolatu eta botere komunista bat gorpuztea ezinbestekoa zaigu, gizabanakoen askatasun erreala, zapalkuntzarik eta diskriminaziorik gabeko gizartea eraiki ahal izateko.

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia | Aske bizi

|

Argazkia: Karollyne Hubert,Unsplash

Aniztasuna da gaur egun gizartearen ezaugarri nagusienetako bat. Ez bakarrik kultura aldetik, ale honetan irakurgai duzun Xabier Aierdi soziologo zeberioztarrak GEURIAn eskaini duen elkarrizketan adierazi duen bezala, baizik eta persona aldetik. Azken urteetan eta berezi azken hilabeteetan asko hitz egin da genero-identitateaz. Eta ez moda bat delako —askok gaizki uste duten bezala—, errealitate bat delako baizik. Askorentzat ezezaguna den errealitatea.

Lara Arroyo basauriarra aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dut ale honetan. Transexualitateaz egin dugu berba, non eta Marienean, genero-identitate guztiak errespetatzen den gunean. Errespetua. Hori da beti garrantzitsuena: besteekiko errespetua izatea. Sexualitatearen adierazpen desberdinekiko errespetua sustatu behar dugu, aurreiritziak hautsiz eta lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual edo beste edozein orientazio sexual edo genero-identitaterekiko diskriminazioarekin amaituz.

Emakume indartsua iruditu zait Lara. Bere trantsizioa bakardadean bizi du, baina beti argi izan duena lortu du eta orain zoriontsua da. Oso garrantzitsua da trantsizio-prozesuan dauden pertsonei laguntza eta baliabideak eskaintzea, batez ere beren ingurukoen babesik ez dutenei. Larak 20 urterekin hasi zuen trantsizioa, baina adingabeen transexualitatea ere existitzen da. Trans gisa identifikatzen diren haur eta gazteei entzun eta babesa eman behar diegu. Gizarte gisa, trans komunitatea babestu behar dugu, eta, horretarako, oso garrantzitsua da hezkuntza eta inklusioa, trans pertsonentzat giro ulerkorragoa eta errespetuzkoagoa sortzen laguntzeko. Oso garrantzitsua da nork bere burua onartzea eta nola izan daitekeen zaila geure nortasuna onartzea eta ulertzea, bereziki generoari eta sexualitateari buruzko ideia zurrunak dituen gizarte batean. Horregatik hezkuntza oso garrantzitsua da, errespetua giltza izan dadin pertsona guztiak aske bizi gaitezen.

Osorik irakurri

Gutunak

Gutuna | 10 urte espetxe politikak Xabier Lopez Peña erail zuenetik

|

Argazkia: Galdakaoko Ezker Abertzalea

2013ko martxoaren 30a memorian hiltzaturik dugun data da. Izan ere, frantziar estatuko atzaparretan preso zelarik joan zitzaigun Xabier Lopez Peña.

Giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika anker baten ondorioz hil zen Xabier, eta 10 urte ondoren, Kepa Del Hoyo herrikidearekin gertatu bezala (2017) inork ez du heriotz hauen ardura politikorik hartu bere gain.

Ezin ahaztu sakabanaketak, bakartzeak, zigorren luzatzeak, bizi baldintza negargarriek, osasun asistentzia desegokiak eta abar luze batek ezaugarritzen duela hamarkadetan zehar mendeku gosez aplikatutako espetxe politika.

Euskal preso politikoei aplikatzen zaien espetxe-politikak, salbuespenezko izaera eta mendekuzko orientazioa izateagatik, zigorgabetasun-esparru onartezina osatzen du. Zigor luzeek eta espetxealdiaren baldintza oso gogorrek nabarmen areagotzen dute haien gaixotasunak larriagotzeko aukera, jarraipen mediko eta tratamendu egokirik ez dagoelako.

Xabier hil ondorengo egunak amorruz eta minez gogoratzen ditugu. Senitartekoek jasotako tratua ankerra izan zen, ospitaleratzea egun askotara arte ez ezagutuz, Xabierri bisita egitea eta bere bizitzako azken egunetan txosten medikoak eskuratzea ukatuz eta bisita egitera joan zitzaizkionean haren heriotzaren berri emanez.

Hala ere, indar eta duintasun handiz oroitzen dugun garaia da, Euskal Herri osoan zehar hedatutako elkartasun uholdeagatik: tartean Basauri, Galdakao eta Ziburuko manifestazioak, Urduñan Gazte Danbada ospatzen ari zela antolaturiko deialdia, gorpuaren harrera aireportuan, eta nola ez, Aperribaiko frontoiko ekitaldi erraldoi hura. 10 urteren ondoren bidean darraigu.

Herri honetan gertatutakoa ahaztu ez dadin eta berriro gerta ez dadin.

Garaipenera arte, Xabier.

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia | Zuri, emakume

|

Emakumea izateak ezin dizu ezer kendu. Bideak elkarren artean marraztu ziren, ibiltzeko moduan. Gainditu gabe dagoen irakasgaia berdintasunean bizitzen ikastea da. Inork ez dizu ezer oparitzen, baina proposatzen baduzu, lortuko duzu.

Ibilbidea marraztu behar da eta bideak nahi duzun lekura eramango zaitu. Ahaleginak eta ahaleginak eginda, lortuko duzu. Zure balioa ez duzu frogatu behar, atera barruan daramazuna, inoiz ez jaitsi burua, nahiz eta bidezidorra okertzen den. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta zurean zure patuaren alde borrokatu behar duzu, indarrak huts egingo balizu ere, ez etsi, gailurra eskalatu behar duzu eta justizia guztion begien bistan utzi behar duzu.

Zure bandera da, eta munduak jakin dezala berdintasunak eta justiziarekiko errespetuak mundu zuzenago eta zintzoago bat egingo dutela, ez bakarrik martxoaren 8an, baizik eta urte osoko egun guztietan.

Emakumeak beti aurrera!

Manu Rodriguez Fernandez
Galdakaoko Pentsiodunen Mugimendua

Osorik irakurri