Korrika

Korrikan parte hartuko duzun horri

Hizkuntzen berezko joera da eboluzioa, hizkuntza ezber­dinen arteko elkar-eraginaren ondorio, batik bat. Elkar-eragin hori ohikoa da elebitasun egoe­ra guztietan: hizkuntzak elka­rrekin nahastu egi­ten dira, nolabait, eta bakoitzak bestearen ezaugarriak hartu eta berezko egiten ditu. Normalean ez dira egitura edo oi­narrizko arauak ordezkatzen, hizkuntzak oso desberdinak baldin badira -batzuetan bai, jakina-, baina terminologiaren alorrean oso fenomeno ohikoa da hizkuntza guztietan. Gurean, gaur egungo diglosi egoera bera izan liteke antinaturalena, Euskara eta gaztelania ez bai­tagoz maila berean, baina hori ere ez da berria. Euskarak bizi izan du, lehenago ere, elebita­sun eta diglosi egoerarik. Eus­karak aurre egin behar izan die, lehenago ere, mehatxu egoerei; horren adibide dira historian zehar beste hizkuntzetatik ja­sotako mailegu eta kalko anitzak.

Euskarak iraun izana bera ere, ezin da ulertu elkartru­ke eta askatasun egoera horri erreparatu gabe. Zenbait hizkuntzalariren ustez, Euskarak biziraun badu, hain zuzen ere, beste hizkuntze­tara moldatzeko ikaragarrizko erraztasuna daukalako izan da. Gaitasun paregabea omen du, beste hizkuntza batzuen al­dean, ondoko hizkuntzen ezau­garriak kopiatu, eta berezko egiteko, berezko oinarrizkoari uko egin gabe. Eta arautu barik egon izanak ere lagundu izan dio fenomeno horri momentu batzuetan.

Ez dut kolokan jarriko Eus­kara arautu izanak izan duen -eta hemendik aurrera izango duen- garrantzia, izan ere ezin­bestekoa da euskal hiztunen ar­tean elkar ulertzeko baliagarria izango den eredu bat sortzea; ezinbestekoa da, era berean, hizkuntzaren maila guztietan erabilera bermatuko duen tres­na -maila ez-formaletatik hasi eta gai zientifikoetaraino-; ezin­bestekoa da, azkenik, hezkun­tzarako araututako eredu estan­darra lortzea. Zentzu horretan azpimarratuko nuke, gainera, izugarri pozgarria dela Euskarak gaur egun gai tekniko eta zien­tifikoei buruz hitz egiteko lortu duen maila, uste baitut horrek dakarkion sona oso positiboa dela maila guztietan.

Baina ez dezagun iparra gal. Ez, behintzat, eguneroko erabi­lera ez-formalean. Ez dezagun gure hizkuntza berez flexible hori, zurrun bihurtu. Arauak hiz­tunen ondorio dira -eta ondo­ren-, eta ez alderantziz. Ez deza­gun Euskara apurtzearen beldur gabonetan ere atzeratzen ez dugun portzelanazko baxera garesti horietako bat bihurtu. Arauak ez dira erabilera berma­tuko dutenak, eta hizkuntzak erabiltzeko dira. Erabiltzeko.

ARAUAK EZ DIRA ERABILERA BERMATUKO DUTENAK, ETA HIZKUNTZAK ERABILTZEKO DIRA. ERABILTZEKO.

Atrebentzia handia ez bada, gustatuko litzaidake 19. Korri­ka hau aprobetxatu, eta idazki honen bidez euskal hiztunei omenaldi xumea egitea. Baina ez hiztun guztiei, baizik eta be­reziki, zergatik ez, hirurogeitaka urtetik gorakoei; “Ayuntamien­tura” joaten diren horiei; ETB1 katean piperrik ere ulertzen ez duten horiei; euskaraz jendau­rrean hitz egin beharko balute, agian barregarri geldituko lira­tekeen horiei. Horiei esker bizi da, eta, gaur egun, Euskara, ez dezagun egundo ahaztu. Gehie­nak, gainera, ez dira hemen izango urte gutxi batzuk barru. Gu geldituko gara euren ordez. Eutsiko ahal diogu, eurek bezain tinko, jasotako Ondareari!

“AYUNTAMIENTURA” JOATEN DIREN HORIEI; ETB1 KATEAN PIPERRIK ERE ULERTZEN EZ DUTENEI.

Aurten Korrikan parte har­tzen baduzu, bidean errepara iezaiezu, arretaz, Bizkaiko pa­rajeei. Izan ere, erreka ondotik igarotzean patoak ikusiko ditu­zu ahateekin batera igerian. Eta soloetan ere, zuhur bazabiltza, konejuren bat edo beste.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak