Sareak

Kirola

Iritzia / Pilota eta liburua

|

Ainhoa Alvarez / Athletic Club

Ainhoa Alvarez Athleticeko jokalariak bizi erdia eman du futbolean. Orain hezkuntzan jarraituko du bere ibilbidea, hemen ere kirolarekin lotuta. Hori da futbola uzteko arrazoia: indarrak hezkuntzan jarri eta oposaketak prestatu. 26 urterekin hartu du erabakia. Emakumezko futbolean lehen lan-hitzarmena sinatu den urtean utzi du futbola.

Esku artean duzun paperezko edizioaren 14 eta 15. orrialdeetan irakur dezakezu Maider Ibañez kazetariak Ainhoari egindako elkarrizketa zabala. Eta lerro hauen ondoan Dani Maiz ilustratzaileak eskaini dion azal ilustratua: pilotatik liburura.

“Zer esango zenioke futbolean hasten ari den ume bati” galderak amaiera ematen dio elkarrizketari. Umeei eta gurasoei zuzentzen da. Umeei esaten die aurrera jarraitzeko eta kontutan eduki dezatela bere inguruak baldintzatu egingo duela euren jarduera. Ume bakoitzak nahi duena egitera animatzen du, eta gurasoei esaten die, erabakiak errespeta ditzatela. Futbolean hasten den umeak futbola gustuko izan behar duelako, “futbolaz eta futbolarekin disfrutatzea, horren atzetik beste gauza asko datozelako. Bai Athleticen, bai Galdakaoko taldean”.

Mezua argia da: jolastu eta gozatu. Sinplea oso. Futbola gauza asko delako: sorkuntza, hazkuntza eta hezkuntza, sentsazioak. Eta finean, pilota bat da, Ainhoaren eta gero eta emakume gehiagoren bizitzan dagoen pilota. Baina pilota hori norbaitena bada umeena da. Izan da, da eta izango da. Ahaztu emaitzak, belar perfektua, koloreetako kamisetak eta botak. Ume txikienek egiten duten moduan, une batez ahaztu apaingarri horiek guztiak. Horiek guztiak kendu eta zer geratzen da? Gozamena eta algarak sortzen duen jostailu bat. Eta pilotarekin batera, Ainhoak beti beste jostailu bat izan du gertu: liburua.

☉ Arrigorriaga

32. Ume Mendi Ibilaldia antolatu du Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak

Maiatzaren 26an antolatu dute 32. edizioa eta urtero lez, proba laburra eta luzea izango ditu

|

Pastorekorta // Geuria

Maiatzaren 26an 32. Ume Mendi Ibilaldia antolatu du Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak. Urtero lez, kirol proba honek kategoria bi izango ditu, eta biak Arrigorriagatik abiatuko dira: Laburra (7,81km eta 214 metroko desnibelekoa) eta Abrisketako Done Peritik, Benta Handia eta Mendikosolotik igaroko da. Luzea, ordea, (11,64km eta 535 metroko desnibelekoa), Otxandioko Atxatik, Pastorekortako tontorretik eta Txus iturritik igaroko da.

“Luzeak, anoa-gune bat izango du ibilbidean. Laburrak, ordea, ez”, azaldu dute Euskal Mendi Federaziotik. “Baina, amaieran, ibilbide bietako parte-hartzaileek indarrak berreskuratzeko jakiak izango dituzte helmugan, baita opari-poltsa bat ere”.

Izen emateak eta ibilbideen trackak Euskal Mendi Federazioaren webgunearen bidez ikus daitezke.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Abusu Casting Klubak Arrantza Opena egingo du taldearen 25. urteurrenean

Hitzordua ekainaren 23an izango da eta 450 euro eta kirol materiala banatuko dituzte sarietan

|

Abusu Castingeko Mikel Jimenez kidea // Abusu Casting Klub

Abusu Casting Klubak mende laurdena bete du aurten eta ospakizun modura Arrantza Open 25 jarduera prestatu dute Arrigorriagako auzoan. Hitzordua ekainaren 23an izango da eta 450 euro eta kirol materiala banatuko dituzte sarietan.

“25. urteurrenean egun berezia antolatu dugu Abusun”, azaldu dute elkarteko ordezkariek. “Hori horrela, herritarrak gonbidatu nahi ditugu Korrokoiak arrantzatzera”. Jardueran parte hartzeko arrantza klubarekin harremanetan jartzea eskatu dute 678 51 84 64 telefono zenbakira deituz.

Lehen saria 200 euro, txapela eta trofeoa izango da; bigarrena 150 euro eta trofeoa; hirugarrena 100 euro eta trofeoa. Laugarren postutik hamargarreneraino kirol materiala banatuko dituzte parte-hartzaileen artean. “Parte-hartzaile guztiek saria jasoko dute hala ere”, gehitu dute arrantza taldetik.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Urrutikoetxea eta Elezkano II pilotari zaratamarrek Bizkaia Torneoan hartuko dute parte

Danel Elezkano zaratamarra Gorbeia taldean arituko da lau t’erdiko espezialitatean. Urrutikoetxea, ostera, Kolitzan lehiatuko da Albisurekin batera eskuz binakakoan

|

Gaur goizean ekainaren 1ean Urdulizen hasiko den Bizkaia Torneoaren 11. edizioaren aurkezpen ofiziala egin dute Bilbon. Bertan Leixuri Arrizabalaga Euskara eta Kultura diputatua, Aspe eta Baiko Pilota enpresetako ordezkariekin bildu da. Guztira 24 pilotarik hartuko dute parte aurtengo edizioan eta horien artean Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano zaratamarrak daude.

Bizkaia Torneoa taldeka eta hiru espezialitateak jokatzen dituen esku pilota lehiaketa bakarra da. Talde bakoitzak Bizkaiko mendi baten izena dauka: Ganekogorta, Oiz, Gorbeia, Sollube, Anboto eta Kolitza. Talde bakoitzean lau pilotari ageri dira: bi binakako modalitatean, bat lau t’erdian eta beste bat banakakoan.

Danel Elezkano zaratamarra Gorbeia taldean arituko da lau t’erdiko espezialitatean. Bere taldean Elordi eta Zabaleta binakakoan izango dira eta Salaberria banakakoan. “Pozik nago Gorbeia taldean jokatzea tokatu izanagatik”, aitortu dio Elezkanok GEURIAri bere taldekideen berri izan duenean.

Danel Elezkano // Geuria

Mikel Urrutikoetxea Kolitza taldean egongo da Albisurekin batera eskuz binakako modalitatean. Jaka lau t’erdian neurtuko da eta Zubizarreta III.a banakakoan.

Mikel Urrutikoetxea // Geuria

Lehiaketa sistema

Final-laurdenetako, finalerdietako eta finaleko kanporaketa sistemaren arabera jokatuko dute pilotariek eta kanporaketa bakoitzean gutxienez bi garaipen lortu dituen taldea sailkatuko da. Antolakuntzatik azaldu dute partidak 22 tantora jokatuko dituztela eskuz binakako modalitatekoek eta 18ra banakako kanporaketetan.

Txapelketa Urdulizen, Zeanurin, Mallabian eta Bilbon jokatuko da eta kanporaketak ekainaren 14, 15 eta 16an jokatuko dituzte. Finala abuztuaren 20an antolatu dute Bilboko Bizkaia Frontoian. Sarrerak webgune honetan eskuratu daitezke.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeen Champions Leagueko kopa Basauriko Artunduaga kiroldegian dago gaur eta bihar

|

Maiatzaren 14an eta 15ean ikus daiteke gertutik UEFA Women's Champions Leagueko kopa Artunduagako kiroldegian // Argazkiak: Basauriko Udala

UEFA Women’s Champions League txapelketako finala jokatuko dute maiatzaren 25ean Bilboko San Mamesen Bartzelonak eta Olymplique Lyonek.

Finaleko kopa Bizkaiko hainbat udalerritan izango da ikusgai, “herritarrek garaikurraren argazki bat egin ahal izan dezaten, baita emakumezkoen kirolari babesa adierazteko ere, kasu honetan, futbola protagonista dela”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Basaurin soilik ikus daiteke UEFA Women’s Champions Leagueko kopa: gaur (maiatzak 14) eta bihar (maiatzak 15) Artunduaga kiroldegiko futbol zelaiaren gradetan jarri dute. Kopa ikusteko ordutegia da 09:00etatik 21:00etara.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeen hirugarren Korrikaldia antolatu dute maiatzaren 19an Basaurin

|

Emakumeon III. Korrikaldiak Marienean izango du irteera, eta helmuga San Isidro plazan // Marienea

Emakumeon Herri Korrikaldiaren hirugarren edizioa antolatu du Marieneako Korrikalariak taldeak maiatzaren 19an, igandez, Bentako jaien markoan.

Ibilbidea 5 kilometrokoa da eta Marienean bertan izan da irteera 10:30ean. San Migelen itzuli bat egin ostean, Marienea aurretik igaroko dira eta Nagusia kaletik behera egingo dute. Helmuga San Isidro plazan izango da, 12:30ean.

Parte hartzaileek korrika edo oinez egiteko aukera izango dute ibilbidea. Interesdunek izena eman behar dute aurretiaz  946 124 100 telefono zenbakira deituta edo marienea@basauri.eus helbide elektronikora idatzita.

Izena ematea doakoa da, kamiseta oroigarririk gabe, eta kamisetarekin 10 euro ordaindu behar dute parte hartzaileek.

Ordutegia / III. Emakumeon Herri Korrikaldia

Maiatzak 19, igandea
10:00 Dortsalen banaketa Marienean
10:15 Berotze-ariketak
10:30 Irteera

Osorik irakurri