Zutabeak

Lehen aldia

Lehen aldiek beti harrapatzen gaituzte ezustean. Nolakoak izango diren azaltzen badigute ere. Esate baterako, larrua jotzen dugun estreinako aldia. Bi gorputz elkarren aurrean paratzen diren lehenengo aldian, jakin ohi dute zer eta nola egin behar duten. Eta hala ere, informazio guztia izanda ere, txortan egiten den lehen aldian espero ez diren hamaika kontuarekin egiten da topo.

Puntu honetan, esango nuke, gorputza zeharkatzen diguten lehen aldiek baino ez dutela gugan irakaspena lagatzen. Sinpleki,  gauzak azaltzen dizkiguten arren, guk bizi arte ez dugula behar bezala ulertzen zer demontretaz ari diren.

Horixe bera da uda honetan gertatu zaidana. Kontatu badidate ere, zuzenean gertatu zaidanean baino ez dut jakin zertaz ari ziren. Genero bereizketaz ari naiz. Sexuarekin lotuta dagoena, baina lehen aipatu dudan sarketa fisikoarekin zuzenki loturarik ez daukana. Nahiz eta sarketara heltzeko erritualarekin lotura estua duen. Alegia, erotikarekin.

Irudika dezagun, lan esparru informal batetan, gizonekin betetako gela bat eta horien artean andrazko bakarra izatea. Bilera horretan denek gai baten inguruan iritzia eman dute eta esandakoen gainean lasaitasunez solasten ari dira. Bildutakoen artean bakar batek andrazkoaren iritzia gailentzeko beharra sentitzen du. Puntu ironiko batekin egiten du. Umorearekin andrazkoaren iritzia, agian, leuntzeko bidea egongo dela agerian uzten du. Ondoren, gizonak andrazkoaren janzkerarekin lotutako elementu baten edertasuna goraipatzen du. Hau da, andrazkoaren iritzia azpimarratu eta bere estetikaren edertasunean finkatzen du fokoa, kontrako argudio landu bat aurkeztu beharrean. Denek egiten dute barre. Horrekin emakumeak gizonen hitz politekin limurtzen garela erakutsi du, eta iritziari indarra kendu dio inolako argudiorik eman barik. Zergatik ez zuen eduki nirekin izan zuen jarrera erdin-berdina bertan gurekin bilduta zegoen gizonen batekin?

Lehen aldien aurrean putada handienetakoa da, erreakzionatzeko esperientzia falta. Eta ikasbiderik onena, zure burua kokatu eta erabakiak hartzeko ematen dizuten aukera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak