Bi helburu nagusi ditu Geuriak: Hego Uribek inoiz izan ez duen euskarazko komunikazio egitasmo sendoa eta iraunkorra sortzea, eta eskualdeko euskaldunon sarea jostea.
Orain bi urte kaleratu genuen paperezkoa eta digitala. Lantaldeak hala erabakita, su artifizialik gabe hasi ginen lanean, komunikabide berri baten sorreran. Hitz potoloak dira: komunikabide berri baten sorrera. Non eta Hego Uribe eskualdean: euskarazko hedabiderik ez dagoen tokian, ezta eskualdeko hedabiderik ere. Erronka suizida, akaso.
Orduan, lehen alean, nik neuk idatzitako zutabe batean honako hau nioen: “Langileon esku dago egunerokoan jardutea, baina guztion laguntza beharrezkoa da urteetan luze irauteko”. Inozoa ni, laguntza edukiko ez genuelakoan! Hamaika izan dira Geuriarengana hurbildu direnak batera edo bestera laguntzeko asmoz. Lantalde ederra osatu dugu eta zuoi zuzenduta dago zutabe hau. Telefonoz edo emailez ariniketan berba egiten dugu, noizbehinka kafe baten bueltan; edukiak epean jasotzeko tokeak ematen dizkizuegu guk; zuek bidali, guk jaso eta ahaztuta ok erantzun ere ez; zuen proposamenak hartu eta gu gure munduan, zuzenketak gora eta behera, argazkia horizontala edo bertikala.
Zenbatetan entzun dugu zuok gabe hau ez litzateke posible izango esaldia. Zinez, hala sentitzen dut nik. Bi urte bete ditugu batera eta lehen bi pausoak eman ditugu. Errazena hastea dela diote eta zailena jarraitzea. Bada jarrai dezagun.
