Zutabeak

Elkarlana

Azken Topaldian entzun nuen inoizko egoerarik aldekoena dagoela euskal hiztun komunitatea indartzeko. Ikuspuntu soziolinguistikotik, sekula ez da egon euskara erabiltzeko gaitasuna duen hainbeste herritar. Arlo politikoan ere funtsezko aldaketak egon dira, eta arrazoiak daude pentsatzeko, euskarari dagokionez, aukera handia dagoela elkarlana zabaltzeko. Aldeko haizea dugu, aurrerapauso esanguratsua emateko ordua da. Horrek eskatzen du egiten dugunaz eta egin beharko genukeenaz hausnartzea, eta bide berriak hartzea.

Esate baterako, ezaguna da tirabirak egon direla herri batzuetan eragileen artean, eta liskar horiek kalte egin diotela euskararen sustapenari. Gogo handiagoa egon da desadostasunak airatzeko eta bestearen gaineko gaitzespen publikoak egiteko, elkarrizketaren bitartez akordioak lortzeko baino. Liskar-giro horrek hainbat euskal hiztun izutu egin ditu, eta, ondorioz, euskararen aldeko lanetik uxatu ditu.

Zorionez, gainditu egin da egoera hori herri askotan. Harremanak beste modu batean antolatu dira. Ikusi da euskararen normalizazioa guztion ardura dela, bai Udalena eta baita gizarte eragileena ere, eta elkarlanean aritzea dela biderik eraginkorrena. Horretarako ezinbestekoa izan da jokabideak eta ohiturak aldatzea, kon antza-giroa garatzea eta elkar errespetatzea. Ohiturak aldatzea ez da egun batetik bestera lortzen, esfortzua eskatzen du, baina merezi du: oso lagungarriak dira elkarlana eta giro positiboa euskal hiztunak motibatzeko.

Arrazoi horregatik baliatu behar dira euskara batera eta jai-giroan sustatzeko aukera guztiak, esate baterako: Korrika. Ekimen sinbolikoa da batez ere, baina indar ikaragarria dauka komunitatea batzeko eta aktibatzeko. Euskararen lurra zeharkatzen du, elkarlanaren balioa erakusten lekukoa eskuz esku pasatuta, giro alaian. Askori bihotzera heltzen zaigu. Aitortu eta eskertu behar zaie antolatzaileei egiten duten lana. BAT ZUK izan da aurtengo leloa. Aprobetxa dezagun eskaini diguten aukera hori, eta izan gaitezen euskararen sustapenean protagonista: euskarak batzen bagaitu, batu gaitu Korrikak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak