Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Hego Uribe

Iritzia / Ona, txarra eta itsusia

|

Volodymyr Hryshchenko / Unsplash / Moldaketa: Geuria

Informazio eta komunikazio teknologiak paper garrantzitsua jokatzen ari dira egunotako alarma egoeran. Inoiz baino presenteago daude guztion egunerokoan, eta esan liteke egoerari berari forma ematen ere ari zaizkiola neurri batean. Eragin hori baloratzeko orduan, ordea, ez dago erantzun bakar bat. Sergio Leoneren western klasikoan bezala, ona, txarra eta itsusia ditugu protagonista, nondik begiratzen zaion.

Ona
Ikuspegi instrumental soiletik, ezin ukatu IKTak oso erabilgarri suertatzen ari direla hainbat esparrutan. Haiei esker, sendagileak kasu arinen jarraipena egiten ari dira urrutitik, osasun sistemaren lan karga arinduz, eta isolatuta dauden gaixo eta adinekoek harreman minimo bat manten dezakete kanpoaldearekin, egoera apur bat leunduz.

Osasun gaietatik harago, egunerokoari nolabait eusteko makulu ederra ere suertatzen ari dira teknologiak: elkartasun sareak antolatzeko baliabide aparta izaten ari dira, eta etxean itxita gaudenontzat familia eta lagunekin harremana mantentzeko, etxetik irten gabe ikasi lan edo erosketak ere egiteko aukera badaukagu.

Zhang Kenny / Unsplash

Eta zer esan entretenimenduaz: udaberri arraro honek benetako loraldia ekarri die telebistei eta eduki plataformei. Inoiz baino eduki gehiago kontsumitzen eta sortu ere, erruz sortzen ari gara IKTei esker. Biderkatu egin zaizkigu memeak, etxean egindako bideoak, zuzeneko emisioak… Kulturgileentzat ere, internet bilakatu da egunotan erakusleiho nagusia.

Beraz, neurri batean esan liteke zorionekoak garela osasun krisialdi honek IKTak hain garatuta daudela harrapatu gaituelako. Osasun sistemaren ikuspegitik, gauzak askoz okerragoak lirateke autodiagnostiko, jarraipen eta urrutiko harremanetarako tresnarik gabe. Gizarte eta ekonomiarenetik, berriz, herritarron bakartzea, jarduera ekonomikoen etena, eta horren guztiaren eragin psikologikoa ere dezente larriagoak izango lirateke teknologiak eskaintzen dizkigun aringarriak hor izango ez bagenitu.

Txarra
Alde txarrak ere badira, noski. Kolpe hau oso une txarrean etorri da: teknologiarekiko mendekotasunaren inguruko ardura apur bat zabaltzen hasia zenean. Telefono egileak eurak ere oraintxe ari ziren hedatzen larregizko erabilera kontrolatu eta murrizteko tresnak. Ezohiko egoera honek, baina, bigarren planora eraman du kezka hori, eta azken orduko informazioaren egarriak gehi behartutako itxialdiaren ondoriozko asperdurak pantailetara pega-pega eginda jarraitzeko aitzakia ederra eman digute.

Aurrez aurreko elkar eragina debekatuta daukagula, animalia sozialak garenez, sare sozialetara jo dugu masiboki interakzio bila. Eta sare sozialen erabilerarekin batera, gezurretako mezuen hedapena ere biderkatu egin da. Dinamika sinple bezain gaiztoek elikatzen dute fenomenoa. Batetik, lagun eta senideen mezuak fidagarriagoak iruditzen zaizkigu komunikabideetatik auskalo zer interes ilunen izenean iristen zaizkigunak baino. Bestetik, sare sozialak propio diseinatuta daude gutako bakoitzak jarraitzaile eta oihartzun handienaren bila bultzatzeko, eta horiek askoz errazago lortzen dira mezu deigarriak zabalduz.
Hortik aurrera, barra librea: limoi urak edo ur beroak birusa hil eta minbizia sendatzen duela, funtzionario plantak egiten dituzten lapurrak dabiltzala etxez etxe, era guztietako argazki, bideo eta audioak, zein baino zein deigarriago… Zurrumurru absurdoen hedapena biderkatu egin da, mezuok munduko intentziorik onenarekin baina batere kontrastatu gabe zabaltzearen zabaltzeaz.

