Sareak

Zutabeak

Iritzia / Paseoaren bueltan

|

Oraingoan helduok izan gara jarduera fisikoa praktikatzeko asmoz kalera ateratzeko aukera baliatu izan dugunok. Uste dut denok gogo onez hartu dugun lizentzia izen dela, bai Jarduera fisikoak osasunean eragiten dituen onurengatik, bai alde psikologikoari begira, lasaitu ederra eman baitiogu gure buruari konfinamendua une batez alboratu eta norberaren ‘askatasun’ hori berriro ere sentitzeko tartetxoa aprobetxatuz.

Era berean, egia da guztion gogo hori askatzeko premiak eta finkatutako ordutegien mugak herritar asko eta asko denbora-tarte berdinean kalera ateratzea eragin duela eta, ondorioz, zenbait irudi kezkagarri bizi izan ditugula Basaurin. Hala ere, orokorrean, jendeak jokabide zuzena izan duela iruditu zait eta eman ahal izan diren akatsetako asko ezarritako baldintza eta eskura ditugun baliabide eskasen ondorioz etorri dira.

Eta paseatzen nengoela zera bururatu zait: gure herria, Basauri, ez dago herritarrontzat diseinatuta.

Hazkunde industrialaren logikan eraikita dagoen udalerrian bizi gara. Horrek zer esan nahi duen? Bada, sinpleki, lehenik eta behin industria eta honentzako beharrezkoak diren azpiegiturak (langileei ostatu emateko etxebizitzak eta garraiobideak) lehenetsi direla eta, bigarren maila apal batean, herritarrok erabiltzeko espazio publikoa geratu dela. Etxebizitzen pilaketa, biztanleria dentsitate altua, errepideei eta trenbideei erdiguneko kokapena ziurtatzea dira gure herriko hirigintzaren ezaugarri nagusiak (konplexutasun orografikoa kenduta, noski). Kotxea oinezkoaren gainetik. Espaloi estuak eta errepide zabalak.

Basauri eta San Migel lotzen dituen bideetariko bat / Utzitakoa

Hortaz, egiaztatu ahal izan dugu nola herrigunean aisialdi ez kontsumistaz gozatzeko espazio nahikorik ez dagoen eta ‘periferiara’ jo behar izan dugu aldi berean milaka basauriar, pasialekuen bila. Hiltegia eta San Migel batzen dituen bidea, MercaBilbao ingurutik zabaltzen diren bidegorri eta paseo ezberdinak, Malmasin eta bere inguruneak… lepo bete dira egunotan.

Bestalde, autorik gabeko hiriak nolakoak izango liratekeen irudikatzeko aukera izan dugu, nabarmena izan baita oinezkoak kalera atera izan garen bitartean herrigunean kotxeen fluxua erabat apaldu dela. Izan ere, hainbat hiri hasi dira ibilgailuei zuzendutako espazio horien erabilera planifikatu eta aurreneko neurriak hartzen. Adibidez, Galdakaoko Udalak zenbait kale oinezkoentzat bideratu ditu herritarren pilaketak ekidin eta aisialdirako gune gehiago eskainzeko asmoz.

Basaurira itzuliz, aitortu beharra dago azken urteotan aldaketatxoak somatzen ari garela hirigintzaren alorrean eta, pixkanaka bada ere, norabide zuzenagoa hartu eta hirigintza atseginago baten aldeko apustua burutzen ari garela herri gisa. Horren adibideak Bizkotxalde parkea (nahiz eta diseinu aldetik akats nahikotxo dituen), erreka inguruan eraikitako bidegorriak eta pasealekuak edota Sarratuko bulebarra izan daitezke; eta etorkizunera begirako proiektuetan ere halako joera somatzen da: San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko eraberritzeak suposatuko duen espazio publikoaren zabaltzea (Pozokoetxeko trenbide multzoaren lursailaren berreskuratzea eta Trintxera plazaren espazio erabilgarria handitzea) edo Arratiako tranbiako bidegorriaren aldeko apustua (auzotarren ekiteari esker), kasu.

