Sareak

Zutabeak

Ondo etorri Marieneara

|

Eraikin guztiek behar dituzte tente manten­tzeko lau pilare tinko, teilatu iragazgaitza, pareta sen­doak… Basauriko Emakumeon etxeko zimenduek emakume izen propioak eta abizen feministak dituzte. Polixene Trabudua, Dolo­res Ibarruri, Pepita Nuñez edota Elbira Zipitria dira gure etxeko ge­letako lanaren lekuko. Ahaldun­tze-prozesuetatik haratago daude gure artean ernaldutako siner­giak: ikaste prozesu komunak, el­karren arteko errespetua eta bata bestenganako zaintza.

Historikoki aldarrikatutako gure gune hau bihurtu da suton­do, aterpe, eskola eta gure ake­larretarako plaza. Hiru urte Ma­rieneako ateak zabaldu zirenetik eta hamarkada pare bat igaro da proiektu horrekin amesten hasi ginenetik. Ezinezkoa zirudien hura egia bihurtu dugu denon ar­tean. Euskal Herriko mugimendu feministak, baita munduko edo­zein zirrikitutatik gerturatutako bisitariek ere, inbidiaz begiratzen gaituzte. Gure etxeak horrela ja­rrai dezan behar zaituztegu.

Martxoa iritsi da. Egutegian zortzia morez tindatzearekin ba­tera, berdintasunaren alarma guz­tiak pizten dira: egunkarietako estatistiketan, Teleberriko isto­rioetan, eskoletako egunerokota­sunean, kalean… denak dira al­darrikapenak. Primeran! Igandean aldarrikatutako dugun hori izan dadila eguneroko xedea!

Guk nahi dugun bidean bes­te batzuek jarritako harriekin topo eta estropu egin dugu, api­ka, mina ere hartu dugu; baina zorionez, altxatzen ere badakigu. Heteropatriarkatua elikatzen du­ten horiek bestelako karraju ba­tzuetatik eraman nahi gaituzte: bazterretara, prekaritatera, gure gorputza kontrolatzera, gure bizi­tzak maneiatzera… Ez diegu utzi behar, ez!

Zapalkuntza hauei guztiei au­rre egiteko beharrezkoak dira emakumeon etxeak. Anitzak izan arren, elkarrekin eta guztion ar­tean, lortuko dugu.
Euskal Herria feminismotik eraikiko dugu. Marienean egune­ro da martxoak 8! Zaretela ongi etorriak!

Zutabeak

Iritzia | Bizitzaren zirkuluak

|

Pertsona bakoitzak bere bizitzan zirkulu desberdinak betetzen dituela uste dut. Gure bizitzari esanahia ematen dioten zirkuluak dira eta helburu baten bilaketa etengabean gaude zirkuluak betetzen. Zirkulu ikusezinak dira. Nik, adibidez, lagunak, aisialdia, lana, familia eta nire buruari eskaintzen diodan denbora zirkulutan banatzen ditut. Zirkulu horiek bakoitzaren esperientzien, hazkundearen eta eraldaketaren ziklo jarraitua dira. Zirkulu batzuk irekita daude eta irekita mantentzen dira luzaroan. Ez dute borobil itxi baten formarik. Borobilaren zirkunferentzia irekita dago eta denbora luzez egon daiteke itxi barik. Bakoitzak bere erronkak betetzean dituen heinean ixten dira.

GEURIAk datorren urtean 10 urte beteko ditu, eta hortaz, nik 10 urte beteko ditut GEURIAn lanean. Kazetaritza ikasketak amaitu eta berehala hasi nintzen bertan beharrean. Kazetaritza benetan zer den ikasi nuen duela 10 urte, eta oraindik ere ogibidea ikasten ari naiz.

Laneko zirkulu hori oraindik ez daukat itxita. Ikasketa prozesua amaigabea da eta erronkak beti azaltzen dira nire aurrean. Azken urtean zuzendari lanak eta kazetari lanak uztartzen aritu naiz GEURIAn eta irakurleek eta ikusleek ikusten ez duten lana zelan egiten den ikasi dut. Orain badakit beste gauza asko egiten komunikabidearen barruan. Eta azken urteko ikasketei esker, lanari dagokion nire zirkulua are gehiago handitu dut, baina oraindik zirkunferentzia guztiz itxi barik.

GEURIAren 100. alea da esku artean duzuna. Zenbaki borobila eta itxia, baina nire laneko borobila oraindik zabalik dago, erronka berrien bila.

Osorik irakurri

Iritziak

Iritzia / Hego Uribeko Laneko Atodefentsa Sarea eratu da

|

Argazkia: Kontseilu Sozialista

Krisi garaia ofentsiba garaia da bereziki; burgesiak gure aurka bideratutako ofentsiba. Eta otzan egon ordez, desjabetuok autodefentsarako mekanismoak sortu behar ditugu. Esparru guztietan, baita laboralean ere. Horretarako sortu genuen Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik laneko baldintzak borrokatu eta hobetzeko tresna, Laneko Autodefentsa Sarea (LAS).

Arlo laboralean ematen ari den egituraketa dela eta, erreminta berriak behar dira proletargo atomizatua antolatzeko. Errepresentazioan eta burokrazian oinarritutako eredu sindikal baten ordez, langileon borroka propioa sustatuko dituen antolakuntza formak behar ditugu. Klase elkartasuna indargune duen antolakuntza oinarri, langileon onurarako diren borrokak abiarazi behar dira.

Hala ere, hobekuntza partzialak ez dira nahikoa; agerikoa baita kapitalismoak okerrerako joera duela, eta garaipen oro desagertu egiten dela urte edo hilabete gutxitara. Beraz, erreformara mugatu beharrean, zinez errealista den politikak ezin du esplotazio tasa “normal” bat legitimatu, esplotazio harremana gailendu behar du.

Zentzu honetan, borroka bakoitzari perspektiba politiko jakitun bat ematea funtsezkoa da, borroka bera orokortzeko. Horregatik, autodefentsa sozialistak osotasun politikoari egiten dio ekarpena langileon zuzeneko interesak defendatzearekin batera; hots, kalitatezko lan baldintza berdinen aldeko borroka, Estatu Sozialistaren norabidean kokatu behar dugu.

Horrela, langileon arteko klase elkartasuna medio, interbentzio politikorako hainbat baliabide eta aukera eskaintzen ditu Hego Uribeko LAS-ek:

  • Lan gatazken gaineko aholkularitza juridikoa.
  • Borroka prozesuak aurrera eramateko laguntza eta babesa.
  • Formakuntzarako baliabideak: kontratu eta nominen irakurketak, erreforma politikoen inguruko azalpenak, eskubide laboralen gidak etab.
  • Auzi laboralen gaineko mobilizazioa eta salaketa politikoa.

Hau guztia hurbilarazteko, aurkezpenak burutuko ditugu kolektibo ezberdinetan Galdakaon eta Basaurin bereziki. Zalantza edo beharrizanik edukiz gero, kontaktatu 613 910 019 telefono zenbakian edo lanekoAS.hegouribe@gmail.com heblbide elektronikoaren bitartez.

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Ohiko estrukturak aldatuz

|

M28ko udal eta foru hauteskundeek egunetako ajea utzi dute herritar askorengan. Politikariengan, ziur, baita kazetariongan ere. Hauteskunde gauean gautxoriak bilakatzen gara: eguneko joan-etorriak, emaitzen gora-beherak, grafikoak han eta hemen, lehen analisiak, kalera irten eta alkategaien lehen adierazpenak jaso… Ordu txikietan, lan eta lan.

Aurten, ostera, GEURIAn hauteskundeak beste era batera kubritzea erabaki genuen: hauteskundeak, hautagaiak eta herritarrak batu eta gurera gerturatzea, ahal dela, era jostagarri batean eta ohiko estrukturetatik kanpo. Hego Uriben 2019ko udal hauteskundeetan ordezkaritza lortu duten alderdietako alkategai guztiekin jarri ginen harremanetan otsailean. 26 alkategaietatik 23k gure proposamena begi onez ikusi eta parte hartzea onartu zuten. Apirilean zehar grabaketei ekin genien: alkategaiak, herriak, egunak eta orduak lotu. Kanpora begira ikusten ez zen lana, baina ziur geunden bere fruituak emango zituela. Batetik, herritarrek alkategaiak 60 segundutan ezagutzeko aukera izan dute. Bestetik, Geuria Txallenge jolasean parte hartu dute ordezkari politikoek: eskualdeko zazpi herriak are gehiago ezagutzeko erronkak eta, bide batez, politikariak beste rol batean ikusteko aukera.

Herritarren parte zabal batentzat politikak oro har duen interes ezak bultzatuta, herritarrak eurak hauteskundeekin lotu nahi izan ditugu. Politikariek egindako txallengeak herritarrei ere zabaldu genituen. Emaitza ezin hobea jaso dugu: 478 parte-hartzaile! Egiari zor, eskualdean ekoiztutako produktuak zozketatu ditugu, Maskiluren eta Barazkiloren eskutik. Ederra pagotxa! Bide batez, zorionak irabazleei, Aritz eta XXXX!

Maiatzeko hauteskundeak oraindik ez dira bukatu, ordea. Ekainaren 17an inbestidura saioak egingo dituzte. Eta bertan izango da GEURIA ere. Ondoren hartuko dugu arnasa apur bat, uztailaren 23ra arte akaso? Horiek lasaiago hartuko ditugu, ziur nago.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Iritzia / 86 urte igaro dira jada

|

Gaur, duela 86 urte Faxistek Galdakao bonbardeatu zuten, Plazakoetxeko babeslekua jo eta laguntzera joan zirenak metrallatu zituzten. Orotara, 24 galdakoztar erail zituzten faxistek eta hilabete batzuk geroago burdin hesia gainditu eta Francoren armadaren menpe gelditu zen herria.

Lehenik eta behin, ezinbestekoa da eraildako herritarrak omendu, emandako gertakariak gogoratu eta bertatik irakaspen politikoak ateratzea. Izan ere, urte asko igaro diren arren, gaur egun adierazpen faxisten gorakada eta estatuaren autoritarizaziorako joerak indar handia hartzen ari diren fenomenoak dira. Funtsean, egungo krisia testuinguruan ematen ari den gizartearen eta estatuaren faxistizazio prozesuaren adierazle zuzenak dira.

Burgesiak, egun bizitzen ari garen krisi testuinguruan sortu daitekeen ezegonkortasuna apaltzea du helburu, independentzia politikoan oinarritzen diren adierazpenak erasotu (eskubide politikoen urraketen bitartez) eta etorkizuneko langileria disziplinamendu mekanismo geroz eta zorrotzagoetan hezteko asmoz (plataforma digitalak, segurtasun kamerak, presentzia polizial itogarria…). Horregaitik, esan daiteke, gobernu faxista ekoizpen eredu kapitalistan gizartea antolatzeko modu konkretu bat dela, krisiaren erreakzio bezala gaurkotu dena, alegia.

Izan ere, faxismoak bizitzen ari garen garai ilun honetan bere programa baztertzailea langileriaren baitan zabaltzea du helburu, proletalgo babesgabearen kontra eginez. Hala nola, komunitate nazionalaren modernizazio bat planteatzen dute. Orden soziala eta ongizatea berreskuratzeko identitate nazionalaren defentsa sutsua egiten dute, klase ertain nazionalaren baldintza ekonomiko eta sozialen okertzearen errudun proletalgo migratzailea aurkeztuz. Honela, subiranotasun nazionala mantentzea ezinbesteko premisa bezala aurkezten dute, estatu aparatuen defentsa sutsu bat proposatuz; finean, biraje autoritarioaren atxikipena lortzeko, Estatua elite ekonomikoek sortutako krisiaren aterabide bezala aurkezten dute.

Gauzak honela, krisiaren aurrean berriro ere metaketa fase bat abiarazteko beharrezkoak zaizkion neurriak aplikatzen ari da burgesia. Ezegonkortasunaren aurrean posizioak indartu eta proletalgoaren dominazioan sakontzen jarraitzeko, krisi testuinguruak bultzatuta (hein handi batean), gizartearen faxistizazioa ematen ari da. Horren aurrean, faxismoa gobernutik bota baino, bere oinarriak suntsituko dituen proiektua, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa, gorpuztea beharrezkoa zaigu. Langileriaren klase batasuna eraiki behar dugu, proletalgoaren interes historikoen arabera antolatu eta botere komunista bat gorpuztea ezinbestekoa zaigu, gizabanakoen askatasun erreala, zapalkuntzarik eta diskriminaziorik gabeko gizartea eraiki ahal izateko.

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Aske bizi

|

Argazkia: Karollyne Hubert,Unsplash

Aniztasuna da gaur egun gizartearen ezaugarri nagusienetako bat. Ez bakarrik kultura aldetik, ale honetan irakurgai duzun Xabier Aierdi soziologo zeberioztarrak GEURIAn eskaini duen elkarrizketan adierazi duen bezala, baizik eta persona aldetik. Azken urteetan eta berezi azken hilabeteetan asko hitz egin da genero-identitateaz. Eta ez moda bat delako —askok gaizki uste duten bezala—, errealitate bat delako baizik. Askorentzat ezezaguna den errealitatea.

Lara Arroyo basauriarra aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dut ale honetan. Transexualitateaz egin dugu berba, non eta Marienean, genero-identitate guztiak errespetatzen den gunean. Errespetua. Hori da beti garrantzitsuena: besteekiko errespetua izatea. Sexualitatearen adierazpen desberdinekiko errespetua sustatu behar dugu, aurreiritziak hautsiz eta lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual edo beste edozein orientazio sexual edo genero-identitaterekiko diskriminazioarekin amaituz.

Emakume indartsua iruditu zait Lara. Bere trantsizioa bakardadean bizi du, baina beti argi izan duena lortu du eta orain zoriontsua da. Oso garrantzitsua da trantsizio-prozesuan dauden pertsonei laguntza eta baliabideak eskaintzea, batez ere beren ingurukoen babesik ez dutenei. Larak 20 urterekin hasi zuen trantsizioa, baina adingabeen transexualitatea ere existitzen da. Trans gisa identifikatzen diren haur eta gazteei entzun eta babesa eman behar diegu. Gizarte gisa, trans komunitatea babestu behar dugu, eta, horretarako, oso garrantzitsua da hezkuntza eta inklusioa, trans pertsonentzat giro ulerkorragoa eta errespetuzkoagoa sortzen laguntzeko. Oso garrantzitsua da nork bere burua onartzea eta nola izan daitekeen zaila geure nortasuna onartzea eta ulertzea, bereziki generoari eta sexualitateari buruzko ideia zurrunak dituen gizarte batean. Horregatik hezkuntza oso garrantzitsua da, errespetua giltza izan dadin pertsona guztiak aske bizi gaitezen.

Osorik irakurri