Ilya Pavlov / Unsplash

Lan esparruan ere fenomeno bitxiak gertatzen ari zaizkigu. Telelanak salbatu du enpresa askoren jarduna. Interneteko konexioa eta hura aprobetxatzeko gailuak doako zerbitzu unibertsala balira bezala hitz egiten ari da egunotan, baina ez, ez dira. Enpresa asko martxan mantentzeko erruz egiten ari garen bideokonferentzia, telefono dei, urrutiko konexio eta abarretako asko langileon poltsikotik ordaindutako internet sarbide, telefono linea eta gailuei esker egiten ari dira. Espero dezagun alde batek erakutsi duen eskuzabaltasun eta konpromisoa beste aldeak ere erakustea ezohiko egoera pasatzen denean…
Eskolan ere, beste horrenbeste. Teleikasketa aurkeztu zaigu salbazio taula gisa… baina familia asko dira internet eta/edo beharrezko gailuak erosi ezin dituztenak. Egia da hainbat eragile pribatu ari direla laguntza eskaintzen lubaki digitala gainditzeko, bai… Baina horiek petatxoak baino ez dira goitik behera berrikusi beharreko sistema batean.

Itsusia
Dena den, okerrena ez da zer gertatzen ari den, ondoren zer etor daitekeen baino. New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoak garai berri bat ireki zuen segurtasuna eta herritarron zaintzari dagokionez. Krisi honek ere antzeko efektua ekar diezaguke konturatu orduko. Osasun-segurtasunaren aitzakia haizatzen ari da jadanik gure beldurrak astindu eta teknologiaren bidezko kontrol zorrotzagoa onar dezagun.
Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko askok pandemiaren aurka laguntzeko telefono aplikazioak zabaldu dituzte egunotan. Abiapuntua zentzuzkoa dirudi: telefonoa erabilita jakin badaiteke gaixo bakoitza non eta norekin dagoen une oro, horrek asko lagun dezake konfinamendu orokorren ordez askoz ere neurri mugatu eta eraginkorragoak ezartzen.

Baina, zer preziotan? Joan den astean bertan, Espainiako gobernuak iragarri zuen, ez oso ozen, hori ere egia da, Pepp-PT delako partzuergoarekin bat egin duela. Europa mailako hainbat unibertsitatek eta ikerketa zentrok osatutako partzuergo horren helburua da herritarron harremanak mugikorren bidez behatzeko Europa mailako sistema bat eratzea. Gure mugikorren bluetooth funtzioa erabilita, zehatz-mehatz jasotzea gutako bakoitza norengandik hurbil ibili den. Printzipioz anonimotasuna gordez eta osasun helburuekin: kutsatutako pertsonengandik hurbil ibili direnei jakinarazi ahal izateko. Baina praktikan, proiektuaren sortzaileetako batzuek alde egin dute, azken asteotan abiapuntuko anonimotasuna eta izaera irekia baztertu egin direlako. Eta Espainia aldean, barne ministroak berak, Grande Marlaskak, lasai asko esan du osasun publikorako ez ezik, berak ez lukeela baztertuko populazioa ‘gainbegiratu eta zigortzeko ere’ erabiltzea, beti ere legearen barruan, noski.

Clay Banks / Unsplash

Hori guztia gutxi balitz, herritarron behaketa masibo hau ez dute erakunde publikoek zuzenean egingo, enpresa pribatuen bidez baizik. Pentsa: Googlek eta Applek, telefonia munduan lehiakide ez ezik ia-ia areriotzat ere jo daitezkeenak, hitzarmen publikoa egin dute, Pepp-PT Partzuergoak sortutako teknologia Android eta iOS sistema eragileen barruan txertatzeko. Hau da: gure harremanen kontrol eta erregistroa egiteko ez da ezelako aplikaziorik instalatu beharko. Telefonoa pizteaz bat automatikoki geratuko da. Baina e, lasai egon: ETBko albistegietan erakutsi digute norainoko kontrol zorrotza egiten duten Wuhan hirian mugikorren bidez. Jarraipen aplikazioa nahitaezkoa da han erosketak egin, taxia hartu edo lanera joateko. Mezu lasaigarriekin apaindu digute albistea: “total, pribatutasuna erabat galdua zuten lehendik ere, orain gutxienez salbu daude, osasunaren aurka babestuta…”.

