Ikuspegi kritikoa erabilita, eta benetako sexu-harremanen osagarri erabiltzen bada, oso osasungarria izan daiteke pornografia ikustea, bai harremanak aberasteko, bai bikote-harremanen pizgarri, nahiz masturbatzeko behar dugun estimulu hori lortzeko erabiltzen bada. Sexologo gehienek ere, gomendatu egiten dute sarri askotan, zenbait terapia edo tratamenduren barruan. Baina, onar dezagun, pornografia ez da sexu irakaslerik onena, sexuan estreinakoz hasi behar duen gaztearentzat. Hori dela eta, kezkatuta ageri zaizkigu guraso, irakasle, hezitzaile, sexologo, eta hainbat gizarte eragile, izan ere, sexu-heziketa patxadazko baten beharrean, gazteek pornografian bilatzen ei dute, gaur egun, sexu-harremanetan lehenengoz hasteko behar duten informazioa. Kezkatzeko modukoa ere bada, gazteek barneratu beharko ez lituzketen klitxez josita egoten da eta: heterosexuala izaten da, batik bat, agresibo xamarra gehienetan; gizona nagusi, indartsu eta seguru islatzen da; emakumea gizonak agintzen duena egiteko otzan; eta jokabide sexistak, irainak eta ageriko bortizkeria normaltasunez azaltzen dira.
Helduok sobera dakigu pornografia ez dela sexu-harremanen isla zehatza. Pornografia errealitatearen kopia distortsionatua da; estimulu sexual isolatu eta bat-batekoa sortzeko asmoz gorpuztutako antzezpena. Helburua bat-bateko estimulu hori lortzea den heinean (eta gizonezkoena, batik bat), film pornografikoak ohiko harremanek izan ohi ez dituzten ezaugarri komun batzuk izaten ditu aurrekoez gain: koitoaren aurretiazko beroketarik ez da egoten, koitozentrikoa izaten da, aktoreak haragikoi xamarrak izaten dira, titi eta zakil handidunak, jarrera ezinezkoetan ageri zaizkigu sarritan, eta denbora, neurriak, jarraikortasuna eta garapena bera eraldatuta egoten dira muntaian, aldakarituta.
Sexua, bestetik, pertsona biren (edo gehiagoren) arteko harremana da, azken batean, plazer isolatua lortzeko egintza soila baino, eta berezko ditu, horrenbestez, gainerako harremanen baldintza eta ezaugarri guztiak. Hitz egitea, elkar ulertzea eta negoziatzea ezinbestekoa dira, harremana atsegina izan dadin. Intimitatearen baitako errealitate hau guztiau, ordea, ez da inoiz islatzen sketch pornografikoetan, istorioaren gidoia bera aldez aurretik erabakita eta idatzita dagoelako, eta aktoreek badakitelako pauso bakoitzaren ondoren zer datorren. Ez dago zer adostu.
Adituek diotenez, dagoeneko hasi dira sexologia kontsultetan fenomeno honen ondorioak azaltzen: gazteek —neskek, nahiz mutilek— sexu-harremanak filmetan ikusten dituzten horien antzekoak behar dutela ondorioztatzen dute, eta bai batzuek, eta bai besteek horrela jokatu beharko luketela. Itxura fisikoaz lotsatu egiten dira asko —zakil eta titien tamainaz, batez ere—, eta ikusten dituzten jokabide horiek egoki errepikatzeko gai izango ote diren kezkatuta hurbiltzen dira laguntza bila. Harremanetan hasi direnen kasuan ere, nahasmena eta frustrazioa dira nagusi, euren sexu harremanek eta bideoetan ikusten dituztenek ez daukatelako antzik, edo/eta intimitateak berak ikaratu egiten dituelako guztiz.
Bat nator euskal eskola eta institutuetako kurrikulumean sexu-hezkuntza ikasgai bezala sartzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen duten adituekin, baina are urrunago joan beharko genukeela uste dut. Pornografia hor dago, eta alferrik da gazteei ezkutatzen saiatzea; ikusten dutenaren gaineko kritika egiten ikasi behar dute, eta horretarako beharrezkoa da pornografia-heziketa zuzena; fantasia onargarria da, alegia, ez da ezer gertatzen noizean behin sexu agresiboa, edo titi nahiz zakil handiak ikusteko gogoa izateagatik, baina horrek ezin ditu benetako harremanak baldintzatu, eta ezinbestekoa da hausnarketa hori egin, eta ikusten dutenaren eta errealitatearen arteko aldea zein den argi izan dezatela, frustrazio, zalantza, kezka eta beldurrak saihesteko. Gainera, aurreiritzi moralak albo batera utzi, eta eduki pornografiko osasungarria eskura izan dezatela sustatu beharko genuke: emakumearen irudi duina erakusten duena, diskriminazioa gainditzen duena, askotarikoa, gorputz diferente asko erakusten dituena… Dibertsitatea, berdintasuna eta rollo ona erakusten duena. Sexuaren ikuspegi naturala garatu, eta pornografia fantasia gisa erabiltzen ikasten dutenean soilik lortuko dute eta, sexu-harremanekin benetan gozatzen.
