Poltsikoentzako eta printzipioentzako kaltegarria da, oholtza gainera ekartzen dituen arratsalde-gau bakarreko musika jaialdi baten sarreragatik 25 euro pagatzea. Batez ere, jakinda (garai batean behintzat) sortzaile guztiek ez dutela lanagatik dirua jasotzen. Ondo dago afaltzen ematea, noski, denok baitaukagu bizirauteko janariaren premia, baina jakiak egunero liseritu behar ditugu eta ahal dela hiru aldiz, ez soilik eszenatokira igo aurretik.
Etxe guztietan gertatzen da, kolore eta forma guztietako jaialdietan; zenbait beste asko baino baldintza duinagoak eskaintzeko moduan dira, baina oraindik ere, batez ere, zirkuitu txikietan malabareak egin behar dira baldintza duinak bermatzeko. Antolatzaileek zein sortzaileek dirua irabazi nahi dute, eta beharrezkoa da diru transakzioa gertatzea, alde batekoek zein bestekoek lan egiten baitute. Haatik, diru faltak eragiten dituen baldintza eskasak, ez datoz (edo horrela pentsatu nahi nuke) kabroikeriak loratuta. Alegia, pagatzen ez duenak ez du pagatzen dirurik ez daukalako, hortaz, ahal duen bezala ordaintzen du artistaren lana. Sortzaileek euren aldetik plazak bete nahi eta bete behar dituzte furgonetaren gurpilek aurrera egin dezaten. Kultura prekarizatu duen eta menpe gaituen espainiar sistema administratiboaren errua da, kultur artistak sostengatu baino gosearen artistak sortzen dituelako.
Artistek ez dute zertan obrak euskarri fisikoetan kaleratu egiten dutena plazaratzeko. Eta eskerrak. Izan ere, ikus-entzunezkoen kasuan adibidez, badira hainbat urte, sortzaileek geroz eta zailago dutela diskoak edota filmak egitea. Bigarrenen kasuan, dagoneko diru-laguntzak lortzeko kredentzialak eskatzen zaizkie. Hau da, administrazio publikoak errazago emango dio laguntza dagoeneko film bat egin duen norbaiti hasiberria denari baino. Kalitatea bermatzeko erabakitzat hartu daitekeen arren, argiki talentu berriei traba jartzea da. Nola egingo du aurrera zinemagintzak?
Musikaren kasua ez da hobea. Disko etxeren batek musikariei diskoa grabatzeko dirua eskaintzen badie ere, ez da ohikoena. Obraren erabateko kontrola izan nahi duten musikariek autoargitalpenaren bidea hartu behar dute. Hau da,eurek ordaindu behar dute estudioa, nahasketak eta masterizazioa eta ondoren nahi izanez gero, banaketa kudeatu. Geroz eta bitartekari gehiago, orduan eta etekin baxuagoa lortuko dute. Beraz, oholtza da euren erakusleihoa eta agertokira igotzeagatik ere etekina eskasa bada, nola egingo du aurrera musikak?
