Sareak
[the_ad_group id="3890"]

Kirola

Mariano, euskara eta kirola

Gaur egungo umorista onenen artean daukat Mariano Rajoy. Bruselan, prentsaurreko batean, BBCko kazetari batek honako eskaera hau egin zion: “Brexit question in english, if you don’t mind” (Brexitari buruzko galdera bat ingelesez, ez bazaizu inporta).

|

Gaur egungo umorista onenen artean daukat Mariano Rajoy. Bruselan, prentsaurreko batean, BBCko kazetari batek honako eskaera hau egin zion: “Brexit question in english, if you don’t mind” (Brexitari buruzko galdera bat ingelesez, ez bazaizu inporta). Rajoyren erantzuna: “Bueno, no, hombre, no vamos a hacer…”. Segituan, atzamarrarekin seinalatu zuen kazetari espainol bat, eta txanda eman zion esanez: “Venga, adelante”. BBCko kazetaria galdera egin barik eta aho zabalik gelditu zen. Marianok baditu aurretik eginiko beste interbentzio xelebre batzuk: “It’s very difficult todo esto”, edo “Bueno, one hour” (datorren astean esan nahi zuen!). Hiru ordu eskaintzen omen dizkio astero ingelesari, baina begi bistakoa da emaitza. Jakina, hizkuntza-maila itxuroso batera heltzeko, klaseetara joatea ez da nahikoa, ezinbestekoa da hizkuntza hori erabiltzea. Horrela da euskararen kasuan ere: zaila da barneratzea erabili ezean. Horregatik da hain garrantzitsua euskara erabiltzeko aukerak zabaltzea.

Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika klusterrak ARRUE izeneko ikerketa egin zuten ikastetxeetako euskararen erabilera aztertzeko. Ikerketak erakutsi du askoz gutxiago erabiltzen dela euskara institutuan eskolan baino. Adinak aurrera egin ahala, gero eta gehiago murgiltzen dira ikasleak eskolaz kanpoko errealitatean, eta errealitate hori, gehienetan, erdalduna da. Ikerketaren beste ondorio nagusietako bat da eskolan baitako euskara-erabilera lotuta dagoela eskolaz kanpoko jarduera antolatuetan erabiltzen den hizkuntzarekin. Euskara erabiltzen denean eskolaz kanpoko jardueretan, klasean gehiago erabiltzen dute ikasleek euskara. Begien bistakoa da, beraz, zein erabakigarria den ikastetxetik kanpo ere euskara erabiltzeko aukera eskaintzea eta lehenestea.

Erabaki hori hartu dute Arrigorriagako 9 kirol-taldek eta, ondorioz, Arrigorriagan Kirola Euskaraz ekimena sustatuko dute. Askotarikoak dira kirol-taldeen abiapuntuak eta helburuak, baina guztiek eman nahi dute pauso bat aurrera, hizkuntz jokabide koherenteagoak eskaintzeko haurren kirolean, etorkizunean gaitasun eta aukera berdinak izan ditzaten euskara edo erdara erabiltzeko. Kirol-talde horiek erakutsi digute, kirola sustatzeaz gain, haur eta gazteen hezkuntzaz ere arduratzen direla. Eskertzekoa da oso. Bultzatzen ari diren ekimena eragin handikoa izan daiteke. Jar dezagun guztiok geure harri-koskorra arrakastatsua izan dadin.

☉ Basauri

Basauriko Javi Conde klubak Espainiako Feddi kros txapeldun titulua berretsi du

|

Raul Martinez eta Angela de Miguel (biak zuriz jantzita) txapeldun izan ziren kategoria nagusian // Argazkiak: Gotzon Garcia

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoak adimen-urritasuna duten atletentzako Espainiako Feddi kros txapeldun titulua berretsi du.

Txapelketa azaroaren 30ean, larunbatez, izan zen San Migeleko Lapatzako zirkuituan. Atletek Kirol Trebetasunak, Egokitua, Lehiaketa eta Errelebo Mistoen proba berrian kategorietan hartu zuten parte.