Ematen baitu horixe dela kontua: “Zer nahiago duzu, pribatutasuna ala osasun publikoa?”. Mediku ona ala euskaldunarena bezalaxe, dikotomia faltsua da. Ez dira termino kontrajarriak, eta beraz galderak ez du zentzurik, ezin da bata ala bestea aukeratu. Inoiz galdetzen badizute, gogoratu: erantzuten saiatuz gero, zureak egin du.

☉ Hego Uribe

Langabezian dauden eskualdeko 10 gaztek praktika ordainduak egingo dituzte sei hilabetez bertoko enpresatan

Beka jasoko duten gazteek hilean 871,66 euro gordin jasoko dituzte egunean 6 orduz lan egitearen truke. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da

|

Langabezian dauden eskualdeko 10 gazte kontratatuko dituzte aurten Nerbioi Ibaizabal eskualdeko enpresetan lan egiteko.

Praktika ordainduak izango dira, eta beka jasoko duten gazteek hilean 871,66 euro gordin jasoko dituzte egunean 6 orduz lan egitearen truke. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da.

Ordaindutako praktika hauek egin nahi dituzten gazteek ondoko baldintzak bete behar dituzte: Nerbioi Ibaizabal eskualdeko udalerriren batean erroldatuta egotea; Lanbiden enplegu eskatzaile bezala izena emanda egotea; unibertsitate titulua, erdi mailako nahiz goi mailako prestakuntza zikloa, hirugarren mailako doktoregoa edo profesionaltasun ziurtagiria izatea edota azken urteko ikaslea izatea; jasotako prestakuntzarekin lan esperientziarik ez izatea, edo lan esperientzia hiru hilabetetik beherakoa izatea; eta 18 eta 29 urte artean izatea (26 eta 29 urte bitartean Gazte Berme Sisteman izena emanda egon beharko dute).

Beka hauen helburua gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta laneratzea sustatzea da, beren lanbide heziketarekin edo prestakuntza akademikoarekin lotuta dauden eskualdeko enpresetan esperientzia hartuz.

Hauek dira programa honetan parte hartuko duten eskualdeko enpresak: IK–Ingurumenaren Kideak Ingeniería, S.L. (Basauri), Camp Tecnológico–Argi Ventures S.L. (Basauri), Asesoria Etxebarri, S.L. (Etxebarri), Euskal Korreo Postal Mailing, S.L. (Etxebarri) eta Dinosa, S.A.L. (Galdakao).

Irekita dago dagoeneko programa honetan parte hartzeko eskaera epea. Interesdunek esteka honen bitartez eman dezakete izena.

Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Zeberio, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Urduña eta Orozkoko udalek sustatzen dute programa, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Nerbioi Ibaizabal Mankomunitatearen laguntzarekin. Kudeaketa Novias Salcedo Fundazioarena da.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Urte berriarekin batera Abando-Urduña tren ibilbidearen kudeaketa Eusko Jaurlaritzak hartu du

Kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena izango den arren, Renfek 2027ko abendurarte dauka kontratua. Ondoren, 2028an, lehiaketa publikoa egingo da

|

C3 linea Basauri, San Migel, Arrigorriaga eta Ugaotik igarotzen da // Geuria

Urte berriarekin batera, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako hainbat transferentzia gauzatu dira.

Horien artean, Hego Uriben eragin nabaria duen bat dago: Renferen C3 linearen kudeaketa, Bilbotik Urduñara doan tren ibilbidearena, alegia, gure eskualdea zeharkatzen duena, Basauritik Ugaoraino.

Kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena izango den arren, Renfek 2027ko abendurarte dauka kontratua. Ondoren, 2028an, lehiaketa publikoa egingo da.

Esku aldaketa horretaz harago, hainbat dira Renfetik azken hilabeetan iragarri dituzten hobekuntzak: alde batetik,  Urduña eta Bilbo konektatzen dituen C3 lineako trenen maiztasuna handituko du Civis izeneko zerbitzuaren bidez.

Zerbitzu honen ibilbidea C3 lineako berbera izango da, baina trenek geldialdi gutxiago izango dituzte.

Bestetik, Bilbo eta Laudio arteko lanegunetako tren zerbitzuko maiztasuna 15 minutura laburtuko dute, eta 84 trenetik 92ra pasako dira.

Asteburuen kasuan, aldiz, 55etik 76ra.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

‘Yodög arraintxoa’ abusuen kontrako ipuinak urtea bete du, 16.000tik gora deskargekin eta hezkuntzan bide luzea eginez

Zazpi hizkuntzara itzuli da, 16.000 deskargatik gora izan ditu geuria.eus atari digitalean eta ehunka ikastetxetan ikasgai dute egun.

|

'Yodög arraintxoa' ipuinarekin irakurle, ikastetxe eta ikasleek bidalitako argazkiak

‘Yodög arraintxoa’ abusuak pairatu, salatu eta indartuta agertzen den arrain baten istorioa da. Gaur urtebete argitaratu zuen GEURIAk. Ordutik ibilbide luzea izan du: zazpi hizkuntzara itzuli da, 16.000 deskargatik gora izan ditu geuria.eus atari digitalean eta ehunka ikastetxetan ikasgai dute egun. Ikastetxe bakoitzak bere liburuxkak sortu, digitalean egokitu edo afixak egin ditu eta sareetan argazkiak eskegi edo egileei bidali dizkiete, albiste honen irudi nagusian ikus daitekeen bezala.

Bi basauriarrek sortu dute gazteei eta nerabeei zuzendutako ipuina: Pepe Godoyk idatzi eta Jon Spinarok ilustratu. Biak ala biak han hemenka izan dira aurkezpenak, hitzaldiak eta bilerak egiten. Lau haizeetara zabaldu dute eta hasieratik GEURIAn jarri dute konfiantza euskarri nagusia izan dadin. Horregatik, beheko esteka honetan jaitsi daiteke PDF formatuan ipuin osoa:


🐟 🐙 YODÖG ARRAINTXOA 🐳 🦀
➡️ DESKARGATU HEMEN ⬅️


Ipuina zazpi hizkuntzatan irakur daiteke: euskaraz, gazteleraz, katalanez, ingelesez, italieraz, frantsesez eta alemanieraz. Euskarazko itzulpena Iñigo Isuskizak egin du, katalanera Yolanda Vigarrek itzuli du, Ainhoa Chascok ingelesera, Naiara Pérez Etxabek italierara, Yolanda Cantero Vegak frantsesera eta Mascha Karlitskayak alemanierara. GEURIAko zuzendari izandakoa eta gaur egun edizio-lanak egiten dituen Jon Villapunek egin du diseinu eta maketazio lana. Erabilera ez komertziala librea da. Ipuinaren idazlearekin harremanetan jar daiteke helbide elektroniko honetara idatzita.

Mirian Alonsoren oroimenez idatzi du ipuina Pepe Godoyk. Mirianek, Pepek bezala, sexu-abusuak pairatu eta salatu zituen. 2022ko martxoan zendu zen Mirian. Pepe Godoy basauriarrak 2018an salatu zuen eskola futbolean sexu abusuak pairatu zituela entrenatzaile batek partetik. Ondoren, entrenatzaile beraren aurkako salaketa gehiago etorri ziren. Hala ere, Baskonia Futbol Eskolak ez zuen entrenatzailea -eta idazkaria- kargutik kendu. Adin txikiko baten salaketari esker, entrenatzailea epaitegietara eraman eta sei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2021ean. Baskonia Futbol Eskolak izena aldatu zuen eta gaur egun Baskauri Futbol Eskola da.

Modu batera edo bestera, ‘Yodög arraintxoa’ ipuinean laguntzeagatik Fran Gonzálezi, Nerea Careagari eta Yoli Calongeri esker onak eman dizkio Pepe Godoyk.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

‘Civis’ zerbitzuak tren maiztasun handituko du Hego Uribeko herrietan 2025ean

Zerbitzu berri honen trenek Miribillan, Bidebietan, Arrigorriagan, Ugaon, Aretan, Laudion, Amurrion eta Urduñan egingo dituzte geldiuneak eta zazpi minutu laburtuko du gaur egungo zerbitzua

|

Aldiriakeko tren bat, Arrigorriagara heltzen // Geuria

Renfek Urduña eta Bilbo konektatzen dituen C3 lineako trenen maiztasuna handituko du Civis izeneko zerbitzuaren bidez. Zerbitzu honen ibilbidea C3 lineako berbera izango da, baina trenek geldialdi gutxiago izango dituzte.

Izan ere, 2025eko urtarrilaren 7an martxan ipiniko den zerbitzu berri honen trenek Miribillan (Bilbo), Bidebietan (Basauri), Arrigorriagan, Ugaon, Aretan, Laudion, Amurrion eta Urduñan egingo dituzte geldiuneak. Horrela, gaur egungo 52 minutuko bidaia 45era laburtuko du Renfek.

Guztira 16 bidaia egingo dituzte tren hauek egunero, zortzi Urduñarako noranzkoan eta beste zortzi, Bilboranzkoan.

Egunero, gehiago

Gainera, Renfek iragarri du aldaketak egingo dituela ohiko eguneroko zerbitzuko maiztasunean: zerbitzua 05:00etan hasiko da eta azken trena 23:35etan izango da, 30 minutuko maiztasunarekin.

Horrek eragina izango du bereziki asteburu eta jaiegunetan eta 55 zerbitzuetatik 76ra handituko dela iragarri dute tren enpresatik. Lanegunetan ere handituko dute tren zerbitzuaren maiztasuna, 84 zerbitzuetatik 92ra haziz.

Bilbo eta Laudio arteko lanegunetako tren zerbitzuko maiztasuna 15 minutura laburtuko dela azaldu dute Renfetik ere. Tren horiek geltoki guztietatik igaroko dira. “Asteburuetan momentura arteko tren zerbitzuak mantenduko ditugu eta maiztasuna 30 minutukoa izango da”, argitu dute Renfetik.

Gabonetako ordutegiak

Egun batzuk barru urteroko ordutegi bereziak ipiniko ditu Renfek. Abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra, Gabonak direla eta, Bilbo-Urduña C3 linearen maiztasuna jaitsi egingo dute. “Egun horietan bidaiari gutxiago egoteak murrizketa eragiten du, eskaintza eskarira egokitzeko”, azaldu dute Renfeko ordezkariek.

Hilaren 24an eta 31n, azken trenak 21:05ean abiatuko dira Bilbotik eta 21:34an Urduñatik. 25ean, lehen trena 10:35etik aurrera egongo da martxan, eta urte berriko egunean, berriz, zerbitzua 07:05ean hasiko da.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko 24 eragilek bat egingo dute Bilbon etxebizitza eskubidearen alde deitu duten manifestazioarekin

|

Hego Uribeko 24 eragilek atxikimendua eman diote manifestazioari // Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea

Abenduaren 14an, larunbatez, manifestazioa deitu du Bilbon Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, “etxebizitza eskubidea bermatzeko”. Manifestazioa 13:00etan izango da plaza Biribiletik (Abando).

Euskal Herriko 180 eragilek atxikimendua eman diote manifestazioari. Tartean, Hego Uribeko 24k: Galdakaoko, Ugaoko eta Usansoloko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ); Berdez Bizi; Sagarrak talde ekologista; Arrigorriaga Harrera; Emakumeak Aniztasunean Elkartea; Arrigorriagako Gazte Asanblada; Lamintxu Gazte Asanblada; Txarraska Gaztetxea; Zeberioko Gazte Elkartea; Zizpa Gazte Konpartsa; Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkartea; Galdakao TEAyuda; Galdakaoko Herriko Benta; Redes Aperribai; Soinuarri; Kakitzat Koordinadora Antimilitarista; Basandere Emakume Elkartea; Batu Elkarlaguntza Sarea; Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea; Kontseilu Sozialista; Itaia; eta Gazte Koordinadora Sozialista (GKS).

“Etxebizitza negozioa den bitartean inoiz ez da eskubidea izango. Etxebizitzaren negozioa da arazoaren erantzulea, eta horren aurrean, espekulatazaileen kontura urgentziazko neurriak har daitezela eta euren poltsikoak diru publikoz ez betetzea eskatuko dugu. Arazo estrukturala gainditzeko doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde borrokatu behar dugu”, diote Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Saretik.

Osorik irakurri