Zutabeak

Je suis hipocrite

Ondokoen fedea irain­tzea probokaziotzat jo du Aita Santuak. “Nire ama iraintzen baduzu, nire muturrekoa itxaron ahal duzu” esan du, hitzez hitz. Adieraz­pen askatasuna badugula, baina ondokoarentzat garrantzitsua dena aintzat hartu eta errespe­tatzeko erantzukizun morala ere bai. Hautsak harrotu dituzte hi­tzok, zelan ez, Charlie Hebdon gertatutakoa adierazpen askata­sunaren kontrako erasorik han­dienetakoa dela uste dutenen artean. Erasoak justifikaziorik ez daukala eta zigortu beharre­koa dela ere esan egin du Aita Santuak, baina hori ez du inork entzun nahi izan, lehenengoak titular deigarriagoa osatzen du eta, antza. Hipokrita hutsa dela adierazi dute askok, eta adie­razpen askatasunak mugarik ez daukala argudiatu.

EZINBESTEKOA DA GURE MURRUETATIK HARAGO BEGIRATZEN IKASTEA

Egia al da hori, baina? Ni neu ezezkoan nago. Adierazpen askatasuna eskubide uniber­tsala da Giza Eskubideen Adie­razpen Unibertsalaren arabera, baina horrek ez du esan nahi absolutua denik, ezta hurrik eman ere. Prentsa askatasuna eta ideien hedatze askea, egia­ren ezagutza eta parte-hartze politikoaren baitan eraikitako eskubideak dira, norbere iritzia besteei zabaltzeko aukera izan dezagun, baina eskubide hori mugatu ahal da –eta mugatu behar da-, beste eskubide go­ren batzuekin talka egiten badu, azken hauek babestea helburu. Alegia, ezin da publikoki haur -pornografia defendatu, ez iritzi hori ilegala delako berez, baizik eta publizitate horrek kolokan jartzen dituelako beste eskubi­de garrantzitsuago batzuk. Era berean, legez debekatuta dago gerraren aldeko eta edozein per­tsona nahiz talderen aurkako in­darkeria eragin dezaketen ideien propaganda, eta bereziki, arraza, sexu, kolore, erlijio edo jatorria­ren inguruko erasotzat har daite­keen edozein. Logikoa ere bada, gainera, izan ere, nekez onartuko genuke, gaur egun, beltzak bi­garren mailako gizakiak direla defendatzen duen aldizkari edo argitalpenik, ezta?

Bitxia da, ordea, gizakiok adierazpen askatasunaren gai­nean daukagun irudia. Bitxia da zeinen lausoa den irudi hori, eta zeinen erraz moldatzen dugun geure interesetara, buztinezko panpina itxurabakoa bailitzan. Mugaren zein aldetan egon, ber­din-berdin egiten dugu adieraz­pen askatasunaren alde ala kon­tra, komeni zaigunaren arabera. Gatazka egoera oso antzekoen aurrean indar beretsuarekin de­fendatzen ditugu erasotu nahiz erasotzailearen rolak. Gertaerak eraldatzen ditugu, gure ahulezi eta asmoak itxuraldatu, errea­litatea erabat birformulatu. Hi­pokrita hutsak gara. Hurbileko sentitzen ditugun eskubideak adierazpen askatasunaren gai­netik daudela defendatzen dugu; eta, horrenbestez, zentsu­ra eskatzen dugu homosexua­len kontrako irainentzat, ema­kumeen irudia kaltetzen duten komunikabideentzat, animalien kontrako edozein eraso defen­datzen duten web eta blogen­tzat. Onartuko al genuke guk torturen inguruko karikaturarik? Bulling-aren inguruko txisterik? Non dago, bada, gure muga? Ez pentsa hipokresia pribilegiatu gutxi batzuen dohaina denik; koherentzia eza gizakiaren baita­ko joera demokratizatua da, zori­tzarrez. JE SUIS HIPOCRITE. BAITA ZU ZEU ERE.

Ez dago Charlie Hebdoren aurkako erasoa justifikatzerik, inolaz ere, baina eraso honek argi utzi du adierazpen askata­sunaren mugen inguruan asko dagoela oraindik argitu eta ez­tabaidatzeko. Ezinbestekoa da muga horien erregulazio oreka­tu bat mundu mailan, eta ezin da erregulazio hori aginte organoen interesen esku utzi, horiek joera bakar bat lortzera bideratzen di­relako beti. Modu berean, ezin ditugu muga horiek gure bulka­da eta emozio pertsonalen ara­bera erabili. Adierazpen aska­tasunaren formulazioan aurrera egingo badugu, ezinbestekoa da gure murruetatik harago begi­ratzen ikastea, eta ondokoaren muga konpartitu ez arren, gurea bezain onargarria izan daitekee­la onartzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak