Nago Noelia López-Chedak “me niego a ser la agenda de mi hija por whatsapp” esaldia bere blogean eskegi zuenean, ez zuela inondik ere imajinatu berbok sare sozialetan hainbesteko oihartzuna izango zutenik. Bere alabak etxeko lanak eskolan ahaztuta utzi zituen arratsalde hartan, eta amak gurasoen artean komunikatzeko whatsapp taldea zuela bazekienez, talde horretan kopia bat eskatzeko agindu/eskatu zion amari, arazoa konpontzeko. Kontuaz nahikoa nazkatuta, ez zen eta lehenengo aldia, ezetz esan ei zion Noeliak alabari; etxeko lanekin akordatzea bere erantzukizuna zela, eta horrenbestez, egindakoaren ondorioa onartu beste erremediorik ez zuela: etxeko lanak egin gabe eraman, eta irakasleari eman beharreko azalpenak ematea.
Noeliaren arabera, gaur egungo gurasook umeak gehiegi babestu, eta ez diegu autonomo izaten uzten; euren egitekoak gure bihurtzen ditugu sarritan, konturatu gabe, horrek ekar liezaiekeen kaltearekin. Ados nagoela esan behar dut, ezinbestean, baina lepoa egingo nuke guraso gehienak egongo direla ados, izan ere, argi dago Noeliak ez diola alabari inolako mesederik egiten, berak hartzen badu horrelakoetan, ahaztutako etxeko lanak lortzearen ardura osoa.
Dena den, heldutasuna eta autonomia egindako akatsen ondorioak onartzearekin lotzen du Noeliak, eta horretan bai ezin naizela horren ados egon, helduaroan egoera horiek oso bestela maneiatzen direlako beti. Jar dezagun, adibidez, Noelia bera bikotearekin antzeko egoera batean:
– Ez ditut kotxeko giltzak topatzen, laztana, eta batzar urgente bat daukat hemendik ordu erdira, zurea eramango dut, ados?
– Parkatu, bihotza, baina bigarrenez galdu dituzu kotxeko giltzak hilabete honetan, eta nork bere akatsen erantzukizuna hartu behar du. Beraz, ez, ez dizut nire kotxea utziko, eta ez zara batzar horretara joango. Bihar azalduko diozu zure nagusiari zergatik ez zaren joan, eta horrela ikasiko duzu zure gauzak arduraz erabiltzen.
Irrigarria, dudarik gabe. Irrigarri eta iraingarria. Oso. Egoera berean oso bestela jokatuko genuke helduon artean. Umeek ikasi egin behar dutela argudia dezake Noeliak, arrazoi osoz, baina umeek zer ikasi behar dute, helduaroan zelan jokatu ez bada? Eta, horrenbestez, gure gizartean onartutako jokabidea enpatia baldin bada, ez al da askoz ere eraginkorragoa jokabide hori bera ikas dezatela? “Ni lanpetuta nabil, bihotza, zuk zeuk idatzi beharko duzu whatsapp hori”. “Topatu nire agendan urliaren telefono zenbakia, deituoizu bere alabari, eta gero zuen artean moldatu”. “Nahi baduzu kotxean hurbilduko zaitut sandiaren etxera, baina zuk zeuk eskatu beharko diozu eta fotokopiak egitera joan, azken batean zurea da, erantzukizuna”. Edo are hobeto: “Ea kapaz zaren zuk zeuk irtenbidea topatzeko, niri ahalik eta laguntza gutxien eskatuta”. Alegia, etxeko lanen arazoak konponbidea baldin badu -eta badu, Noeliaren alabak ondotxo daki-, ez al da askoz ere aberasgarriagoa konponbide hori bere kasa topatzen laguntzea, eskolara lanak egin gabe agindu baino?
Ez al da askoz ere aberasgarriagoa konponbidea bere kasa topatzen laguntzea?
Gure seme-alaben arduren erantzukizuna geuk hartuta ez diegu, ez, mesederik egiten, baina gu artzain eta eurak ardiak bailiran hezten baditugu ere ez. Azken batean gu artzain bagina ere, gure seme-alabak ez lirateke ardiak, mendian gure ondoan ibilian dabiltzan artzain gazteak baizik. Autonomia eta heldutasuna helburu badira, heldu txikiak bailiran jokatu beharko genuke beraiekin, helduaroan onargarriena den jarrera lehenbailehen ikas dezaten. Eta helduon munduan, zorionez, zerbait ahaztu edo galdu duenak, hamaikagarrenez egiten badu ere, maite dutenak alboan izango ditu, konponbidea topatzen laguntzeko prest.
Autonomia eta heldutasuna helburu badira, heldu txikiak bailiran jokatu beharko genuke beraiekin.