Klub basauriarrak urrezko zortzi domina, zilarrezko lau eta brontzesko bost domina irabazi zituen. Kategoria nagusian, Angela de Miguel eta Raul Martinez izan ziren txapeldunak.

Sailkapen orokorrean Kantabriako ACDE kluba bigarren izan zen urrezko bi dominekin eta brontzesko batekin, eta hirugarren sailkatu zen Puertollanoko kluba urrezko domina bakarrarekin eta zilarrezko hirurekin.

“Proba honekin, Bertako Javi Conde klubak amaiera eman dio 2024ko denboraldiari, pistan zein krosean lortutako hiru garaipenekin”, adierazi dute klubeko ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumezkoen Lau t’erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finalerdiak jokatuko dira Basaurin, abenduaren 1ean

|

Miriam Arrillaga (argazkian) eta Amaia Aldai neurtuko dira finalerdietako batean // Artxiboko irudia, Geuria

Emakumezkoen Lau t’erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finalerdiak jokatuko dira abenduaren 1ean, igandez, Basauriko Artunduagako frontoian (12:00).

Lehenengo finalaurrekoa Goiuri Zabaleta eta Itxaso Erasun pilotariek jokatuko dute, eta bigarren final atarikoan Amaia Aldai eta Miriam Arrillaga neurtuko dira.

Partiden aurkezpena atzo egin zuten Artunduaga kiroldegian eta bertan izan zen Amaia Aldai pilotaria, Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Kirol zinegotziarekin eta Mariasun Miranda Basauri Kirolakeko zuzendariarekin batera.

Gaur egun Amaia Aldai Galdakaoko Adiskide Pilota Klubeko entrenatzailea da.

Mariasun Miranda (Basauri Kirolakeko zuzendaria), Amaia Aldai (pilotaria) eta Jon Zugazagoitia (Basauriko Udaleko Kirol zinegotzia) // Basauriko Udala

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin jokatuko da gizonezkoen esku pilota profesional partida bat, igandean, 17 urteren ostean

Abenduaren 1ean jokatuko da 2025eko Binakako Esku Pilota Txapelketako sailkapen partida Artunduagan: Jaka-Imaz eta Peña II-Albisu

|

Gaur egin dute pilotariek pilota aukeraketa // Utzitakoa

2025eko Binakako Esku Pilota Txapelketa hasiko da azaroaren 29an eta martxoaren 30ean bukatuko da.

Sailkapen Ligak 14 jardunaldi izango ditu, eta besteak beste, Basaurin jokatuko da partidetako bat. Abenduaren 1ean, igandez, izango da Artunduagako frontoian, 17:00etan

Jaka-Imaz eta Peña II-Albisu lehiatuko dira Basauriko sailkapen partidan.

Basauriko partida ikusteko sarrerak oraindik salgai daude entradasfronton.com webgunean. Sarreren prezioa 25 eurokoa da.

17 urteren ostean

Urteak dira partida profesionalik ez dela Basaurin jokatzen. Zehazki, 17 urte. Azkena 2007ko urrian, Basauriko jaietan, Juantxo Kokak eta Enrique Galartzak nor baino nor jokatu zuten Artunduagako pilotalekuan.

Aurten, ordea, Basauri Kirolaren Europako Hiri izendatu duten urtean, berriro ekarri dute esku pilota profesionala ikusteko aukera.

Zortzi bikote

Baiko Pilotak bere koadroko lau bikote hauek aukeratu ditu txapela lortzeko asmoarekin: Laso-Iztueta, Artola-Mariezkurrena II, Peña II-Albisu eta Jaka-Imaz. Helburu berarekin, Aspe Pelotak Altuna III-Aranguren, P.Etxeberria-Martija, Ezkurdia-Rezusta eta Elordi-Zabaleta aurkeztu ditu.

Txapelketan arituko diren pilotariak // Baiko Pilota

Azaroaren 29an, ostiralez, hasiko da txapelketa Beasainen eta finala martxoaren 30ean izango da Iruñeko Nafarroa Arenan.

Tartean, zazpi jardunaldiko bi itzuli, orotara hamalau jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek sailkapen ligan. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligara eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek playoffak jokatu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Finalerdietako ligak hiru jardunaldi izango ditu eta final handia Nafarroa Arenan izango da martxoaren 30ean, igandez.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Adiskide, 50 urte / Pilotari ohien berbak: «Herriarekiko lotura handia izan du beti Adiskidek»

|

Adiskide Pilota Elkarteak 50 urte beteko ditu 2025ean. Urrezko ezteiak ospatzeko zenbait jarduera antolatuko dituzte 2025eko udatik aurrera; erakusketa bat, mahai-inguruak edota lehengo, oraingo eta etorkizuneko pilotariekin partiduak eta bazkariak. Gaizka Uriarte Adiskideko presidenteak GEURIAri eskainitako elkarrizketa honetan aurreratu zizkigun datorren urteari begirakoak.

50 urte hauetan zehar, hainbat eta hainbat dira elkartetik igaro diren pilotariak. Besteak beste, Martin Legorburu, Anartz Ajuriagojeaskoa, Oier Zearra, Unai Atutxa, Mikel Larunbe eta Danel Elezkano. Horiek guztiek Adiskideren inguruan dituzten berba onak jaso ditugu GEURIAn, baita Amaia Alday egungo entrenatzailearen hitzak ere.

GEURIAren galdera hauei erantzun digute:
1- Adiskiden noiz izan zinen?
2- Zein oroitzapen dituzu garai haietaz?
3- Zer nabarmenduko zenuke klubean egon zinenean?
4- Zer opa diozu Adiskideri 50. urteurrenean?
5- Zer esango zenieke atzetik datozen Adiskideko pilotari gazteei?

Eta hauek euren erantzunak:

Martin Legorburu

Martin Legorburu // Utzitakoa

1- 1999an hasi nintzen laguntzen, orduen Elejaldeko frontoian, monitore moduen. 2001an Kurtzeara bueltatu ginen ta hor jarraitu gendun klubeko beharrezkotasunetan laguntzen gaur arte.
2- Izugarrizko bolada bat, 2008tik 2015era arte beti gogoan izango dot, Euskal Herri osoan erreferentziko kluba izan ginen eta.
3- Herriartekoak, Berria eta Euskal Herriko txapelketak. Den-dena irabazten genuen! Ea egunen batean ahal dugun errepikatu!
4- Jarrai dezala orain arte bezala, eta beste 50 urte iraun ditzala!
5- Pilotari gazteei aholku bakarra hauxe da: lan, lan eta lan egin dezatela. Amaitzeko, beti gogoan izango doguzela joan zirenak gura dot aipatu, danak beharrezkoaz izan ziren eta.

Anartz Ajuriagojeaskoa

Anartz Ajuariagojeaskoa // Utzitakoa

1- 1987an hasi nintzen Eguzkibegi ikastolan 8 urte nituela eta 1988an pasa nintzen Adiskide Pelota Eskolara. 2013. urtera arte egon nintzen pilotari moduan, eta 2015etik 2019ra arte batzordekide ibili nintzen lehendakari lanetan.
2- Oroitzapen onak, asko disfrutatzen nuen pilotan entrenatzen eta lehiatzen. Umetxoen entrenatzaile moduan ere aritu nintzen eta gustura ibiltzen nintzen irakasten ere.
3- Adiskide azken finean talde txiki bat da, familia bat eta hainbeste urtetan taldeak horrela bizirik mantentzeak meritu handia dauka. Lan asko dago horren atzean.
4- Segi dezala beste 50 urtean pilotan irakasten eta bizitzen.
5- Pilota gustoko badute pilotaz goza dezatela, ez daitezela desanimatu inoiz, eta emaitzak ekinaren bidez lortzen dira.

Oier Zearra

Oier Zearra // Geuria

1- Ume-umetan hasi nintzen. Aita klubaren sortzaileetako bat izan zen eta anaia eta biok 7-8 urterekin hasiko ginen. Hortik profesionaletan debutatu bitartean aritu nintzen.
2- Oso oroitzapen politak. Ordu asko pasatzen genituen frontoian, bai Elexaldekoan entrenatzen zein uda partean eta jaietan Kurtzeko frontoi zaharrean. Oso giro ona egoten zan.
3- Hasieran eta gerora ere aurrera egiteko egon den ilusioa. Azkenean, nik behintzat ez dut kirol-klub soil moduan ikusten; euskara esaterako oso presente egon da Adiskiden hasiera-hasieratik. Herriarekiko lotura handia izan du beti Adiskidek.
4- Neu be oraindik Adiskideren parte sentitzen naiz. Zorionak eta eskerrak emango nizkion horrenbeste ordu eta izerdi bota duen jendeari, gehienetan musutruk, kluba aurrera ateratzeko eta gure kirolak herrian aurrera egiteko.
5- Bideaz goza dezatela, aprobetxatu dezatela hain gurea den kirol hau probatzeko eta ezagutzeko eta lagun berriak egiteko aukera. Eta batez be pilotak beti berarekin eduki duen kiroltasunean hazi daitezela.

Unai Atutxa

Unai Atutxa // Geuria

1- 2000. urtean, 6 urterekin. Orduan 7 urterekin hasten ei ziren, baina salbuespen txiki bat egin zuten, antza denez. Eta, noiz arte? Urte bi dira fitxa atera ez dudala, eta beste urtebete batzordekide izateari itzi niola. Baina ez zait burutik pasa ere egin jada ez nagoela Adiskiden… Agur esatekotan, hiltzen naizen egunean izan beharko!
2- Ume oso lotsorra nintzen. Amak gogoan du zenbat kosta zitzaidan lehen egunean Elexaldeko frontoiko eskailerak jaistea. Baina familia zoragarria osatzen zuten, eta bigarren egunean atoan jaitsi nituen eskailerok. Gurdikada bat oroitzapen ditut; ezin bat aukeratu!
3- Adiskidek badu magia berezia: norbera zoriontsu izaten eta aldamenekoa zoriontsu egiten ikasten duzu bertan. Adiskide artean, pilotakada bakoitzak hori indartu egiten du.
4- Umeek ilusioa izan dezatela. Sartu berri den batzorde berria pertsona apartek osatzen dute; lanean buru-belarri ari dira. Bada, horientzako laguntza apur bat ere eskatuko nuke. Denok apurtxo bat emanda, umeen ilusioa mugagabea izango da.
5- Pilotari izatea pilotan ondo egitea baino askoz gehiago dela. Eta horixe ikasi behar dutela, pilota jotzeari uzten diotenean ere pilotari izaten jarraitzen dugunok zoriontasun puntu berezi bat dugulako.

Amaia Alday

Amaia Alday // Utzitakoa eta Geuria

1- Adiskide Pelota Elkartean pasa dan urtean hasi nintzen entrenatzaile moduan. Duela urte bat opatu zidatenean bertan umeak entrenatzeko ilusio handiagaz hartu neban erronka barri hau. Txikitatik Galdakogaz lotura euki dot eta jaio nintzen eta lehen urteak eman nituen herriko pelota eskolan umeekin egoteak ilusio handia ein dozten.
2- Urte bat bakarrik daramat. Baina txikia nintzenean sarri hurbiltzen nintzen frontoira aitite eta amamarekin eta noizbait partiduak ikusi izan ditut. Bertan sortzen zen giroa dut gogoan eta ezin hobea zen. Asko disfrutatzen nuen.
3- Adiskideko elkartasuna batzordekide,langile eta pelotarien artean. Elkarte langilea eta umila da.
4- 50 urte hauetan eskeini duten konpromisoak merezi duten moduan ospatzea, eta hemendik aurrerako urteetan elkartean dauden umeen kopurua mantentzea edo haztea.
5- Elkarte honek ematen dituen aukerak probestea. Klub gutxitan egiten dela hemen egiten den lana. Eta batez ere amore inoz ez ematea. Aurrera jarraitzea beraiek gabe Adiskide ez litzatekelako bizirik egongo.

Mikel Larunbe

Mikel Larunbe // Geuria

1- Frontoi barrie eraiki zanetik, 2001etik, profesionaletan debutatu nuen arte, 2013ra arte.
2- Oroitzapen asko eta oso onak dekodaz! Bereziki bariku arrasti-gabetako partiduetako giroa etorten jate burure. Frontoia bete eiten zan txapelketa garrantzitsuak jokatzen genduzenean. Eta oso berezia zan baita herriarteko txapelketa jokatzen gendunean sortzen zan giroa. Frontoie jendez lepo egoten zan eta partiduak amaitu ostean meriendatxua eiten gendun danok batera!
3- Batez ere izan gendun giro sanoa eta bertan eindako lagunek. Eta horrez gain frontoien bertan bizitako hainbat eta hainbat momentu polit, noski.
4- Lehenik eta behin zoriondu orain arteko ibilbideagatik eta hemendik aurrera ea herriko umeen esku-pilotarenganako afizioak hazten jarraitzen dauen.
5- Dekien ilusio horregaz jarraitzeko. Kirol honek norberari asko emoten dotsela, beste kirol askotan ikusten ez dan giroa eta baloreak dauzela eta ahalik eta gehien aprobetxetako eta disfrutetako frontoien.

Danel Elezkano

Danel Elezkano // Geuria

1- Kadete mailatik aurrera egon nintzen Adiskide taldean, gaizki ez banago. Beharbada Haurren mailan nengoela ere egingo nuen entrenamenduren bat, baina kadeteetan hasi nintzen Galdakon jarraitasunez entrenatzen. Mikel Etxegia zen entrenatzailea, eta bere eskutik joan nintzen bertara, anaiak ere hala egin zuelako.
2- Oroitzapen eta hitz onak baino ez dauzkat urte haietan taldea osatzen zuten pertsona guztientzat, eman zidaten tratuagatik. Urte zoragarriak izan ziren, eta asko ikasteaz gain, une ederrak bizi izan genituen. Taldea oso ona zen, entrenamenduak gogorrak eta giroa aparta. Momentu gogoangarriak bizi izan genituen, kantxan eta baita kantxatik kanpo ere.
3- Taldearen giroa nabarmenduko nuke. Baita bertan ezagutu nituen lagunak ere. Maila handiko entrenamendu taldea zen, eta gure arteko giroa, aparta. Urte ederrak izan ziren, gainera, Herriartekoan eta Berria txapelketan emaitza oso onak lortu baitzituen Adiskidek. Ilusio handiz joaten ginen entrenamendu bakoitzera, ondo pasatzen genuelako, eta horrek, eskutik, emaitzak ekarri zituen.
4- Onena opa diet. Jarrai dezatela pilotagatik lanean orain arte bezala, eta ongi pasatzera bideratu dezatela kirola, hau da, umeek pilotaz gozatzeko aukera izan dezatela.
5- Goza dezatela entrenamendu eta partida bakoitzaz. Kirola, balioak bereganatzeko tresna aparta dela pentsatzen dut, eta horiek, ondo ikasiz gero, bizitza osoan izango zaizkie lagungarriak. Frontoi eta talde ederra dute horretarako.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarri X-Tremek bost lasterketa mota hartuko ditu abenduaren 1ean

|

Txakurkrosa, trailak eta martxa hartuko ditu Etxebarri Xtremek abenduaren 1ean // Festak.com

Abenduaren 1ean, igandez, Etxebarri X-Treme lasterketaren 12. edizioa antolatuko dute.

Aurreko edizioetan bezala, lasterketak disziplina desberdinak hartuko ditu: txakurkrosa, trailak eta martxa.

Zehazki, bost lasterketa izango dira: 35 kilometroko traila (09:30), txakurkrosa (09:45), martxa (10:00), trail txikia (11:15) eta 10 kilometroko traila (11:30).

Bost modalitateek kiroldegian izango dute irteera eta helmuga.

Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 29ra arte etxebarrixtreme.com webgunearen bitartez.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna