Erre daitezela gaurko suan handiuste eta aginte-gosea. Kiskali errepresioa, mendekua eta herri zapalduen oinazea. Zimel daitezela mina, amorrua eta etsipena. Sutara gerrak. Sutara. Sutara guzti-guztiak. Egin dezagun guztiok zurrunbilo kartsuaren gainetik salto, erraiak baretu eta kontzientzia bera garbitzeko. Zergatik eta onartu ditugunengatik. Esan ez ditugunengatik. Egin ez ditugunengatik. Eta gorde dezagun su-hondarren bat etxerako, badaezpada ere, norbere barruan ere izaten delako, sarritan, erretzeko nahikoa gauza.
Egin diezaiogun, horrela, diosala, biharamunean, egun berri eta garbiari. Joan gaitezen belar-ihintzetan oinutsik ibiltzera, bihotzak elorri-zuri eta lizar-adarrez apainduta, oraindik ere su-hautsa belaun biluzietan iltzatuta. Eta izan bedi, hurrengo hori, behingoz, egun lasai bat. Atxagarena bezala, berrogei egun arrunten luzerakoa, ahal dela. Egun finlandiar bat, egun finlandiar luze eta baketsu bat.