Etxebarri eta Basauri lotzen diren bidera, Sarratu auzoan / Geuria

Hala ere, herriaren eraldaketaren helburua gauzatzeko lan asko geratzen zaigu oraindik egiteke. Ezinbestekoa suertatzen da herri barneko mugikortasuna berraztertzea oinezkoek lehentasuna eskura dezaten eta irisgarritasun arazoei konponbidea emateko. Era berean, egiteke daukagu genero ikuspegia hirigintzan txertatzea gure herria denontzat segurua izan dadin. Premiazkoa da ingurumenarekiko begirunea elementu zentrala bilakatzea. Eta, orokorrean, zaintza, pertsonak, haurrak zein helduak, mugikortasun arazoak dituztenak… hirigintza planteamenduen erdigunean kokatzeko auzia oraindik ere zain dugu. Laburbilduz, behar-beharrezkoa da herriaren transformazio prozesua irekitzea eta prozesu hau herritarrekin batera gauzatzea.

Bizitzen ari garen egoerak badu alderdi positibo bat: orain artean izkutuan zeuden zenbait eztabaida interesgarri azaleratzen ari dira. Hala nola, zaintza ereduaren ingurukoa, zerbitzu publikoen ingurukoa, ingurugiroak krisi sanitarioetan duen eragina, tokiko merkataritzak ekonomian jokatzen duen papera, lana egiteko moduak edo orain artean gutxietsitako lanbide ezberdinen funtsezkotasuna…

Eta hauxe da, nire ustetan, krisi honetatik atera genezaken irakaspenik garrantzitsuenetarikoa, egungo egoeraren berraztertzea eta honekiko inkonformismoa, are gehiago konprobatu ahal izan dugunean egungo egoerak ez dituela gure beharrak asetzen.

Beraz, bai, zabaldu dezagun gai hauen inguruko eztabaida eta erantzun diezaiogun hurrengo galderari: ze herri mota nahi dugu?

Zutabeak

Iritzia | Dena lotuta eta ondo lotuta utzi dute

|

Faxismoa ez zen 1975ko gau hartan ohean gelditu, ezta ere 1945eko apirilaren 30ean Hitlerrek bere buruaz beste egin zuenean. Faxismoa ezin dugu pertsona zehatzek hartutako neurri desproportzionatu gisa soilik ulertu, krisian sakotzen den eta kapitalismoan indarra hartzen duen programa bezala baizik. Horrela ulertuta soilik eman diezaiokegu zentzu historikoa faxismoari, baita gaur egun indarra hartzeko arrazoiak ere. Aurpegi eta dimentsio ugari dituen mugimendu zabal bat indartzen ari da egun bizitzen ari garen krisi testuinguruan, gazteengan bereziki ematen ari den joera erreakzionarioetatik hasita, ultraeskuineko gobernuen osaketatik igarota eta kale mailako patruila arrazistetara arte.

Izan ere, Frankoren heriotzarekin batera ez zen faxismoaren existentziaren bukatu, dominazio kapitalistarekin aurrera jarraitzeko fundamentu politiko eta instituzionalak indartu ziren besteak beste. Horregatik Trantsizioan eta 78 Erregimenean ez zuten gizartearen unibertsalizazioa eta berdintasun errealik gauzatu; kontrara, egitura ekonomiko kapitalista indartzea, militantzia iraultzailea zigortzea eta autodeterminazio eskubidea ukatzea lortu zen. Hortaz, bai, lotuta eta dena ondo lotuta utzi zuen dena.

Hori dela eta, erregimen kapitalistaren kontra eta egun indarra hartzen ari den faxismoaren kontra haustura politiko iraultzailea gorpuztea aldarrikatzen dugu Kontseilu Sozialistatik. Indarra hartzen ari den mugimendu faxista berri honen eta joera erreakzionarioen aurka, ustezko euskal adn antifaxista horretatik urrun , programa iraultzailean oinarrituko den mugimendu antifaxista zabal bat artikulatu behar dugu, langileriaren sektore ezberdinak antolatuko dituena eta independentzia politikoa ardatz nagusi izanda.

Guzti honetan ekarpena egitera dator Euskal Herriko Kontseilu Sozialistatik antolatu den Abenduaren 6ko mobilizazio zein goizeko hitzaldia.Gerturatu! Bertan ikusiko dugu elkar!

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia | Puntu Morea erasotzea eraso bat baino gehiago da

|

Puntu Morean izandako erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten jaietan // Geuria

Mugimendu Feministak hamarkadak daramatza indarkeria matxistaren kontrako borrokan, lehen identifikatzen ez genituen eta normalizatuta genituen hainbat egoera gaur egun izendatu ditzakegu eta argi dugu bidegabeak direla. Auzo-elkarteek, jai-batzordeek, gizarte-mugimenduek eta herrian presente dauden eragile guztiek berdintasuna erantzukizuntzat hartu beharko luketela aldarrikatu dugu urteetan zehar. Izan ere, guztion ardura da sortzen ditugun espazio eta jai eremuak emakumeentzako eta genero disidenteentzako gune seguru eta gozagarriak direla bermatzea.

Protokoloen eta erasoen kudeaketaren ardura kolektibizatu beharraz hitz egiten dugu askotan. Bide horretan, instituzioak behin baino gehiagotan seinalatu izan ditugu. Ardurak hartzeko eskatu diegu, eraso matxisten kontrako protokoloak eduki eta udal baliabideak indarkeria matxistaren kontrako borrokan inbertitu ditzaten. Zentzu horretan Mugimendu Feministak autogestioz eta militantziaz jai-guneetan martxan jarritako protokolo eta puntu moreak instituzioen gain hartzea aurrerapauso modura ikusten dugu.

Larunbat gauean Arrigorriagako jaietan gertatutakoak kezka eta haserrea sortu dizkigu. Kontzertuak bukatu bitartean gizon talde batek Puntu Morea erasotu zuen, bertan zeuden bi emakumeak iraindu eta botilak jaurti zizkieten. Puntu Morearen kontrako erasoa jaien kontrako eraso bat da. Emakume eta genero disidenteok erasorik gabeko jaiez gozatu ahal izatearen kontrako erasoa. Mugimendu feministak beste eragileekin elkarlanean urteetan egindako militantziaren lorpenen kontrako erasoa.

Batez ere orain inoiz baino gehiago, Puntu Moreak eta erasoen prebentzioan egiten den lanaren beharrezkotasuna ezin dugu zalantzan jarri. Erasoak egoten jarraitzen duten bitartean, jai-guneak emakume eta genero disidenteentzako espazio seguru ez diren bitartean eta txosnaguneak lehenago ixten gabiltzan bitartean (erasoak bata bestearen atzetik ematen direlako). Horregatik, jai eremuetako gizonengan jartzen dugu fokoa: har dezatela ardura erasotu ez gaitzaten. Ez soilik indibidualki, baizik eta sor ditzatela baldintzak haien inguruko (eta oro har, jai-guneko) gizonek erasotu ez dezaten.

Erasoen eta erasotzaileen inpunitatearen aurkako jarrera izatea denon ardura da. Argi izan dezatela eraso orok erantzuna izango duela eta ez direla jai eremuetan ongi etorriak.

Jai herrikoi eta feministen aldeko hautua egiten dugu eta erasoen ondorengo kudeaketatik haratago, espazioak feministatzeko beharrean berresten gara. Protokolo feministez gain, oholtza, txanda eta antolaketa forma feministen alde egiten dugu. Izan ere, indarkeria matxistaren aurka egiteko ezinbestekoa da patriarkatuaren irakurketa estruktural bat egitea, eta autodefentsa hortik pentsatzea. Planteamendu hauek gizonak gu erasotzeko zilegitasuna eta boterea duten gizarte talde gisa ulertzeko tresnak ematen dizkigute. Eta, aldi berean, erasotzaileen inpunitatearen aurkako borrokak nahiz autodefentsa feminista artikulatzeko.

Autodefentsa feminista antolatu dezagun! Aurrean izango gaituzte.

Gora borroka feminista!

Urruma Arrigorriagako Asanblada Feminista, Emahots Ugaoko Talde Feminista, Momoak Galdakaoko Talde Feminista eta Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Miseriaren aurrean etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala

|

Etxebizitzaren arazoa langileriarentzat gure soldaten arpilatzea den bitartean, enpresari eta errentistentzat negozioa handitzeko bidea da. Gehiengoarentzat pobretzearen iturri dena, gutxiengoarentzat aberastasunaren zutabe garrantzitsua da.

Politikariek etxebizitzaren arazoaren inguruan sortu den kezka soziala eta kale-mobilizazioak higiezinen negozioa indartzeko eta diru publikoz finantzatzeko erabiltzen dituzte. Neurriak hartzen ari direla dioten alderdi politikoak etxebizitzaren arazoak ematen duen negozio-aukeraz baliatzen ari dira enpresaburuen eta jabeen aldeko neurriak hartu eta ‘neurri sozial’ gisa aurkezteko. Horrela, haserre soziala leundu eta negozioaren aurka indartu daitekeen antolakuntza independentea neutralizatzen dute.

Norabide honetan, Galdakaoko Udalak ere azken asteetan neurri ezberdinak onartu ditu. Neurriak, etxebizitzaren merkatua lasaitzeko helburua dutela dioten arren, negozioa bultzatzeko neurri argiak dira, errentistei alfonbra gorria jarri eta langileriarentzat egoera magia bitartez hobetuko delakoaren promesa faltsuak baino ez.

Neurri horien artean errentistei diru laguntzak ematea aurki genezake. 3.500 euroko dirulaguntza emango zaie etxea alokairura bideratzeko konponketak egiteko eta beste 3.000 euroko dirulaguntza irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko. Etxebizitza sarbidea errazteko laguntza bat izatetik urruti, etxebizitzaren negozioa finantzatzeko neurri bat da. Eskaintza-eskasiaren arazoa konpontzeko neurri bezala saldu nahi diguten hau, eraikuntza eta espekulazio-ziklo berri bat bultzatu nahi duten politikarien eta enpresaburuen beste tranpa bat da, gutxien behar duenari diru gehiago metatzeko aukerak zabalduz.

Ateratako neurrien artean ere, gune tentsionatuetarako hartutako neurriak egongo lirateke (Aperribai eta Jugu auzoei soilik eragiten dietenak). Batetik, alokairu berriei prezioa mugatzea eta bestetik, alokairuaren kontratua luzatzeko eskubidea 8 urtera arte aldatzea. Neurri hauekin alokairuaren prezioak ez dira jaisten, muga bat soilik jartzen diote igoerari, prezioak astiroago igoarazten ditu soilik. Neurri hauen eraginkortasuna limitatua da, are gehiago Galdakaon alokairuaren prezioa
2022ko datuen arabera azken 5 urteetan ehuneko 11ko igoera adierazi zuenean eta tendentzia gorakorra izaten jarraitu duenean. Tentsionatutako eremuaren izendapenak esparru juridiko eta administratibo bat sortzeko baldintzak baino ez ditu jartzen, eta, horri esker, udalek eraikuntza-plan berriak jarri ahal izango dituzte martxan, berriz ere, etxebizitzaren auziarekin negozioa egiten ari direla agerian geratzen delarik.

Neurriak publiko egitean udalak adierazi duen bezala beraien helburua “etxebizitzaren merkatua lasaitzen joatea” da, hau da, bizi dugun ezinegon sozial eta kaleetako mobilizazioen lasaitzea besterik ez. Etxebizitzaren arazoaren konponbidea ez da higiezinen negozioa finantzatzen duten politikarien eskutik etorriko, etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen artean, batzuentzat irabaziak metatzeko eta negozioa egiteko erraminta den artean, auziak ez du aterabiderik izango. Soluzioa soilik etor daiteke, kalitatezko, doako eta unibertsala izango den etxebizitza-sistema baten ezartze batetatik. Izan ere, baliabideak badaude pertsona orok etxebizitza bat izan dezan, prozesu horretan enpresaririk edota etxejaberik aberastu gabe. Miseriaren normalizazioaren aurrean doako etxebizitza kalitatezkoa eta unibertsala aldarrikatu behar dugu!

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Gerra inperialistaren eta estatuen militarizazioaren aurka kaleak har ditzagun maiatzaren 1ean!

|

Maiatzaren lehena, langileriaren kontzientzia kolektiboan gorriz markatutako eguna, borroka eguna alegia. Iraganeko sinbologian gelditu zen egun bat izatetik urrun, klaseen arteko borroka berpizteko eta gorputz iraultzailea eraikitzen jarraitzeko eguna da.

Gaur egun burgesiaren ofentsiba, forma beliko eta politikoa hartzen ari da. Bloke atlantistaren gainbehera ekonomikoaren testuinguruan Europaren autonomia estrategikoaren defentsaren bandera daramate agintariek, baina zer esan nahi dute horrekin?

Autonomia estrategikoa, baina norentzat? Langileriarentzat ez, noski. Autonomia estrategikoarekin berrarmatzeaz, hausteritate politikez eta aberastasunaren kontzentrazioaz ari dira, hau da, burgesiarentzat irabazien iturrien berkonfigurazioa eta langileriarentzat hildakoak eta pobrezia orokortua.

Izan ere, gaurdanik, industria militarraren zabalpena ematen ari da, sektore honetan abanguardia diren enpresa milioidunen irabazien gorakada nabarmenekin batera. Honek erakusten digu herrialde ezberdinak OTANen mandatuetara egokitzeko planak jarraitzen eta BPGa (Barne Poduktu Gordinaren) %2ra heltzeko baldintzak sortzen ari direla.

Baina, kapitalisten gerra honetan zer dugu irabazteko langileok? Ezer ez. Kontrara, izugarriak izango dira testuinguru belizista honek ezarriko dizkigun kostu ekonomiko eta politikoak. Alde batetik, hausteritate politikak aplikatuko dituzte defentsan egiten ari diren eta egingo duten inbertsioa berreskuratzeko, ezinbestean prestazio sozialetan murrizketa ikusgarriak ekarriko dituenak. Bestetik, herrialdeen arteko tentsio militarren areagotze posiblea eta estatuen militarizazioarekin giro autoritarioaren sakontzea.

Hortaz, inperialisten arteko gerra honetan langileok egiteko bakarra daukagu, antolakunde, kolektibo eta norbanakoen arteko batasun iraultzailea sustatu, eta kaleak konsigna argiekin hartzea. Guzti hau, sozialdemokrazia kanpo utzita egin behar dugu, bere alderdi insituzionaletatik eta adierazpenetatik kanpo alegia. Gerrari eta pobretzeari aure egingo dion erreferente iraultzaile bat gorpuzteko baldintzak sortu behar ditugu, nazioarteko perspektiba izango duena eta jendarte komunista baten eraikuntza helburu bezala izango duena. Izan ere, hau baita daukagun berme bakarra burgesiaren ofentsibari aurre egiteko eta gerra inperialistekin betiko bukatzeko bermeak izateko.

Kaleak hartzeko momentua da, gerra inperialisten kontrakotasuna gorpuztu dezagun!

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Gastu militarraren igoeraren aurrean, herriak baditu bere armak

|

Shattered lives, War on Gaza 2023-2025 (#43) // Argazkia: Rawan Murad (Wikimedia)

Hasi da 2024ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kanpaina, eta honela, Bizkaiko Foru Aldundiak langile-klasearen baliabide-erauzketa gauzatuko du beste urte batez. Kapitalaren adar burokratiko eta errepresiboa finantzatzera ohituta gaudenez, konformatu egiten gara osasun eta hezkuntza sistema gero eta ahulagoekin, jakinda dekadentzia hori entitate berberen interesak asetzearen ondorioa dela.

Pentsiodunak bezalako gizarte-taldeen beharrei erantzuteko baliabideak ukatzen diren arren, badirudi haien intereseko arloetan gastuak nabarmen handitzeko baliabideak badaudela, hala nola, armamentu-industria edo gaizki deituriko “segurtasun-indarretan”. Hau da instituzioen benetako aurpegia, genoziden eta zapalkuntza-sistemari eutsi nahi diotenen arteko harreman ekonomikoa, beti ere, indarkeriaren monopolioaren bidez.

Horregatik, kudeaketa eredu honen aurka gaude, baliabide horiek herriaren ahaleginaren fruitu direlako, eta baliabide horiek bideratzen direlako, hain zuzen, baliabideok erauztea ahalbidetzen duen ordena mantentzera. Baita interes pribatuen onurarako ere, nahiz eta horretarako zerbitzu publikoak degradatu edo zuzenean beste herri batzuk hil behar diren.

Gure etsaia ez da errusiarra edo israeldarra, gobernatzen gaituzten eliteak baizik. Herriak gara gure gaitasunak hobetu behar ditugunak, autokudeaketa, elkarrekiko laguntza eta autodefentsa bultzatuz. Hain zuzen, gure autonomia areagotuko duten eta gure benetako premiak asetuko dituzten egitura sozial eta ekonomikoak eraiki behar ditugu. Gure segurtasuna gure beharrak asetuta izatearen araberako abaita; kalitatezko elikagaiak, etxebizitza duina, komunikabide propioak eta abar eskuratzearen araberakoa. Beste era batera esanda, gure segurtasunerako, indarkeria sistemikoa erabiltzen duen gizarte kapitalista, kolonialista eta patriarkala deuseztatu behar dugu.

Seguruago sentitzeko bidean, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarean ziur gaude geure armetan inbertitu behar dugula. Horietako bat desobedientzia zibila da. Horregatik, gastu militarrari Eragozpen Fiskala egiteko kanpainarekin bat egitera animatzen zaitugu. Urte batzuk daramatzagu kanpaina honekin bat egiten, gure zergen zati bat kolektibo sozialetara desbideratzen. Herri indartsu bat eraikitzeko, garrantzitsua baita haien gerrak eta ordena finantzatzeari uko egin, eta baliabideak guri interesatzen zaigun lekuetan kokatzea.

“Gerrarik ez herrien artean, bakerik ez klaseen artean”

Osorik irakurri