Iritziak

Iritzia | Hitzez ekiteko garaia hasi da!

2022ko Euskaraldia txapak // Geuria

Berriro ikusiko dugu jendea ahobizi eta belarriprest txapekin kalean, lantokian edota ekitaldi kulturaletan. Eta horrek esan nahi du Euskaraldia badatorrela berriro: euskara kalera ateratzeko ariketa soziala. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean denok izango gara ahobiziak edo belarriprestak, euskaraz egin edo euskaraz entzun egingo dugu, baina, zer gertatuko da abenduaren 2tik aurrera? Euskararekiko konpromisoak alde egingo du bat-batean gudandik. Behintzat gizartearen zati handi batengandik. Bestela euskararen kale erabilera hazi egingo litzateke, eta, ordez, datuek kontrakoa diote: gero eta gutxiago entzuten da euskara kalean.

Orduan nire galdera da: zergatik egiten zaigu horren zaila benetan txipa aldatzea? Galderaren erantzuna erraza balitz, aspaldian asmatu eta erantzunarekin egingo genukeen topo. Baina oraindik ez du inork asmatu: ez norbakaook ez instituzioek. Non egongo da orduan gakoa?

Gure betiko lagunak euskaldunak dira, ia denok euskaraz ikasi dugu txikitatik, baina elkarren artean euskaraz oso gutxitan egiten dugu. Ordea, hasiera hasieratik euskaraz egin dugunokin beti euskaraz aritzen gara. Txipa aldatzea zaila da, alde batetik zein bestetik. Baina hemen hizkuntza “zapaldua” euskara da, gure hizkuntza. Horregatik egin beharko genuke denok ahalegina. Posible delako. Oso posible delako. Borondate pixka bat eta lotsa galtzea dira gakoak, nire ustez.

Hitzez ekiteko garaia da, eta aurtengo Euskaraldia abestiak dioen bezala, “esazu hitz bat ta sendotuko naiz; hitz bakar batek sua pizten du maiz; martxan ipini aho ta belarri; ari entzun, entzun ari”. Beraz, martxan ipini aho eta belarri, lagunok! Eta saia gaitezen abenduaren 2tik aurrera ere euskaraz hitz egiten.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak