Zutabeak

Einsteinen irakaspena

Albert Einsteinek esan omen zuen erokeria hutsa dela behin eta berriz gauza bera eginda emaitza berriak espero izatea. Ezer hobetu nahi bada, zalantzan jarri behar da betidanik egin dena eta baita egiteko modua ere. Bide berriak aukeratu, arriskuak hartu, eta gogoz eta ilusioz ekin behar zaio lanari.

Hori egin zuten euskaltzale batzuek iaz hainbat herritan: erabaki zuten jolastea ohiko hizkuntza-portaerak urratzera, modu kolektiboan, eta euskara erabiltzea aurretik erdaraz egiten zuten pertsonekin. Bi ondorio
atera dituzte ekimen haietatik: lehena, herritar askoren konplizitatea lortu dela eta ilusioa zabaldu dela euskaltzaleon artean; bigarrena, areagotu egin dela euskararen erabilera. Lasarte-Orian egin den ikerketan argi ikusi da horrelako ekimenetan parte hartu zuten herritarrek sarriago erabiltzen dutela orain euskara.

Ez da harritzekoa, beraz, duela bi aste zabaldu zen proposamena: bide hori Euskal Herri osoan eta guztiok elkarrekin lantzea hurrengo urteotan. Batera agertu ziren Euskaltzaleen Topagunea eta Eusko Jaurlaritza, proposamena egiteko orduan. Gonbitearen estiloa berria da eta baita proposamenaren mamia bera ere: hizkuntza-ohiturak aldatu nahi dira, jokabide berriak praktikan jarrita, eta horretarako gizartea aktibatu behar da, bai norbanako-mailan, bai elkarte eta erakunde-mailan.

Azken urteotan, hamaika bider entzun dugu bidegurutzean gaudela, gero eta herritar gehiago garela gauza euskara erabiltzeko, baina erabilerak ez duela gora egiten. Heldu da ordua bidegurutze horretatik ateratzeko eta aurrera egiteko. Bide berriek ilusioa zabaldu dute euskaltzaleon artean, ezin dugu aukera hori galdu Hego-Uribeko herrietan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak