El Social ezagutu nuen. Basauriarrei oso lotuta zegoen aldizkaria izan zen. Aurreneko Berbaz gehigarriak bide polita ireki zuen. Bost Axolak edizio txukunak atera zituen. Bertan Julen Gabiria eta Gotzon Barandiaran ziren idazle, besteak beste. Euskarazko El Social apustu ederra izan zen. Hantxe hasi nintzen kazetaritzan, 16 urte nituela. Geroago etorri ziren Artandape eta Berbaz, kulturari heldu zioten aldizkariak.
Guztiak desagertu dira. Berbaz, indar betez sortu zen Bost Axolak hartu zuelako bere tokia; Bost Axola, lan antolakuntza faltagaik, agian; El Social herritarren eta elkarteen partaidetza gutxi lortu zuelako; Artandape zor ekonomiko handia zuelako; eta Berbazek agian ez zituelako herritarren nahiak asetu.
Proiektu berri bati ekiteko beharrezkoa da aurretik ibilbide berdina egin dutenen lorpenak eta akatsak ezagutzea. Guk ezagutzen ditugula uste dugu eta orain bidea egitea dagokigu. Zutabe sendoak eraikitzen ari gara, etxea eror ez dadin. Langileon esku dago egunerokoan jardutea, baina guztion laguntza beharrezkoa da urteetan luze irauteko.
