Ez dugu zalantzarik euskara ikastea eskubidea dela eta ikasi nahi duenari erraztasunak jarri behar zaizkiola. Erakundeetatik ere “doakotasunerako bidean” eta horrelako hitz politak entzuten ditugu azkenaldian. Baina zein da errealitatea? Basaurin behintzat kontrako norabidean goaz. Abenduaren 3an, “zer egin dezakezu euskararen alde?” galdetzen zigun udalak, baina berak zer egingo zuen esan gabe. Ba, esan ez, baina pausoak ematen hasia zen: azaroaren 24ko udalbatzan, euskaltegiko matrikula prezioa %65 igotzea erabakia zuen Basauritik kanpoko ikasleentzat. Zer dela eta garestitu orain arte arazorik egon ez bada, eta euskaltegiaren aurrekontuan nabaritu ere egingo ez bada? Zer da hau, euskara ikasi nahia zigortzea? Ez dela Basaurikoa eta Udal Euskaltegia dela? Euskaltegiak aurrekontuaren zati handi bat Eusko Jaurlaritzatik jasotzen du, HABEren bidez, eta hori denon dirua da, ezta? Kanpokoari gehiago kobratzen al dio udal kultur erakundeak Sozialera joateagatik? A ez, Sozialera kanpoko jende asko etortzen bada, poztu egiten gara eta titularrak betetzen ditugu!
Esan bezala, gure hizkuntza ikastea eskubidea da, osasuna edo hezkuntza diren moduan, eta eskubideak direnez, esate baterako, Zaratamoko edo Aperribaiko ikasleak ez dira zigortzen Basauriko institutura etortzeagatik. Zergatik euskaltegira etortzeagatik bai? Entzun dugu Basauriko ikasleak diskriminatuta egon daitezkeela “kanpokoek” euren herrietako diru-laguntzak jasotzen dituztelako. Horrela balitz, konponbidea ez litzateke “kanpokoak” diskriminatzea prezioa igoz, basauriarrei laguntza gehiago ematea baizik.
Erabaki honek, euskarari eta euskara ikasi nahi duten “kanpotarrei” ez ezik, “bertakoei” ere kalte egin diezaieke. Izan ere, “kanpoko” ikasleek ez diete basauriarrei lekua kentzen; aitzitik, taldeak osatzen lagunduz, bertako gehiagori aukera ematen diete. Honen guztiaren jakitun zen Udala ezer erabaki aurretik, eta errezeloa daukagu, ez duela egin duenaren oso kontzientzia onik. Zer dela eta, bestela, osoko bilkuran onartu euskaltegiko batzan aipatu ere egin gabe, gainontzeko kontu ekonomiko guztiak aurkezten badira?
Hemendik eta irailera bitartean badago denbora atzera egiteko, eta hala izatea espero dugu.
